Iazko aurrekontuaren hariari jarraituko dio aurtengoak ere. 2.214.950€koa izango da 2017ko aurrekontua, iazkoa baino 30.000€ altuagoa. Pili Legarra alkateak eman ditu aurrekontuen inguruko azalpenak: “Aurrekontuetako gastuen atalean, hainbat atal finko dago, eta horietan handiena, Udal zerbitzuena da. Igerilekua, kiroldegia, ludoteka, gaztelekua, eskola… Ondo funtzionatzen duten zerbitzuak dira, eta herritarren eskaerari erantzuten diotenak, baina aurrekontuetako kopuru handia horietara bideratzea eskatzen dute. Gastu finko horiei erantzun ondoren geratzen zaigun dirua erabili dugu inbertsioetarako. Aurten, 156.500€”.
Alkateak azpimarratu duenez, Udalak zuhurtziaz jokatzen du aurrekontuak finkatzeko garaian. “Urtean zehar izango ditugun gastu guztiak sartzen ditugu aurrekontuan. Diru-sarrerak, ordea, ez ditugu sartzen ez badaude guztiz ziurtatuta. Urtean zehar, esaterako, hainbat diru-laguntza deialdi egiten da, eta Asteasuko Udala horietara aurkezten da, baina aurrekontuetan ez ditugu sartzen, ez badaude ziurtatuta. Horregatik, orain 156.500€ aurreikusten ditugu inbertsioetarako, baina gerta daiteke urtean zehar gehiago izatea”.
Plazaren aldaketa
Inbertsioen atalari dagokionez, aspaldiko premia bati erantzuteko lehen pausoak emateko asmoa du Udalak aurten. “Plaza oinezkoentzako gune bihurtu nahi dugu. Plaza berria nolakoa izatea nahi dugun zehazten joango gara urtean zehar. Lantalde teknikoa osatuko da lehen marrazki hori egiten joateko”. 20.000€ aurreikusi dituzte plazaren eraberritzeko lehen pauso horiek emateko. Urteak daramatza Udalak asmo horrekin, baina gaia beti egon da herriko enpresa pribatu baten egoerari eta ordezko bide bati lotuta. Auzia hurrengo urterako ebatzita egotea espero dute eta 2018an, pauso zehatzagoak emateko aukera izatea.
Argiteria
Bestalde, energia eraginkortasunaren aldeko apustua egina du Asteasuko Udalak. Argiteria publiko guztia LED sistemara pasatzen ari dira, energia aurrezte aldera. Urtez urte herriko zonalde ezberdin batean egiten dituzte lan horiek, eta aurten, Elizmendiri iritsiko zaio txanda. “Argi zaharrak aldatzeaz gain, elizaren atzealdean argiteri puntu berriak jarriko dira, oso zonalde iluna delako. Guztira, 46.744€ beharko ditugu horretarako”. Dirulaguntza ezberdinak jasoko ditu Udalak lan hauek egiteko. 2018rako herri osoko argiteria LED sistemakoa izango da.
Ez da hori izango Elizmendin egingo duten inbertsio bakarra. Izan ere, “estrata berritzea aurreikusi dugu. Eskola eta Santa Krutz ermita batzen dituen bidea da estrata, eta egoera kaskarrean dago. 11.775€ erabiliko ditugu berreskuratzeko lanak egiteko”.
Herriko irisgarritasuna hobetzeko lanak ere egingo dituzte. Betani etxearen inguruan, Muskerraren ibilbideko sarreran, irisgarritasuna bermatzeko lanak egiteko beharra sumatu dute Udaleko kideek. 20.000€ aurreikusi dituzte horretarako.
Kirola, herribideak
Lamiategiko eremuan, kirol instalakuntza berria jartzeko lanak egitea aurreikusten du Udalak. “Padel pista bat jartzeko aukera suertatu da, eta Udalak lurzorua egokitzeko lanak bakarrik egin beharko lituzke. Nolanahi ere, Foru Aldundiak gisa honetako lanei eusteko egiten duen dirulaguntza deialdira aurkeztuko gara eta horren baitan erabakiko dugu padel pista egiteko moduan gauden edo ez”, azaldu du Pili Legarrak. Inbertsioetako partidan urtero ageri den atala da herribideak berritzearena. Pilik azaldu duenez, Asteasuk baserri asko du, eta ondorioz, baita herribide asko ere. “Urtero zonalde ezberdinetan egiten dira berritze lanak, eta aurten ere hala egingo dugu. Oraindik ez dakigu oso ondo non egingo diren berritze lan horiek. Foru Aldundiak urtero ateratzen du dirulaguntza deialdi bat herribideak berritu ahal izateko, eta oso zehaztuta egoten da nolako herribidea izan behar duen laguntza hori jaso ahal izateko”. Ia 42.000€ aurreikusi dituzte horretarako.
Zorra, behera
Udalaren egoera ekonomiko orokorra ere ahotan hartu du Pili Legarrak. “2011n sartu ginen Udalean, eta lehen agintaldian oso estu ibili ginen. Udala oso zorpetuta zegoen, eta horrek asko balditzatzen zuen gure lana. Udaleko kide guztiok egindako ahaleginari esker, zorra asko jaitsi da, eta lasaiago gabiltza orain”, azpimarratu du.