Zoru klausula, jakin beharrekoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko martxoaren 10a

Maileguetan zoru klausula duten herritarrek, diruaren itzulketa eska dezakete banketxean. Ainhoa Orrantiak eman ditu azalpenak.

Villabonako Kontsumitzaileen bulegoko ardura du Ainhoa Orrantiak. Azken asteotan, zoru klausularen inguruko zalantzak argitzera hurbiltzen zaio jende gehiena. Mailegu hipotekarioan zoru klausularik baden jakiteko, pista nagusi bat azpimarratu du Ainhoak: “Euriborrak behera egin du azken urteotan. Gure hilabeteroko kuotetan ez badugu jaitsierarik sumatu, posible da zoru klausularen bat izatea”. Hori hala den ziur jakiteko, mailegu hipotekarioaren eskrituretan begiratu beharko litzateke. “Eskrituretan ez ditugu zuzenean ‘zoru klausula’ hitzak topatuko, baina bai hori adierazten duten formula ezberdinak. ‘Gutxieneko interesa, interes tipoaren aldakortasunaren muga’ edo antzekoak”. 

 

Erreklamazioa

Zoru klausula badela ziurtatuz gero, prozedimendu estrajudizialari ekin ahal izango zaio. “Klausula hauen inguruko dekretua onartu zuen gobernuak abenduan. Dekretu horrek jasotzen duenez, komenigarria da zuzenean banketxeei erreklamazioa egitea, epaitegietara jo aurretik. Banketxe guztiek derrigor eduki behar dute erreklamazio horiek kudeatuko dituen departamendu bat, eta baita bezeroari eskaintzeko informazioa ere”. 

Erreklamazioa aurkezteko, banketxean bertan eska daiteke formulario edo agiri bat. Garrantzitsua da aurkezten den erreklamazio horren kopia bat etxera eramatea, banketxearen zigilu eta guzti. “Erreklamazio orri hori, betetzeko erraza da. Gure maileguko zoru klausula kentzea, sobera ordaindutako diruaren itzulketa, eta haiengaindiko interesak ere eska dakizkioke banketxeari. Eskaera orria aurkeztu ondoren, banketxeak hiru hilabeteko epea du bezeroari erantzuna emateko”, azaldu du Ainhoa Orrantiak. Erreklamazio bide honek, ez dio bezeroari inolako gasturik suposatu behar. 

Epaitegietara gero

Banketxearen erantzuna iristean, banketxeak eskainitakoarekin ados egonez gero, eta hiru hilabeteren barruan dirua itzultzen badute, prozesu estrajudiziala amaitu egingo litzateke. Diruaren itzulketaren ordez, beste konpentsazio moduren bat ere eskain dezake banketxeak. “Posible da, banketxearen erantzuna ez izatea gure gustukoa. Batetik, gerta daiteke guk espero baino kantitate txikiagoa eskaintzea, edo baita legeak eskaintzen dizkion hiru hilabete horietan erantzunik ez ematea ere. Gerta daiteke, bestalde, eskainitakoarekin ados egonda ere, hiru hilabeteren buruan dirurik ez itzultzea. Kasu horietan guztietan, epaitegietarako bideari ekin ahal izango dio bezeroak”. 

Ainhoa Orrantiak azpimarratu duenez, ez da komenigarria banketxeari erreklamazioa aurkeztu aurretik epaitegietarako bideari ekitea. “Izan ere, gobernuaren dekretuak jasotzen duenez, bide estrajudiziala agortu gabe epaitegietara jotzen duenak, kostak ordaintzera zigortua izateko arriskua du”. 

 

Hitzarmenak

Zoru klausulen inguruan, kasu ezberdin asko dagoela azaldu du Ainhoa Orrantiak: “Bada dagoeneko banketxearekin hitzarmenen bat sinatua duenik. Hitzarmen horietan, erreklamazio gehiago aurkezteko bidea ixten zien banketxeak bezeroei. Inor ezin da, ordea, etorkizunean izango dituen eskubideei uko egitera derrigortu. Gainerako guztien bide bera egin beharko lukete; bide estrajudiziala lehendabizi, eta horrek fruiturik emango ez balu, epaitegietara jo beharko luke”. 

Zoru klausulagatik sobera ordaindutako dirua zenbatekoa izan den jakiteko, kalkulagailu ezberdinak aurki daitezke sarean: “Kontsumitzaileen elkarteek zintzilikatu dituzte. Maileguaren inguruko datu batzuk sartuta, zenbateko bat ematen dute, erreferentzia gisa. Adicae, Asufin, EKA/AKUV… elkarte ezberdinak daude”.

Ainhoa Orrantiak gomendio bat zabaldu nahi du: “Banketxearekin ezer sinatu aurretik, komeni da kontsulta egitea. Kontsumitzaileen elkarteren batean, abokaturen batekin…, ziur egon behar dugu eskaintzen digutena zuzena dela”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!