Gazteak eta adinduak, elkarri entzun eta ikasiz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 9a, 01:00

Villabonako Santiago egoitzako egoiliarrak eta Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako ikasleak proiektu interesgarri bezain aberasgarria lantzen ari dira elkarlanean.

Santiago egoitzako sei egoiliar Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako ikasleekin ‘Bizitzaren historia’ programan parte hartzen ari dira, euren bizitzako pasarteak azaltzearekin batera, belaunaldien arteko elkartrukea gauzatuz eta belaunaldi bakoitza bata bestearengandik elikatuz. Inmakulada ikastetxean ‘Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta’ gradua ikasten ari diren hogeita hamar bat gazte ari da Santiago egoitzako kideekin batera ekimenean parte hartzen eta adineko pertsona horien bizitzako pasarteak ezagutu nahiz haien bizitzako argazkiak jasota, proiektu aberasgarria osatzen ari dira orain. Santiago egoitzan bertan ikusgai jarriko dute euren lanaren emaitza, martxoaren 16an zabalduko den erakusketan. Apirilaren bukaera arte nahi duen ororentzat zabalik egongo da aipatu erakusketa, Villabonako Santiago egoitzan bertan. Hainbat bilkura egin dituzte dagoeneko eta proiektuan parte hartu duten bi aldeak pozarren agertu dira ekimena ematen ari denarekin. Santiagoko egoiliarrek azaldu dutenez, oso koadrila jatorra gerturatu zaie eta izugarri ondo pasa dute haiekin. Inmakulada ikastetxeko ikasleek, berriz, asko ikasi dute adinduek azaldu dizkieten kontakizunekin. 

Bizitza puskak

“Bizitzaren historia” ekimenean parte hartzen ari diren Santiago egoitzako sei pertsona adinduek, ikasleei ez ezik, Aiurri aldizkariko irakurleei ere euren bizitza puskak azaldu dizkiete. Haurtzaro gogorra igarotakoak dira haietako gehienak, baina bizitzako garai on eta txarretan, aurrera egiten ikasitakoak dira seirak ere.


Juli Etxezarreta, 77 urte. Villabona

Fraisoroko umezurztegian jaioa. Bost hilabete zituela, Oiartzunera eraman zuten handik. “Oiartzundik Aiara ekarri ninduten. Handik Zizurkilera eta gero Villabonara joan ginen. Hamalau urterekin Subijananean hasi nintzen lanean. Leku askotan bizitu nintzen umetan, baina Oiartzun oso maitea nuen. Oso ona zen ama. Kosta egin zitzaidan hona ekarri nindutenei ama eta aita esatea”, azaldu du. Haurtzaro gogorra egokitu zitzaion, baina aurrera egin zuen. “Ezkondu eta sei seme-alaba izan nituen”. Azken hamalau urteotan Villabonako Santiago egoitzan bizi da eta gustura sentitzen da bertan, lagunartean.


Pedro Alejo, 78 urte. Villabona

Fraisoroko umezurztegian jaioa. Jaio eta berehala Zarautzera eraman zuten. “Zazpi urte nituela, gurasoak bila etorri zitzaizkidan eta sumatu nituenean, lagun batekin batera Zarauzko hilerrian ezkutatu nintzen. Lehen txanda hartan ez ninduten bueltan ekarri, baina bai bigarrengoan”. Zazpi urterekin Villabonara itzuli eta ume-umetatik, morroi lanetan aritu zen Anoetako baserri batean. “Hura izan zen nire eskola”, dio. “Zarauzko amaz gogoratzen nintzen ni”. 11 urterekin Villabonako Salvadora papertegian hasi zen lanean, gerora Ulako karrozerian, josteko makinen lantokian edota Euskal Herriko nahiz Espainiako beste hainbat txokotan lanean aritutakoa. Azken 38 urteak Tolosako Izaskun auzoko baserri batean igaro zituen morroi. “Handik etorri nintzen Santiago egoitzara. Lau hilabete daramatzat bertan eta garbi esaten dut: zerua aurkitu dut hemen”.


Francisca Rivero, 80 urte. Andoain

Salamancan jaioa. Bost anai-arrebetatik zaharrena. “Ama hil ondoren, aita ahuntzak zaintzen mendian egoten zenez, anai-arrebak haztea egokitu zitzaidan. Bizimodu zaila izan genuen, diru gutxi baitzen etxean”. Senide guztiak Gipuzkoara etorri ziren gaztetxo zirela. Zarauzko lantegi batean lanean hasi zen Francisca 15 urte zituela. Lasarte-Orian bizitu zen aurrena, Andoainen gero. “Anai-arreba guztiak ezkondu eta seme-alabak izan genituen. Ondo bizitu ginen”. Beste egoitza batzuetatik igaro ondoren, azken urtebetean Villabonako Santiago egoitzan bizi da eta babestuta sentitzen da bertan.


Jose Luis Echevaguren, 78 urte. Anoeta

Anoetan jaioa. Baserriko lanetan aritu zen umetatik, baina baserriko lanaz gain, fabrikakoa ere ezagutu zuen. 47 urtez aritu zen lantokian fresadore lanetan. “Gustukoagoa nuen lantokiko lana. Baserrian lan asko eginagatik, diru gutxi irabazten baitzen. 60 urterekin hartu nuen erretiroa”. Emaztea hil ondoren, Tolosako beste egoitza batean bizitu zen aurrena. Lau hilabete daramatza Santiago egoitzan, baina erraz egokitu da bertara.


Jose Inazio Ibarbia, 88 urte. Amasa

Amasako Kalatras baserrian jaio. Lau senide ziren guztira eta gaztetxotan umezurtz geratu zirenez, baserritik lantokira jo zuen txanpon batzuk eskuratu eta bizimoduari aurre egiteko asmoz, “Villabonako Subijana lantegian hasi nintzen lanean oihalak estanpatzen. 16 hilabete egin nituen bertan eta Zizurkilgo Oria papertegira jo nuen gero. 16 urtez aritu nintzen han lanean eta hantxe jubilatu nintzen”. Hiru urte eta erdi daramatza Santiago egoitzan bizitzen, “bakarrik geratu nintzen eta etxean bakarrik baino hobeto bizituko nintzelakoan etorri nintzen hona. Gustura bizi naiz hemen”.


Petra Perez, 93 urte. Zizurkil

Tolosan jaio zen Petra, baina ume zelarik etorri zen Zizurkilera eta bertan bizitu da geroztik. “Aristegi inprenta itxi zutenean, gurasoek erosi zuten lantokia nahiz etxebizitza eta zakuen salerosketa biltegia zabaldu zuten. Hantxe bizitu ginen. Ikasketak Villabonako mojen eskolan egin nituen eta oso pozik bizi izan naiz Zizurkil eta Villabona artean”. Gazte zelarik, herriak askoz ere txikiagoak zirenez, herritar guztiak ezagutzen zituela gogoratu du. “Zoriontsu bizitu naiz; ezkongabe nintzela, ezkonduta baino gehiago”, zehaztu du eta, zoriontsu izaten jarraitzen duela egun ere. “Orain urtebete hasi nintzen Santiago egoitzara etortzen. Goizetan etortzen naiz eta iluntzetan etxera itzultzen naiz lotara. Uste baino gusturago aurkitzen naiz egoitzan. Ekintza ugaritan hartzen dut parte”, azaldu du.



Ikasleen ekarpena
{{IMG-37492}}

Iker Villafaina eta Jon Ander Mendizabal Tolosako Inmakulada ikastetxeko ikasleak dira, billabonatarrak biak. ‘Bizitzaren historia’ ekimenean parte hartzea oso esperientzia aberasgarria izan da bientzat.

“Otsailaren 13an egin genuen Santiago egoitzako adinduekin lehen bilera. Pixkanaka ezagutu eta oso harreman polita sortu da gerora. Haien istorioak entzun eta bakoitzaren argazkiak jaso ondoren, koaderno bana osatzen ari gara orain”, azaldu dute bi gazteek. Elkartruketik bereganatu duten irakaspenik onena, “besteen istorioak entzunda asko ikasten dela” ohartzea izan da haientzat. “Adineko pertsonek bizitza luzea izan dute, historia handia. Haien kontuak entzunda, zer edo zer gehiago ikasi dugu orain”. Gertutasuna lortu dute hasieratik adineko pertsona horiekin eta hizketan hasi orduko, konfiantza giroa nagusitu dela azpimarratu dute. “Gerra ezagutu zuten askok eta bizimodu gogorra izan dute”, diote. “Lehen ez zen dirurik etxeetan. Baserritarrak nahiko ondo bizi ziren, goserik behintzat ez zuten pasatzen. Baina kaletarrek nahiko lan izaten zuten aurrera egiteko”.

Adineko pertsonen zaindari

Jon Anderrek lagun baten bidez izan zuen ‘Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta’ graduaren berri eta “besteei laguntzea asko gustatzen zaidanez, izena ematea erabaki nuen”, azaldu du. Ikerrek, berriz, ama egoitza batean bizi duenez, bertara joandakoan haiek babesteko jendea behar dela sumatzen zuelako erabaki zuen gradu hori ikastea. Gustura ari dira biak ere eta etorkizunean zaintza arloan lan egitea dute helburu. Gizartea zahartzen ari den bezala, “eskaera handitzen joango da, gainera”, zehaztu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!