Martxoaren 8ari lotutako programazio bete-betea Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 3a, 01:00

Programazioa martxoaren 6an hasiko da, Plazida Otaño liburutegian irekiko den Emakumeen Txokoarekin. Txoko horren helburua, emakumeok prestakuntza jasotzeko, hausnartzeko eta elkarrekin egoteko gunea izatea da. Txoko horretatik abiatuz, ahalduntze pertsonala eta kolektiboa eskuratzen lagunduko diguten gaitasunak ikasi eta garatzeko aukera eskaintiko da:

Horrez gain, martxoaren 6an bertan irekiko da Iruña-Veleiako ostraken errepliken erakusketa, Plazida Otaño liburutegian. Martxoaren 15era bitartean izango da ikusgai, eta martxoaren 15ean, amaierako ekintza gisa, “Zertan da Iruña-Veleia?” hitzaldia eskainiko du Juan Martin Elexpuruk, 19:30ean, Plazida Otaño liburutegian.

Era berean, martxoaren 7an “Emakumeenganako errepresioa Frankismoan: Saturrarango adibidea” hitzaldia emango du Ander Leonek, 19:30ean, Plazida Otaño liburutegian.

Martxoaren 10ean, Velma and Cris umorezko antzezlana ikusi ahal izango da 20:00etan, Atxulondo kultur etxean. 3 euroko sarrera jarriko da.

Martxoaren 11n, larunbatean, Iruña-Veleiako aztarnategira irteera egingo dute emakumeek. Goizean aztarnategia ikusi, eta bisita gidatua egin ostean, arratsalde pasa Gasteizera joango dira.

Azkenik, martxoaren 18an, larunbatean, Zizurkilgo AIZAN talde feministak ipuin-kontaketa berezia egingo du Ipuinen Unibertsoa Familian ekimenaren baitan. “Ba al dago gauza aspergarriagorik printzesa arrosa izatea baino?” ipuina kontatuko dute, goizeko 11:30ean, Plazida Otaño liburutegian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!