Larraul-Ernio-Larraul, igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 17a, 01:00

10:30etan abiatuko dira korrikalariak Larraulgo plazatik.  Izen-ematea zabalik da, gaur arte, kirolprobak.com webgunean eta egunean bertan ere izango da horretarako aukerarik. Kamel Ziani korrikalari oriotarra izango da aurtengo omendua.

Urtez urte, sendotuz eta oihartzuna hartuz ari da Utseta elkarteak, Larraulgo Udalaren laguntzarekin antolatzen duen Larraul-Ernio-Larraul lasterketa. Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa eta igandean burutuko da, ohi bezala, igandearekin. Goizeko 10:30etan abiatuko dira korrikalariak Larraulgo plazatik. Ernioko tontorreraino egingo dute bidea eta handik jaitsiera, berriz ere irteera lekura arte. Guztira 15,5 kilometroko bidea eta 812 metroko desnibela ditu ibilbideak. Paraje ederretatik barrena igarotzen da lasterketa, baina zorrotza ere bada eta korrikalariak ondo prestatuta egotea eskatzen du.

2012. urtean Hassan Ait Chaou korrikalari billabonatarrak 1’ 09’ 51’’ko denborarekin egin zuen errekorra, gizonen mailan. Emakumeen saileko denborarik onena ere urte berean jarri zuen Nerea Amilibia korrikalari aiarrak: 1 28’ 07’’ko denbora eginez. Denbora horiek berdindu edo hobetzeko saiakeran hartuko du parte hainbat korrikalarik, baina lehia saihestuz, modu lasaiagoan ibiliko dira beste asko eta asko.

 

Izen-ematea zabalik

Izena emateko epea martxoaren 17an amaituko da www.kirolprobak.com webgunean. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena Larraulgo plazan. Baina aurrez izena ematen duenak 10 euro ordaindu beharko ditu eta 15 euro, egunean bertan egiten duenak. Parte hartzaileei begira, 200 lasterkaritan jarrita dago muga eta antolatzaileek adin tarte zabala hartzen dute aintzat: 15 urtetik 100 urtera bitarteko korrikalariek har baitezakete parte.

Froga amaitu ondoren, parte hartzaile guztiek dutxa beroa eta masajea hartzeko aukera izango dute, urtero bezala, Larraulgo Hezkide etxean. Ondotik, hamaiketakoa ere eskainiko zaie Katillutxulo elkartean.

 

Omenduak

Larraulgo lasterketa honek badu beste berezitasun bat; hain zuzen, urtero korrikalariren bat omentzen dutela froga abiatu aurretik. Omenaldia jasotzen duen korrikalariak ematen dio lasterketari hasiera eta froga amaitu ondoren, sariak banatzeaz arduratzen da. Hauexek izan dira orain arteko omenduak:

 

  • 2011: Koldo Irazu
  • 2012: Joxe Migel Irazu
  • 2013: Joxe Migel Maiz
  • 2014: Pello Garin
  • 2015: Juan Mari Garin
  • 2016: Koro Fuentes

 

Kamel Ziani, aurten

Kamel Ziani Huasisi, Marokon jaio arren, urte luzetan Orion bizi den korrikalari ezaguna omenduko dute aurtengoan Larraulen. Maratoietan aditua da Ziani eta bere markarik onenen artean, 1997 urtean, 2 10’ 18’’ko denboran egin zuen Amsterdamgo maratoia. Handik hiru urtera, 1 02’ 56’’ behar izan zituen Amsterdamgo maratoi-erdia egiteko. Besteak beste, Sevillan egin zuen 5000 metrotan bere denborarik onena, 1998 urtean: 13’ 59’’. Ia hogei maratoitan hartu du parte eta 2003an, Gasteizko maratoia irabazi zuen. 

Pistan ez ezik, krosean edota proba herrikoietan ere maiz parte hartutakoa da. Esaterako, 1999an Behobia-Donostia lasterketan hirugarren postuan helmugaratu zen.

Martxoaren 19an, beraz, bere ibilbide osoa gogoratuz, omenaldi goxoa jasoko du Kamel Zianik Larraulgo plazan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!