Herriartekoa

Andoain Gipuzkoako Herriarteko txapelketatik kanpo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 27a, 02:00

Andoaingo Punttuka taldea eta Irungo Txingudi II bertsotan norgehiagoka aritu ziren joan zen ostiralean, Irunberri tabernan. Irungo taldea irten zen garaile, 13-11, eta beraz, berak egin du aurre Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, Andoaingoa kanporatuta geratu den bitartean.

Bi taldeek afalostean ekin zioten saioari, bertsozalez lepo jarri zen Irunberrin. Andoain ordezkatuz, Aritz Eskudero, Jon Eskudero eta Ion Beloki; Txingudiren izenean, berriz, Aitor Errazkin, Manu Goiogana eta Egoitz Zelaia. Umorea izan zen nagusi ordu bete pasako saioan kantatu zituzten bertsoetan. Epaile lanak Arkaitz Lasartek, Rober Brosak eta Eneko Santxezek egin zituzten.

Agurrean, nork bere abestia prestatuta ekarri zuen, aurkariari adarra jotzeko asmotan. Andoaindarrak gogor astintzeko asmoz heldu ziren txingudikoak. Honelaxe definitu zituzten etxekoak, ezkutatu gabe probokazio puntu batekin: “Bi eskudero, bi monigote/Beraz bestea zalduna ote?/Beti galduta trotea trote/Bi Santxo Panza ta Ion kixote”.  Kanta polita eta entzungarria osatu zuten Andoaingo pertsonaje publiko eta musika talde ezagunak aipatuz, hala nola, Joseba Arregi, Angel Alkain, Aitor Mendiluze, Jokin Sorozabal, Bap, Kauta, Inoren ero ni…

Sarrerako atale horretan, Eskudero anaiek eta Belokik Brinkolatik Irunera doan Renfeko trenik zaharrena erabili zuten parodiarako gaitzat, horretarako Mocedadesen “El chacacha del tren” doinua ahotan hartuta. Herriz herri gertatzen ziren pasadizoekin, txantxa gogoangarriak eraman zituzten bertsoetara.

Hortik aurrera, denetariko gaiak entzun ziren saioz saio, Unai Ormaetxea gai jartzailearen aginduetara.

Zortziko handiko ariketan, Ion Beloki eta Egoitz Zelaia baserri batean jaio diren anaien paperean jarri zituzten; batek baserria saldu nahi zuen, besteak ez.

Zortziko txikian, Aitor Errazkinek Aritz Eskudero McDonalds batera eraman zuen aurreneko zitan, toki polit batera joango zirela agindu eta gero.

Hamarreko txikian, Manu eta Jon Eskudero, biak euskaltegiko ikasle berriak izan ziren; Korrika-ko kilometroa erosi ondoren, lekukoa hartzeko trantzean zeuden, geroz eta gertuago zutelarik korrikalarien tropela.

Puntukako tartean, Aitor Errazkinek eta Ion Belokik jardun zuten. Bakarkako saioan, berriz, Jon Eskudero eta Manu Goiogana aritu ziren. Eskuderori honako gaia jarri zioten: “erantzun gabe utzi duzu denbora gutxian zenbaki beretik egin dizuten hirugarren deia”. Hona kantatu zituen bi bertsoak:

Kazetaritza ikasi nuen

nire gustuen harira.

Eta sei urte mantso joan ziran

pentsatuz gero neurrira.

Gero Berrian lanean hasi

ta hamaika tirabira.

Baina halare euskalduna naiz

eta ezin erretira.

Ta mobilean eunero deika

Diariovaskotik ari da (bis).

 

Diariovascon sartu ezkero

afalostean purua,

piszina ertzean eguzki azpian

ikusiz nere burua.

Hilean bi mila euro kobratu,

zeinen gauza segurua.

Baina euskaldun jarraitzea da

nik daukadan helburua.

Jakintzazue bizitza hontan

dena ez dela dirua (bis).

 

Manu Goioganari honako gaia jarri zioten: “mobilean dauzkazun argazkik ikusten hasi eta espero ez zenuen batekin egin duzu topo”.

Hurrengo bertsoaldian, Egoitz Zelaia eta Haritz Eskudero jarri zituzten lanean. Elkarri oinak emanda, hamarreko handian, bi bertso osatu arte. Saio honetan bi bertsolariek lortu zuten Andoain-Irun neurketak goren maila, beharbada.

Kopletako txandan, Andoaingo ordezkariei mantal zuri bana jantzarazi zien gai jartzaileak, eta patatari edo furgo-farrako langile gisa goizeko bostetan ikusten ari ziren panorama deskribatu behar izan zuten. Irungo hirukotea, ostera, euren herriko inauterietan murgildu zen, mozorro onenaren txapelketako finalean; nork bere arrazoiak bota behar izan zituen txapela irabazteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!