Berdintasunaren bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 16a, 01:00

“Pertsona zapaldu eta oprimitu guztien alde egiten duen mugimendua da”, honela definitzen dute feminismoa Marimore Urnietar talde feministako kideek. Oinarrian ideia hori izanik, eta herritarren galdera zein zalantzen inguruan eztabaidatu eta pentsaerak zabaltzeko prest daudenez, larunbat arratsaldean Urnietar batzuekin batera egin duten dokumentalaren inguruan hitz egiteko solasaldia antolatu zuten Lekaion.

Bilgune horretara adin guztietako herritarrak gerturatu ziren eta hizlariek dokumentalaren inguruan hitz egiteko tartea zabaldu zuten, guztien artean giro erosoa sortuz. Noski, iritzi ezberdinak azaleratu ziren bertan, baina guztiak ongietorriak  izan ziren. Hainbat kontzeptu izan ziren berriketaldi horretan hizpide, hala nola, erabakia, betebeharra, eskubidea, zapalkuntza eta hezkuntza. Hitz potolo guzti horietatik honako ideia hau ondorioztatu zein gailendu zen: eskubide berdinen aldeko borroka.

Bestalde, dokumentalean, familia, ezkontza eta feminismoa bezalako kontzeptuak ere azaleratzen ziren eta baita herritarrek horien inguruan esateko zutena ere. Familiaren inguruan, babesa transmititzen duen gertuko jende bezala definitzen dute. Ezkontza, ordea, legearen baitan ingurukoak babesteko modua bezala. Feminismoari dagokionez, lehen aipatutako ideiari indarra eman zitzaion berriz ere, eskubide berdinen aldeko borrokari, hain zuzen ere.

Feminismoa sarritan gai arrotza egiten da eta benetan interesgarri dira horrelako bilguneak sortzea, egindako lana islatu eta herritarren iritzia zein hitza kontuan hartzen direlako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!