Igandeko bozketaren inguruko zenbait ohar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 13a, 01:00

Amasa-Villabonako Gure Esku Dago ekimeneko kideek, hainbat ohar kaleratu dituzte igandeko bozketarako. Igandean, 09:0etatik 20:00etara izango da bozka emateko aukera, Tolosaldeko herri guztietan. Amasa-Villabonan, Errebote plazan jarriko dituzte bozkatzeko mahaiak. Irakurri, jarraian, oharrak:

Martxoaren 19an Tolosaldea guztian antolatu den GALDEKETAn parte hartzeko, Amasa-Villabonako Gure Esku Dagok zenbait ohar garrantzitsu azpimarratu nahi ditu, ariketa demokratiko hau gauzatu nahi duten herritar guztiek aukera izan dezaten galdeketan parte hartzeko:

1. 16 urte edo gehiago duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute galdeketan.

2. Bozkatu ahal izateko, NAN edo pasaportea aurkeztu beharko da, eta bertan, helbidea Villabonan duela azaldu beharko du.

3. Helbidea beste herri batean duela agertzen bada, bozketa aurreko egunetan, Udalean errolda agiria eskatu beharko da.

4. Errolda agiria eskatzeko, Villabonako Udalera joan beharko da. Norbaitek ezin badu joan, beste pertsona batek eska dezake bere ordez, baina honek interesatuaren NAN fotokopia eta idatzizko baimen bat sinatuta eraman beharko ditu.

5. Errolda agiria eskatzen den unean bertan ematen dute Udalean.

6. NAN edo pasaportea iraungita egonez gero, derrigorrez, errolda agiria aurkeztu beharko da bozketa egunean.

7. ENHArekin bozkatu nahi izanez gero, derrigorrez, errolda agiria aurkeztu beharko da bozketa egunean.

8. Etorkinek bere herrialdeko nortasun edo bizileku txartelaz gain, errolda agiria aurkeztu beharko dute bozketa egunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!