Txapela, herriaren ondarea biltzeko lanari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 7a, 01:00

Teodoro Hernandorena kultur taldeak jasoko du aurtengo Txapela eguneko txapela. Martxoaren 11n egingo dute festa Zizurkil Goian.  

Duela bederatzi urte jarri zuten martxan Zizurkilgo Hernandorena kultur taldea. Herriko kultura, historia, edota etnografia lantzea zen sorrerako helburu nagusia, eta helburu horri eutsiz, buru-belarri ari dira lanean gaur egun ere. Urte hauetan zehar egindako lana aitortuz, txapeldun izendatuko dituzte martxoaren 11ko Txapela egunean. 

 

Herritarrei ezagutaraziz

Txapela eguneko antolatzaileek azpimarratu dutenez, “azken hamarkadan kontaezinak dira kultur elkarteak egin dituen lanak. Otañoren Argentinako errealitatea bistaratzetik hasi, memoria historikoaren aldeko lanean segi, armarria eratzeko prozesua, toponimiaren aldeko lana, gure herriko milaka istorio txiki berreskuratzen egindako ekarpena... Baina, horien garrantzia ikaragarria izanda ere, oro har, herriako ekimenetan duten parte hartzea azpimarratu eta eskertu nahiko genuke, euren lanak ez direlako teoria hutsean geratzen eta elkarlanean herriratzen saiatzen direlako”. 

Hernandorena taldeko kideetakoa da Joxin Azkue. Bederatzi urteko bidean egindako lanaren errekonozimendu gisa hartu dute Txapela eguneko omenaldiaren berri: “Poza ematen du egindako lana herritarrengana iritsi dela eta bere eragina izan duela ikusteak. Izan ere, horixe da gure helburu nagusia. Herriko kultura, etnografia, historia…, herritarrei zabaldu eta ezagutarazi nahi diegu”. 

 

Otañoren oinordeko

Buru-belarri aritu dira lanean urte hauetan zehar. Joxinek hiru ataletan banatzen ditu Hernandorena taldeak egindako lanak: “Inoiz bukatuko ez diren lanak, epe luzekoak, eta epe laburragokoak. Bukatuko ez diren lan horien artean, Pello Mari Otañoren ingurukoa azpimarratu beharko genuke. Bere heriotzaren mendeurrenean bere inguruko ikerketa egin genuen eta Argentinako bere familiarekin harremanten jartzeko aukera izan genuen. Otañoren dokumentazio guztia gure esku uztea erabaki zuten. Beraz, gu gara, nolabait ere, Otañoren oinordekoak. Urte osoan zehar saiatzen gara haren inguruko lanean sakontzen”.

Amaierarik gabeko lanen artean jartzen ditu Joxinek beste hainbat ikerlan ere; oroimen historikoaren ingurukoak, etxe guztietara banatzen den Sustraiak lan monografikoari lotutakoak, era guztietako dokumentazioaren bilketa lana, herriko aiton-amonen bizipenak biltzen dituzten grabaketa saioak… “Aurten, esaterako, Zizurkilgo Zentroa sortu zeneko 50. urteurrena beteko da. Aitzakia hori hartuta, sorrera hartan parte hartu zutenekin bildu, eta grabaketa saioa egin genuen, prozesu haren inguruko azalpenak bilduz”. Martxoaren 11n, Zentroaren inguruko hitzaldia eskainiko du Joxinek egitarauaren barnean. 

 

Lan ugari

Epe luzerako lanen artean aipatu ditu Joxinek Elbarrena auzoaren sorrera eta garapenaren inguruko azterketa, edota herriko izen toponimikoak berreskuratu eta balioan jartzeko egindakoak. 

Momentuan momentuko lanak ere egin dituzte Hernandorena taldeko kideek. “2011n, adibidez, herriko armarria berritzeko prozesua jarri zen martxan. Emaitza oso polita izan zen, baina bidea are politagoa, izan ere, herritarren parte hartze handiarekin berritu baitzen armarria. 2015ean, berriz, 400 urte bete ziren Zizurkilek herri izendapena jaso zuela, eta herri antzerkia izan zen ospakizunetako ardatz nagusia. Parte hartze horretan sakonduz, Atxulondoko burdinola eta Erdi Aroa izango da aurtengo Maiatza Saltsan ekimeneko gai nagusia, eta horretan ere, herritarren partaidetza bultzatuko da”. 

Talde txikia bada ere, lan handia egiten ari dira Hernandorena taldeko kideak. “Zaletasun berbera partekatzen dugu; etnografia, historia, kultura… Horixe jaso eta zabaldu nahi dugu. Taldekide bakoitzak ahal dugun neurrian hartzen dugu parte eta halaxe jarraitzeko gogoz gaude, gainera”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!