Ni mutila naiz, ni Iker naiz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 14a, 01:00

Azaroan utzi zion Ekiñe izateari, Iker izateko. Nesken sexu organoak baditu ere, Iker Mariezkurrena Zubillaga andoaindarra mutikoa da.

Ezkutatutako errealitatea izan da haurren transexualitatea. Oso urte gutxi dira gaia azaleratzen hasi zela eta pixkanaka, gizartea jabetzen ari da badaudela potota duten mutilak eta zakila duten neskak. 

2013ko urtarrilean jaio zen Ekiñe Mariezkurrena Zubillaga. Emakumezkoen sexu organoak ditu, baina hiru urte bete aurretik hasi zen mutila zela esaten. Leire Zubillaga amak azaldu du prozesu haren hasiera: “Giza gorputza lantzen hasi ziren ikastolan, 2015eko azaroan. Giza gorputz biluziak azaltzen zituzten marrazkiak erakutsi zizkieten eta gorputz bakoitzaren inguruko azalpenak eman; neskek potota dutela eta mutilek zakila. Momentu hartan bertan hasi zen etxean bera mutila zela esaten”. Jolas edo rol modura hartu zuten gurasoek lehen adierazpen hura, “izan ere, oraintxe esaten zuen mutila zela, oraintxe tximeleta zela, edo auto gorria...”. Haurrak, ordea, geroz eta maizago esaten zuen mutila zela. “Hasiera hartan, ezetz esan genion; potota zeukanez neska zela azalduz. Ez genuen ulertzen zergatik horrenbestetan errepikatzen zigun mutila zela”.

Ekiñek, hala ere, ez zion utzi mutila zela esateari. “Pasako zitzaiola esaten zigun jende askok, momentuko gauza zela, lasai egoteko. Umeak, ordea, oso maiz esaten zigun bera ez zela neska eta etxekook, zerbait gertatzen ari zela susmatzen hasi ginen”, azaldu du Leirek. Egoera honen inguruko ezjakintasunetik buelta ematen saiatu ziren “etxean emandako lehen pausoa, hizkuntzatik generoa ezabatzea izan zen. Euskaraz aritzen gara etxean, eta euskarak ez du generorik definitzen; baina zenbait esamolde ezabatzen hasi ginen: nire neskato polita, ze guapa zauden…, horrelakoak esateari utzi genion, pixkanaka. Horrela mutila izatearen ideia burutik kentzea lortu nahi genuen”.

Chrysallis Euskal Herria elkartea

Maiatzean jaso zuten, lehendabizikoz, Chrysallis Euskal Herria elkartearen inguruko berri. Haur transexualen familiek sortutako elkartea hain zuzen, elkarri babesa, laguntza eta informazioa emateko eta ume hauen errealitatea gizarteratzeko sortua. Irrien Lagunak-en Irria aldizkariko Munduak guztientzat beharko luke atalean elkartearen inguruko informazioa aurkitu zuten. Leirek azaldu duenez, “deitu, eta elkarteko kideekin biltzeko aukera izan genuen. Aingeru eta Olatz sexologo eta elkarteko kideekin hitz egin genuen. Haurren transexualitatearen inguruan hitz egin ziguten, beraiek bi alaba dituzte, nagusiak bulba dauka eta txikienak zakila. Errealitate horren berri eman ziguten. Beraiengandik aholku oso baliotsua jaso genuen, umea entzun behar genuela eta prozesuaren ikusle izan”.

 

Pista bila

Beldurrak galtzen hasi eta barrenak hustutzeko balio izan zien Chrysallisera egindako bisita hark. Zenbait zalantza bazuten, ordea. Umeak oso argi esaten zuen mutikoa zela, “baina nik pista gehiago behar nituen”, dio Leirek. Uda hasiera zen, eta arropa berriak janzteko garaia iritsi zen. “Arropa berrien artean, soinekoren bat edo beste ere bazegoen. Umeak segituan esan zidan ezin zuela soinekorik jantzi, mutila zelako”. Leireren zalantzak argitzen joan ziren. “Geroz eta garbiago zegoen Ekiñe mutila zela”. 

 

Izena, izana

Iazko udan esan zuen lehendabizikoz, Ekiñe izena ez zitzaiola gustatzen. “Errekara joan ginen eta umea biluzik zebilen. Ume batzuk gerturatu zitzaizkigun galdetzera, gure umea neska edo mutila ote zen. Hasieran neska zela erantzun banien ere, nire erantzuna zuzendu, eta mutila zela azaldu nien. Potota bazuen ere, mutila zela. Berehala esan zidaten hori ez zela posible, Ekiñe izena zuelako. Momentu horretan bertan esan zidan umeak bere izena ez zitzaiola gustatzen”, argitu du Leirek. Izen ezberdinak ibili zituen umeak ahotan, harik eta gustukoa aukeratu zuen arte: Iker.

 

Prozesua

Etxekoek, ikastolako lagunek, parkekoek…, guztiek dakite umearen izena Iker dela. Bidea, ordea, ez da erraza izan. Umeak Iker izena izango zuela esan zuen lehen aldian, eztabaida sortu zen etxean. “Aitak ezezkoa esan zion eta eztabaidan hasi ginen, umearen aurrean. Haserre handia izan genuen, eta umeak ez zuen berriz ere izen hori aipatu ere egin. Ezinegon handia sortu zuen egoera hark. Gurasoen artean apenas ez genuen hitz egiten eta umea ere aitarengandik aldentzen hasi zen”. Ikastolan izandako gertakizun bat iritsi zen arte. “Ordurako bazekiten, noski, umeak mutila zela zioela. Goiz batean, etxeko egoeraren ondorioz, umea triste eta burumakur zegoela sumatu zuen irakasleak. Ikastolara iristean, ohikoa zuen bezala marrazki bat egin zuen, eta irakasleak izena jartzeko garain ea zein izen jartzea nahi zuen galdetu zionean, –Ekiñe edo besteren bat–, umeak Ekiñe ez zuela nahi, beste bat nahi zuela, baina berari ez ziola esango erantzun zion”, azaldu du Leirek. Jolasgaraian umeak triste eta bakarti jarraitzen zuela ikusita, ikasgelara itzultzean, irakasleak ume guztiak korroan bildu zituen eta hitza hartu zuen. Andereño deitu ordez, mesedez bere izenez deitzeko eskatu zien umeei, eta aukera eman zien haurrei, beste izenen batekin izendatuak izan nahi bazuten, esan zezaten. “Txanda iritsi zitzaionean gure umeak Iker zela esan zuen, hasieran txantxetan hartu zuten denek , baina momentu hartatik Ekiñe izateari utzi eta Iker bezala onartu dute bere gelako haur guztiek. Irakasleak malko artean kontatu zidan, hunkituta. Pasarte hark argi utzi zigun gure umea Iker zela. Hortxe hasi zen, bete-betean, aldaketaren prozesua. Etxean, ikastolan, kalean gure umea Iker izan da geroztik”, azaldu du Leirek. 

 

Ingurukoak

Umearen ingurua oso zabala da; parkeko lagunak, ikastolakoak, familia…, pixkanaka joan dira aldaketa prozesua garatzen. “Guk, etxekook, urtebete behar izan genuen guztia onartzeko. Ulertzen dugu, gure umea mutila dela esaten dugunean, barneratzeko denbora behar izatea. Bakoitzak bere denbora behar du”. Erreakzio ezberdinak jaso dituzte inguruko jendeagatik. “Familian, esaterako, askok esaten ziguten ez zekitela umea hain txikia zenean finka zitekeenik identitate sexuala. Beste batzuek, pasako zitzaiola esaten ziguten eta batek edo bestek, egoera hau guk bultzatutakoa dela ere esan izan digu”. Ikerren ongizatea zaindu nahi dute Leire eta Asier gurasoek, guztiaren gainetik. “Umeari minik ez ematea eskatzen diegu guztiei, berari ez diezaiotela ezezkorik eman eta sentitzen duen identitatea ukatu”. 

 

Gizarteratzen

Ordura arte Ekiñe gisa ezagutu zuten guztiei, Iker aurkezteko garaia iritsi zen. Leirek aipatu du une hartan sentitutako beldurra: “Gure umea ez zela neska, mutila zela esan eta gizarteratzen hasi behar genuela konturatu ginen. Berak pausoa emana zuen, eta ezin genuen atzera egin. Beldur handiak genituen. Ez genekien jendeak nola erantzungo zuen. Konfidantza ematen zidaten parkeko bi ama etorri zitzaizkidan burura, eta haiek izan ziren gure umearen prozesua ezagutzen lehenak. Lehen pausoa emanda, uxatu egin dira nire beldurrak. Bera onartzea da nik nahi dudana, eta momentuz, horixe izan da jendearen erreakzioa”.
 

Umea, pozik

Aldaketa handia eman du Ikerrek, transizioa gauzatu duenetik. Lehen kosta egiten zitzaion beste umeekin harremanak izatea eta oso lagunarte txikia zuen. “Orain, berriz, askoz ere irekiagoa da, lasaiago eta alaiago ikusten dugu, asko ere hobeto. Bere barruko kezkak, zalantzak eta beldurrak askatzen joan dira”. 

Chrysalliseko kide eta aktibista

Asier Mariezkurrena da Ikerren aita. Bere familiak 2016ko maiatzean ezagutu zuen Chrysallis Euskal Herria elkartea eta egun, elkarteko kide da eta aktibista ere kontsideratzen da Asier. “Elkartera iritsi ginenean, oso galduta geunden, eta besoak zabalik hartu gintuzten prozesu honetan laguntzeko. Babes horren premia genuen guk”. 

2015eko martxoan sortu zen Chrysallis Euskal Herria, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako familiak hartzen ditu “eta bere funts nagusia, familiei harrera egin eta laguntza eskaintzea da. Bai psikologikoki, bai emozionalki, edota baita tramite administratiboak egiteko garaian ere”, azaldu du. 

 

Geroz eta gehiago

Estatu mailan 400 familia baino gehiago dira Chrysallis elkartean eta Hego Euskal Herrian, 40 familia inguru dira. “Azken boladan familia asko sartu gara. Gerturatzen diren familia berriak whatsapp talde batean sartzen ditugu, eta gainontzeko familiok harrera egiten diegu talde horren bidez. Asko eskertzen da harrera hori”. Bilkurak ere egiten dituzte. Hilabetean behin elkargunea izaten da nahi edo behar duenarentzat, hileko lehen asteartetan, Donostiako Gehituko egoitzan. Zalantzak argitzeko, hitz egiteko…

Web orria ere badute, beharrezko informazioa eskuratu ahal izateko. www.chrysalliseh.eus helbidean haurren transexualitatearen inguruko berri aurki daiteke, errekurtso ezberdinak badira bai umeentzat baita gurasoentzat ere. 

 

Erakundeak

Motel bada ere, transexualitatearen inguruko aurrerapausoak ematen ari dira erakundeak. Nafarroako Gobernuak, esaterako, Kattalingune izeneko bilgunea sortu berri du, transexualitatea bizi duten familiei harrera egiteko. “Nafarroako Hezkuntza sailak ere protokoloa sortu berri du, transexualitate kasuei nola harrera egin zehazteko”. Euskal Autonomi Erkidegoan badago gida bat, eta “baita euren egoera onartzen duen lege bat, baina harago joatea behar dugu. Guk familiekin egiten dugun harrera lan hori beraiek asumitzea behar dugu”. Transexual hitza ez zaio gehiegi gustatzen Asierri: “Kontzeptu erreibindikatiboa da. Transexualitatea baino, zakila duten neskak eta bulba duten mutilak existitzen dira. Gure umeek ez digute esaten ‘aita-ama transexuala naiz’, gure umeek ‘aita-ama ni mutila/neska naiz’ baizik. 

Betidanik exisititu den errealitatea da, baina kasu gehienetan erreprimitu egin dena. Ikaragarria da jakitea haurtzaroan identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen suizidioen saiakera-tasa %41ekoa dela (populazio osoarena %1,6koa izanik). Baina badira itxaropena sortzen diguten ikerketak ere. 2016ko ikerketa batek egiaztatzen du, identitatea errespetatu eta babesa jaso dutenen zoriontasun kalitate indizeak, bai antsietate indizeak eta bakoitzaren gorputzaren itxuragatik dituzten kezkak, bere adin bereko populazio ez transexualaren antzekoak edo hobeak direla”. Hori da, hain zuzen, Chysallis Euskal Herriaren helburua.

 

Aldaketa ofiziala

Ikerrek trantsizioa egin zuenetik burutu duten bidea azaldu du Asierrek. “Ilusioz beterik bizi dugu orain. Prozesuak izan ditu bere koskak, kezkak, zalantzak eta beldurrak, baina orain umea oso ondo ikusten dugu. Lagunak ditu, eta oso pozik sumatzen dugu”. Dokumentu ofizialetan izen eta genero aldaketa gauzatzeko bideari ere ekin diote. “Ikerrek ez du NAN agiririk. Ez genion egin jaio zenean, eta orain are gutxiago. Eusko Jaurlaritzak badu dekretua, pertsona transexualei euren dokumentazioa dagokion generoan jartzea ahalbidetzen duena, euren identitate sexuala errespetatuz. Guk Ikerrentzat eskatu dugu. Osasun txartela bere izen berriarekin jartzea erraztuko liguke horrek, esaterako”. Izan ere, Ikerren pediatrak badaki, familiak hala azaldu diolako, umea Iker dela, baina agiri ofizialetan oraindik bere neska izena ageri da. “Kostatu zaigu, errekurtsoa barne, baina joan zen ostiralean Ikerrek txartela izango duen onarpena jaso genuen”.


Etorkizuna

Aurrera begira jarrita, Ikerren erabakiak bete-betean babesteko prest daude Leire eta Asier gurasoak: “Gorputz aldaketak hasten direnean, berak erabaki beharko du zer egin nahi duen. Hormonak hartzeak bere kontraindikazioak baditu, baina berak hori nahi badu, gu bere ondoan izango gaitu. Gurasoen papera bidelagun izatea da; berari entzun eta bere prozesuan laguntzea”. Momentuz, egunean egunekoa bizitzen eta gozatzen ari dira Ikerrekin. “Posible da gerora ere bere gorputza den bezalakoa onartzea. Etorkizunak erakutsiko digu etorriko dena. Horrez, gain, ikusteko dago hemendik urte batzuetara gizarteak zer pentsatzen duen, legeek zer dioten…”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!