Hautesontziak goizeko 09:00etan hasi eta gaueko 20:00ak arte zabalik izango dira Adunako elizan, Amasa-Villabonako pilotari kaleko 2 zenbakian, Asteasuko plazan, Larraulgo elizan eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan (Elbarrenan).
16 urtetik gorako edozein herritarrek bozkatu ahal izango dute. Botuemaile bakoitzak bere nortasuna, adina eta bizilekua egiaztatu beharko du.
Herritar bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du, sistema informatiko batek galerazi egingo baitu identifikatutako pertsona bakoitzak behin baino gehiagotan bozkatu ahal izatea. Galdera honakoa da: "Nahi al duzu estatu burujabe bateko herritarra izan? ¿Quieres ser ciudadan@ de un estado vasco soberano?".
Zentsoa honakoa da: Adunan 365 biztanle, Amasa-Villabonan 4925, Asteasun 1200, Larraulen 192 eta Zizurkilen 2484.
Parte hartze datuen berri egunean zehar ematen arituko badira ere, herri galdeketaren lehen balorazioa Tolosan egingo dute iluntzeko 20:30ean, eta behin betiko datuak 22:00etarako ematea espero dute.
Asteasun, Zizurkilen eta Villabonan hainbat ekitaldi antolatu dituzte igandean zehar. Asteasun kalejira, giza-katea edota herri bazkaria (bakoitzak berea eramanda. Amasa-Villabonan kalejira, dantza eta musika ekitaldiak egun osoan zehar. Zizurkilen pintxoak eguerdiko 12:00etan hasita eta musika egun osoan zehar. Webgune honetan herriz herriko ataletan ikusgai dago egitaraua, xehetasun osoz.
Nondik nora dator igandeko herri galdeketa? Erabakitze eskubidea defendatzen duen Gure Esku Dago ekimenaren ildotik Tolosaldean “Tolosaldeko Giltzarria” ekimena sortu zen, martxoaren 19ko prozesua ahalbidetzeko. Helburu nagusia bere izaeran dago: Kontsulta herritarra, parte hartzailea, anitza eta gardena izatea nahi dute.
Nork sustatu du igandeko herri galdeketa? Igande honetan gauzatuko den herri galdeketa 2016ko ekainaren 4an abiatu zen ekimenaren aurkezpenarekin. Kultur, kirola eta gizarte mailako berrehun eragilek babestu zuten aurkezpen hura. Prozesuaren alde eskualde osoan 6.219 sinadura lortu dituzte eta, besteak beste, lan munduan atxekimendu zabala lortu du.
Sare sozialetan parte hartu nahi duen herritarrari #m19erabaki traola erabiltzeko aholkua luzatu die antolaketa taldeak.
Tokikomeko 28 kanala telebistak eta Aiurri hedabideak herri galdeketaren jarraipena egingo dute. Tokiko telebistak 22:00etatik aurrera emitituko du. Aiurri.eus gunean eta Aiurriko sare sozialetan egunean zehar eta iluntzetik aurrera informazioa eguneratzen joango da.