Erdi Arora bidaia, Maiatza Saltsan ekimenaren baitan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 14a, 01:00

Erdi Arora itzuliko da Zizurkil maiatzaren 20an. Garai hartako lanbideak, jolasak edota janzkera irudikatuko dituzte, besteak beste, herritarrek.

Herritarrekin eta herritarrentzat prestaturiko egun osoko jaia izango da maiatzaren 20an Elbarrenan egingo dena. 2015eko herri antzerkiak utzitako aho zapore gozoa berritzeko gogoak piztu du txinparta. Ilusio horrek bultzatuta, astero-astero biltzen da herritar talde bat maiatzeko jaia prestatzen joateko. Matti Navas talde horretako eragileetakoa da: “Zizurkilek herribildu izaera lortu zueneko 400 urteurrenaren harira, herri antzerkia egin zen herrian. Oso giro polita sortu zen orduko hortan. Adin guztietako herritarrak elkarlanean aritu ginen eta emaitza zoragarria izan zen. Aho zapore ederra utzi zigun guztioi. Argi geratu zen gisa horretako ekitaldiak antolatzeko, ez genuela kanpoko inor ekarri beharrik eta zizurkildarron artean oso gauza politak egin genitzakeela. Ildo horretatik etorriko da aurtengoa Erdi Aroko jaia ere”. Maiatzaren 20ko jaiak pisu handia izango badu ere, herritarrek elkarlanean egingo duten bidearen garrantzia ere azpimarratu nahi izan dute. 
 

Atxulondo, abiapuntu

Teodoro Hernandorena kultur taldeak ekarri zuen gaia kultur batzordera. Joxin Azkue eta Julian Arrastoa kultur taldeko kideak dira eta gogoan izan dute nola sortu zen ideia: “Herriko historia, etnografia, toponimia edota kultur ondarea berreskuratu eta zaintzea da gure taldearen xedea. Atxulondo burdinola gure herriko ondarearen zati garrantzitsua da, eta naturgune ikusgarrian kokatuta dago gainera. Herritar askok, ordea, ez du ezagutzen. Irteerak egin izan dira, baina ekimen horiek ez dira, normalean, herritarren gehiengoarengana iristen. Gaia kultur batzordean aurkeztu, eta burdinola ezagutzera ematearekin batera, herri antzerkiak sortu zuen saltsa hura berritzeko aukera emango lukeen ekitaldia presta zitekeela pentsatu genuen”. 

Kultur batzordean ideia aurkeztuta, herriko eragile ezberdinekin biltzea izan zen hurrengo lana. Maite Amenabarrek azaldu duenez, “ikastetxeak, musika eskola, dantza taldea…, herriko taldeetako ordezkariekin bildu ginen, ideia aurkeztu eta ekimenari forma ematen hasteko. Astero egiten ditugu bilerak, ideiak bateratu eta festa osatzen joateko”. 

 

Parte hartzeko aukera, zabalik

Eragile taldea lanean ari da dagoeneko. Lan ezberdin asko dago egiteko; jantziak, antzerkia, postuak, musika… “Ardurak banatuta ditugu, eta aurrerantzean, herritarrak gerturatzen joaten zaizkigun heinean, talde batera edo bestera bideratuko ditugu, haien interesen arabera”, azaldu du Maitek. Datozen egunotan jarriko dituzte martxan lantalde horiek eta dagoeneko, zabalik dago izena emateko aukera. Iker Urruzolak azaldu duenez, “Udal bulegoetan egin daiteke izen-ematea. Horrez gain, nahikoa litzateke gutako edozeinengana gerturatzea. Dagoeneko jendea hasi zaigu interesa azaltzen”. 

 

Laguntzeko moduak

Joan zen urtarrilean egindako aurkezpen ekitaldiak eragina izan du jendea mugiarazteko garaian. Herritar asko gerturatu zen aurkezpenera eta geroztik, Ikerrek azpimarratu duenez, eskaintza ezberdinak iritsi zaizkie talde eragileko kideei. “Jendea galdezka ari zaigu; nola lagundu dezakeen, zer behar den, nolako jantziak behar diren… Esan beharra dago, baita ere, antzerkian parte hartzeko gogorik ez duenak ere, izango duela laguntzeko modurik. Egunean bertan postuak jarri eta kendu egin beharko dira, gauzak garraiatzeko ibilgailuak ere beharko ditugu…, oso modu ezberdinetara parte hartu ahal izango da maiatzeko ekimenean eta dagoeneko hasi zaizkigu gisa horretako eskaintzak ere iristen. Zizurkildarron festa izango da maiatzekoa eta hori zabaldu nahi genuen aurkezpen egunean”. 

 

Egun osoko festa

Egun osoko ekitaldia izango da maiatzaren 20koa eta Elbarrenak itxura berria hartuko du egun horretan. Azaldu dutenez, “antzezlan baten barruan joango da eguna. Postuak egongo dira, garai bateko lanbideak erakusteko gunea ere egongo da, baita jolasen gunea ere. Guztia, ordea, istorio batek bateratuko du”. Gidoia prestatzeko lanak martxan dituzte dagoeneko eta horren arabera ari dira gune ezberdinak antolatzen. Erdi Aroko bazkaria ere jarriko dute gozagarri maiatzaren 20an. Mahai tresnarik gabe bazkalduko dute gerturatzen direnek, lurrezko ontzietatik, eta otordua ere garaiari lotutakoa izango da. 

 

Festa eta gehiago

Erdi Aroko festa maiatzeko ekitaldirik potoloena izango da, baina ez bakarra. Martxoan bertan hasiko dira motorrak berotzen, Aiako Agorregiko burdinolara bisita eginez. Martxoaren 26an egingo dute bisita hori. Maiatzean zehar ere, Atxulondoren inguruko hitzaldia, bisitaldia eta beste zenbait ekitaldi ere aurreikusten da. Burdinolaren inguruko argitalpena ere kaleratuko dute ordurako. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!