Udal Musika Eskolako Bandaren hogeigarren urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 17a, 01:00

Aparteko kontzertuarekin ospatu nahi du Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandak bere XX. urteurrena. Egungo Banda osatzen duten musikariak eta iraganean osatu dutenak, denak Basteron bilduko dira errepertorio anitzeko kontzertua eskaintzeko. Prestaketa lanetan ahalegin berezia eskatu dien kontzertua izango da Bandak Basteron martxoaren 24an eskainiko duena.

Bi partetan banatuko da emanaldia. “Lehenbiziko zatia, gaur egungo Bandak osatuko du, bere 20 urteko historian izan dituen lehenbiziko hiru zuzendariekin, hots, Aitor Gaston, Gorka Mujika eta Mirari Irurzunekin. Kontzertuaren bigarren zatian, egungo Banda horri iraganean kide izan dituen musikariak gehituko zaizkio, eta niri tokatuko zait zuzendaria izatea”, azaldu zuen Mikel Emezabalek.
Arrazoi bat edo beste zela medio Bandan jarraitzerik izan ez zuten kide ohiek kontzertu honi begira erakutsi duten prestutasuna azpimarratu nahi du Emezabalek: “Gonbidatu ahala, poza eta ilusioa agertu dute guztiek, eta gehienek eman digute baiezkoa; ez genuen espero gure planteamenduak hain harrera ona izango zuenik”.   

85 musikarien kontzertua
45 bat kidek osatzen dute egungo Banda, eta gonbidatuekin, guztira 85 bat instrumentu jole batuko dira Basteroko oholtzan. Horrenbeste musikari eta hiru zuzendari ohi elkartuta ikustea kontzertuak daukan aparteko pizgarrietako bat izan daiteke.
Baina baditu gehiago musika zuzenean maite duen edonorentzat. Hain zuzen ere, egitarauan, Tchaikovsky konposatzailearen “1812 obertura” izeneko pieza joko dute. Abestiak badauka bere apartekotasuna, Emezabalek zehaztu duenez: “Orkestra sinfoniko bati begira konposatutakoa da, zailtasun handikoa. Gure Banda ez da profesionala, eta egundoko ahalegina eskatu digu hura menperatzea. Aurtengo ikasturteko erronka izan da guretzat; bandaren ibilbidean urrats kualitatiboa dela esan daiteke. Kide guztien konpromisoa eskatu du, eta polita izan da entseguen prozesua jarraitzea. Basteroko auditoriora hurbiltzen diren entzuleek daukate azken hitza, baina erronka gainditzekotan gaudela iruditzen zaigu”.

Bandaren tradizio handia Andoainen
XIX. mendearen hondarrean sortu zen Andoaingo Udal Musika Banda, eta harrezkero historia oparoa eduki zuen XX. mendean zehar Eulogio Saldias, Alberto Agirre eta Luis Fraca zuzendarien eskutik, harik eta 70ko hamarkadan desegin zen arte. 1997an berreskuratu ahal izan zen Banda Mikel Mate, Aitor Gaston eta beste zenbait musika irakasleen eta Garbiñe Egibar kultura zinegotziaren ahaleginari esker. Harrezkero, ehundik gora emanaldi egin ditu auditorioetan zein kalean, eta formatu anitzetara egokitzen jakin duela erakutsi du; horren froga dira, besteak beste, Oskorri taldearekin eta Pirritx eta Porrotx pailasoekin batera egindako emanaldiak.
Urte horietan guztietan Andoaingo musikari gazte eta heldu ugari Bandako kide izan da noizbait. Udal musika eskolako musikari askorentzat ikasten eta sakontzen jarraitzeko leku bikaina suertatu da. 
Lau musikari dira hasiera-hasieratik jarraitzen dutenak Bandan, Aingeru Zabala, Maria Carrera, Eider Jalon eta Mari Carmen Cayetano. Ez da batere lan samurra 45 musikarik osatutako taldea bide onetik eramatea, baina klarinetea jotzen duen Cayetanok aipatu du non egon daitekeen sekretua: “Bandaren hastapenetan adin diferentziak handiak ziren kideen artean; batzuek aurreko aroan Luis Fracaren Bandan parte hartu zutenak zeuden, eta geu berriz gaztetxoak ginen, oraindik ikasten ari ginenak. Nolanahi ere, oso harreman ona eduki genuen guztion artean; ez zen bereizketarik egon. Izan ere, giroa sanoa eta jatorra denean erraztu egiten dira gauzak; ilusioz joaten zara entseguetara eta gogoz betetzen saiatzen zara Bandarekin hartuta daukazun konpromisoa. Gainera, geroztik atzetik etortzen diren gazteekin gurekin zaharragoek jokatu zuten eran jokatzen saiatzen gara, zainduz eta behar denean lagunduz. Gehiago esango 
dut, orain datozkigun gazteek egundoko maila daukate, eta batzuetan alderantziz gertatzen da, eurek izaten dira guri erakutsi behar izaten digutenak”.
Andoni Alduncin saxofoi jotzailea da azken aldian Bandarekin bat egin duen azken gaztea, eta Mari Carmen Cayetanok esandakoa berrestera dator: “Berehala integratu naiz Bandan, ez dut inongo zailtasunik topatu bidean. Bandan sartu aurretik gauza handia zela ikusten nuen Bandak errespetua sortzen zuen. Ohorea behar zuela izan bertan jotzea iruditzen zitzaidan, eta orain barrutik ezagutzeko aukera daukadalarik, berdin pentsatzen jarraitzen dut”. 
Alduncin bezalako musikari gazteen jarrerarekin, ikusita dago aspaldi gainditu zela 70eko hamarkadan Andoaingo Banda desegitea eragin zuen arrazoietako bat, hots, musikari gazteek Banda musika formatu zaharkitutzat jotzea.

Maila handiko Banda
Bandak egun daukan musika mailaz galdetuta, Emezabal zuzendariak ez du zalantzarik agertzen: “Hamabi bat urtetik hona igartzen da Bandak talde homogeneoa osatzen duela. Hasierako urteetan, ezberdintasunak nabarmentzen ziren kide batzuen eta besteen artean, beteranoen eta ikasleen artean esan nahi dut. Gaur egun ez da horrela gertatzen. Gora egin du musikarien arteko parekotasunak eta konpenetrazioak, eta horri esker, bandak sonidoan irabazi egin du”. 
Mikel Emezabalek zein Mirari Irurtzunek uste dute Andoaingo Banda betetzen duela funtzio jakin bat. “Musikariek musikarekin gozatzeko aukera emateaz gain, Bandak musikazaleei kalitatezko eskaintza ematen die” adierazi du Emezabalek. Zera gaineratu du Irurtzunek: “Gauza zoragarria da hainbat instrumentu elkartzea eta ikuspegi akustiko batetik soinu natural bat eskaintzea, horren ondo armonizatuta dauden musika piezak entzuleen gozagarri jartzea”. 
Andoaingo herriak halako Banda puska edukitzea beti ez dela behar bezainbeste baloratu aipatu du Mari Carmen Cayetanok. Ostiraleko kontzertu berezia zenbait andoaindarrentzat herri batek kalitatezko Musika banda edukitzearen balioaz jabetzeko baliagarria izan daitekeela uste du.
Cayetanok Banda osatzen duten musikari guztien izenean gonbidapena luzatu die andoaindar guztiei, ostiraleko hitzordura hurbildu daitezen.

Sarrera doan
Martxoaren 19tik aurrera, larunbatarekin, eskuratu ahal izango dira gonbidapenak Basteroko harreran. Sarrera doakoa izango da. Bi egun lehenago, Xabier Huitzi Bandako kideak hitzaldia eskainiko du.

 

Musikari ugari igoko da taula gainera

Bandako kideak: Hauexek dira Basteroko emanaldian zuzenean arituko direnak: Ander Julian, Ander Otxoa, Claudia Alduncin, Eider Iturriondobeitia, Eider Jalon, Eneko Aldaz, Garbiñe Guedejo, Irene Requeijo, Jose Luis Perez, Josu Otxandorena, Maren Petrikorena, Mari Cayetano, Maria Carrera, Miren Imaz, Uxue Iturriondobeitia, Igor Ruiz, Agustin Mazkiaran, David Gutierrez, Maria Rubio, Jorge Garcia, Nerea Alonso, Ainhoa Urkola, Txisti Ariztimuño, Mikel Alcantara, Maider Tapia, Xabin Mujika, Xabier Huitzi, Estibalitz Zubeldia, Leire Izagirre, Nerea Alonso, Edu Fraile, Elena Gorrotxategi, Juanfe Moyano, Andoni Alonso, Aitor Alkain, Aingeru Zabala, Txitxu Castro, Andoni Alduncin, Jose Ramon Berrondo, Jaime Eguzkitza, Xabier Ibarguren, Koldo Salaberria, Xabier Otamendi, Arantxa Irigoras, Joxeba Huitzi, Iñaki Urruzuno, Julen Barrio eta Mikel Emezabal (zuzendaria).
Gonbidatu bereziak: Emanaldia berezia denez, hainbat kolaboratzaile zuzenean arituko dira. Askotxo dira, hauexek: Andoni Beriain, Goretti Otegi, Xabier Ucin, Jasone Etxebeste, Mikel Mate, Asier Lizaso, Ana Belen Garcia, Amets Etxeberria, Eugenio Delgado, Imanol Iribarren, Carlos Rubio, Dorleta Huitzi, Odile Txueka, Elias Ucin, Nerea Hernandez, Aitziber Zulaika, Aitor Alcantara, Iker Gomez de Segura, Jesus Mari Beristain, Iñaki Aierbe, Joxema Setien, Asier Guerrero, Ane Botas, Amaia Gibelalde, Marixi Sesma, Eneko San Jose, Ibon Manterola, Mirari Ucin, Elisabet Arrese, Ivan Vicente, Jose Luis Fitero eta Iñigo Muñoz.

HITZORDUAK

Bandaren ibilbidea. Hitzaldia eta emanaldia: 
Xabier Huitzik Bandaren ibilbideari buruzko hitzaldia eskainiko du. Bandako kidea izateaz gain, Andoaingo musika historiaren ezagutza handia du. 2012ko Leiçaur 12 aldizkarian Andoaingo Bandaren historia bildu zuen. Mugaz taldeak ekitaldian parte hartuko du.
19:00. Bastero, ekitaldi aretoa.
Martxoak 22, asteazkena.

Kontzertua:
Emanaldi berezia eskainiko dute, hogei urteko ibilbidean izan diren lau zuzendarien parte hartzearekin. Mikel Emezabal, Gorka Mujika, Aitor Gaston eta Mirari Irurzun zuzendarien esanetara bandako kideez gain, gonbidatu berezien parte hartzea iragarri dute.
21:30. Bastero, auditorioa.
Martxoak 24, ostirala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!