Nerea Zubimendi, Maialen Miranda eta Andrea Legarrak taldearen asmoen berri azaldu diote Aiurri astekariari.
Noiz sortu zen taldea?
Andrea Legarra: Duela pare bat urte hasi ginen elkartzen. Konturatzen ginen tabernetara joaten zen mutilen kopurua neskena baino askoz handiagoa zela, eta gainera, beraiek bakarrik joandakoan ere edozeinekin erlazionatzeko gai zirela. Neskak, aldiz, gure kuadrillarekin joaten ginen, inoiz ez bakarka. Egoera hori gainditzeko eta elkar ezagutzeko asmoarekin hasi ginen afari batzuk antolatzen. Harrera ona izan zutenez, iazko Emakumearen Egunerako egitarautxo propio bat antolatzera animatu ginen, eta emaitzarekin oso gustura geratu ginen. Horrekin animatuta, pentsatu genuen elkartea sortzea, nahiz eta oraindik ez izan ofizialki elkarte bat.
Beraz, Marimore, elkarte izatea da zuen erronketako bat?
A.L.: Lehenik eta behin gure buruari formakuntza eman nahi diogu, eta ondoren elkarte edo talde izan erabakiko dugu.
Iazko Sanmieletan presente egon zineten...
Maialen Miranda: Bai, txosnagunean, gure txoko propio bat izan genuen herritarrek ikus zezaten emakume talde bat sortzen ari dela herrian.
Udalarekin ba al duzue harremanik?
A.L.: Sanmielen ondoren, Eli de Arriba Udal teknikariarekin hasi ginen harremanetan, berak esan zigun lan polita egin genezakeela herriarentzat, eta horrela hasi ginen elkartzen Gazte Informazio Puntuan. Datorren larunbaterako, Emakumeen Eguna ospatzeko hainbat ekintza prestatu ditugu.
Nondik dator izena?
A.L.: Miela hartu genuen erreferentzia moduan, Miela errebelde bezala, eta morea emakumeen kolore bezala erabiltzen denez, Marimore jarri genion.
Baduzue harremanik inguruko herrietako talde feministekin?
A.L.: Talde feministetako partaide diren beste herrietako pertsonekin bai, eta horrek ere laguntzen digu gure bidea egiten.
Elkarte bezala mutilek ere ba al dute lekurik zuen taldean?
Nerea Zubimendi: Uste dut emakumeok gurea eta guretzat izango den gune bat eduki behar dugula, gu baikara emakume izatearen ondorioak sufritzen ditugunak. Guk lehenik formatu egin nahi dugu, eta ondoren, beti ere, argi utziz zer nahi dugun, aberasgarria ikusiko nuke gizonezkoen parte hartzea, bai ekintzatan, bai bileratan, baina oinarriak ondo finkatu ondoren.
Gazteak zarete, nola ikusten dituzue neska-mutilak, erraza al da zuena bezalako mugimentu batera erakartzea?
M:M.: Talde erabat irekia izanagatik, batzuek beti haserre gaudenen talde itxi bat bezala ikusten gaituzte. Batez ere, gure adinetik gorakoak direnek, gazteagoen artean harrera hobea dela esango nuke.
Azken urteetan, berditasunerako bidean aurrerapen ugari eman dira emakumeen aldetik, eta gizonak zer?
N.Z.: Pertsonen araberakoa izan da. Asko aldatzen da mugitzen zaren giroaren arabera. Familiak eragin handia dauka. Ikastetxeetan, kuadrilletan, zenbat iritzi ezberdin dauden! Normalean, pertsona bakoitzaren interesen araberakoak.
M.M.: Harrigarria badirudi ere, hainbatetan gertatzen da, gure gurasoen belaunaldikoak irekiagoak eta toleranteagoak izatea gure adin bereko batzuk baino.
Etorkizunera begira jarrita, zeintzuk dira feminismoaren erronka nagusiak? Zein aurreikuspen dituzue?
M.M.: Espazio publikoetan, lan munduan eta abarretan ikusgarritasuna eta berdintasunean oinarritutako oreka lortzea. Familia esparruetan pixkanaka aurrerapenak berdintasunaren bidean ematen joatea.
Genero-indarkeria aipatu beharrezko gaia dugu. Badirudi, legeek, planek, sentsibilizazio kanpainek eta abarrek ez dutela esperotako emaitzik eskaini. Zerk huts egiten du?
M.M.: Txiki-txikitatik hasi beharko lukeen hezkuntza da oinarria etorkizun batean gauzak argi edukitzeko. Nahiz eta aurrerapenak ikus daitezkeen eskolatan, oraindik bide luzea dago egiteko. Berdintasunean oinarritutako hezkuntza da etorkizunean arazoak saihesteko modurik onena.
Nola definituko zenukete zuek alor honetan jasotako hezkuntza?
A.L.: Ikasle ginenean, Emakundek antolatuta,astean behin edo lantzen genuen proiektu batean murgilduta egon ginen ikastolan. Gero, DBHn sexualitate ikastaro bat ere eskaini ziguten. Badirudi ikastetxeek kanpotik datozkien proiektu horietan sartzearekin kunplitu dutela.
Berdintasunaren alorrak egunerokotasuna eskatzen du, ez da lau egunetan ikasteko gai bat, prozesu oso bat baizik.
Zein egitarau prestatu duzue larunbat honetarako?
N.Z.: Zunba klase batekin hasiko gara goizeko hamaikatan. Ondoren, triki-poteoa eta bazkaria Egapen. Arratsaldean, dokumental interesgarri bat proiektatuko dugu Lekaion. Hainbat herritar elkarrizketatu ditugu, hiru galderen erantzuna eskatuz, horrekin osatu dugu dokumentala. Bukatzeko, tertulia eta festa girorik ez da faltako.
Zer aurreratu dezakezue dokumentalean ikusiko denaz?
M.M.: Bertan iritzi ezberdin asko daudela, jende dezentek parte hartu duela, gai aktualak direla eta gustatuko litzaigukeela herritarrak ikustera gerturatzea.
Bukatzeko, esaiezue herritarrei zergatik parte hartu behar duten Marimore taldean.
A.L.: Onuragarria izango den zerbait delako, barne-ikasketa bat, eta hori beti dator ondo. Borroka feministaren alde egiteko. Urnietan ere kontzientzia hori piztea beharrezkoa delako. Ahaztu gabe ondo pasatzea eta jende berria ezagutzea. Horretarako gure lekua hartu nahi dugu talde moduan ere.
M.M.: Beti ikusten ditugu talde feminista potenteak hiriburuetan eta horrela, badirudi, herri txikietan festekin edo egun jakin batzuekin lotzen direla, eta hori baino askoz gehiago da, eta adinez zaharrago izanagatik gure mugimenduaren ideiak, egitasmoak eta aldarrikapenak berdin-berdin babesteko modukoak dira.