Itzalpetik atera, euren ereduarekin itzala emateko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 16a, 01:00

Eguzki izpiek gogor jo zuten larunbat eguerdian, “Martxoak 8, 8 emakume’ kalejira egin zen bitartean. Andoainen urteak daramatzate itzalpean ari diren emakumeen lana argitara ateratzen. 2017an beste zortzi gehiagoren lana nabarmendu zuten. Itzal luzeko emakumeak guztiak, gizartearentzat eredu izateraino.

Kronika:

Berdintasunaren aldeko kalejirak Bastero, Kiroldegia eta Kale Nagusia zeharkatu ondoren Goikoplazara iritsi zen. Eta han emakumeen puzzlea osatu zuten, zortzi pertsona eta taldrei eskainitako omenaldi ekitaldiarekin. Dantza eta musika saioek osatu zuten, Jone Larrañagak aurkeztutako ekitaldia. Lehenik eta behin Deiadar elkartekoak omendu zituzten, eurei esker Andoainen urtean dagoen ekitaldirik sonatuena egiten baita: Andoaingo Piano jaialdia. Euskal Herri osoko eskola eta piano jotzaileentzat ezinbesteko erreferentzia da. Ardura nagusiena hiru andoaindarrena da, hirurak emakumeak: Ainhoa Aiertza, Txitxu Castro eta Myriam Ulanga.
Haien atzetik emakume borrokalari bat nabarmendu nahi izan zuten: Angela Velo. Sekula amore eman ez duenaren adibidea da, ia bizitza osoa gaixotasun larria duen alabari eskaini baitio. Edonor hunkitzeko modukoa da bere kasua. Ez zaio atzean geratzen Maite Belamendia herri langilea. Udal brigadan lan egiten duen emakume bakarra da. Ez da batere erraza izan bere ibilbidea, baina gaur gaurkoz lankideen errespetua irabazi duela esan daiteke. Bere lanaz harro dago, eta biziki maite duela aitortzen du. Larunbat eguerdian erabat hunkituta agertu zen. Senideak ondoan bazituen ere, zeruari keinu eginez gogoan hartu zituen mundu honetan falta zaizkion gurasoak edota semea.
Berdintasunaren bidean lan munduan zeregin asko dago egiteko. Kirolean, adibidez, urratsak ematen ari dira azken aldi honetan. Leizaran eskubaloi taldea horren eredu da, eta horregatik aurtengoan Andoaingo kirol talde horri omenaldia egin zaio. Taldearen izenean omenaldia jaso zuten Eva Gutierrez lehendakariak eta Haize Irulegi eta Toñy Lopez zuzendaritza taldeko kideek.
Elkartasunean eredu da Beatriz Amondarain. Berari eta Caritas taldeko beste hainbat lagunei esker, beharra duten familia askori elikagaiak, arropa eta heziketa eskaintzen dizkiete. Eta baita ere gertutasuna ere. Ezinbestekoa da haien lana, garai zail hauetan.
Miren Etxezarreta, kanpokoen begiradapean, borrokalaria eta heroia izatera irits daiteke. Ezberdina da gurpildun aulkian bizi beharra duelako. Baina berak ordea naturaltasun osoz darama bizimodu hori, eta Basteroko aurkezpen ekitaldira hurbildu zirenei algarak eta negar malkoak, biak, azaleratu zizkien. “Bizitza honetan ez nago negar egiteko” adierazi zuen, bertan zirenen txalo zaparrada jasoz. Larunbateko kalejiran pozarren zegoen, irribarrea ahotik kendu ezinik.
Kontxi de la Fuente egonkortasunaren ispilu da. Duela 40 urte etorri zen Andoainera bizitzera, eta gaur gaurkoz Ondarreta ikastetxeko erreferentziatakoa da. 18 urtez zuzendari lanetan ari da, Andoaingo hezkuntza komunitateetako baten arduradun nagusi bezala.
Kultur mailan, kalejiraren antolatzaileek Batukada feminista omendu zuten. Duela urte batzuk ahalduntze eskolatik abiatu zen taldea, eta geroztik hainbat agerpen egin ditu jendaurrean. Larunbatean, nola ez, talde handi samarra, musika trasteak soinean, kalejiran parte hartzera hurbildu zen.
Andoaingo plaza nagusian beste zortzi emakume edota talderen lana azalerazi zen, berdintasunaren bidean eredugarri direnak. Ekitaldi polita da, eta hainbat herrikideren lana itzaletik argira ateratzeko behar beharrezkoa da.
Argazkiak, bideoa: Aiurri.eus

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!