Ana Carrere alkateak eta Esti Mujika Berdintasun zinegotziak aurtengo programazioaren aurkezpena egin zuten. Basteroko erakusketa aretoan, kartel lehiaketaren sari-banaketa egin zuten lehenik eta behin. Bide batez, feminismoa ardatz duen erakusketa zabaldu zuten. Eta, ondoren, “Martxoak 8, 8 emakume” kalejiran omenduko dituzten izenen berri eman zuten. Jone Larrañaga kazetariak bideratuta, omenduek bere burua aurkeztearekin batera, kalejiraren inguruko xehetasunak eskaini zituzten.
Banaka edo taldeka izan duten ibilbideagatik, hauexek dira aurtengo omenduak: Bea Amondarain, Miren Etxezarreta, Maite Belamendia, Angela Velo, Kontxi de la Fuente, Leizaran eskubaloi taldeko Eva, Toñy eta Haize, Deiadar elkarteko Ainhoa, Myriam eta Txitxu eta Batukada feminista taldea.
Bereziki hunkigarria izan zen Miren Etxezarretaren lekukotza. Ezintasun fisikoak eraginda gurpildun aulkia behar-beharrezkoa badu ere, bere baikortasunak eta alaitasunak ekitaldira hurbildutako ikusleak hunkitzea lortu zuen.
Juanan Lazkano diseinatzailea
Andoaindarra da aurten Andoaingo emakumearen eguna iragartzen duen kartelaren egilea: “Argazkilaritza estenopeika erabili dut argazkia lortzeko; oso teknika zaharra da eta horretarako nahikoa da eskuan dudan potea, eta noski, modeloa. Nagore Lasarte izan dut laguntzailea. Ez da hiru argazkirekin egindako muntaia bat, argazki bakarra baizik. Kontua da denbora asko eskatzen duela teknikak, eta zutitzen ari den modeloaren sekuentzia ezberdinak jasotzen dituela. Irudia ikusi duten batzuek interpretazio ezberdinak eman dituzte, baina nik uste Altxa izenburuak nahikoa garbi uzten duela zein mezu helarazi nahi duen, eta nori”.
Silvia Ayerra artista
Iruindarra da Basteroko erakusgelan ikusgai dagoen El burdel de Lola argazki erakusketaren egilea. Probokazio puntu bat eduki dezaketen argazkiek osatzen dute erakusketa. “Genero rolak jorratzen saiatu naiz argazki bildumarekin. Arau sozialen menpe dauden geure gorputzekin jokatu nahi izan dut. Azkenean ez naiz saiatu erantzunak ematen, baina bai adierazi nahi izan dut gutako inor ez dela libratzen aurre-iritzietatik. Erakusketara datorren ikusleari, ezer aholkatzekotan, aurre iritzirik gabeko begiekin etor dadila esango nioke”.
Erakusketa datorren martxoaren 18ra arte zabalik izango da, ohiko ordutegian.