Adoracion Alvarez, ehun urteren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 3a, 01:00

Adoracion Alvarez Peña Andoaingo emakumeak ehun urte beteko ditu bihar, larunbatarekin. Jatorriz Soria probintziako San Felices herrixkakoa da, eta 76 urte zituela etorri zen Andoainera, Jesus Guerrero bere senarrarekin batera. Pozik bizi da Plazaola kaleko etxean, eta kantari pasatzen ditu eguneko ordu asko.

Ana Carrere Andoaingo alkateak eta Ana Sanz Gizarte Zerbitzuetako teknikariak bixita egin diote gaur eguardian, eta halakoetan ohikoa den lore sorta eta oroigarria eskaini diote. Umorea ez zaio falta emakumeari, eta kantari jardun du Udaleko ordezkarien aurrean; “Cielito lindo” eta “Desde Santurce a Bilbao” kantatu ditu besteak beste. Erakutsi duen tenplea dela-eta, ez zaio galdetu beharrik izan zein den bere sekretua bizitza horrenbestez luza ahal izateko. Zailtasunak ditu oinez ibiltzeko, eta taka-taka baten laguntza behar izaten du etxean mugitzeko. Carmen Marin zaintzailearekin bizi da Plazaola 19 kaleko etxebizitzan. Tematia da Adoracion, eta berriketetarako ez ezik sesio txikietarako ere ondoan edukitzen du Carmen.    

 Adoracion alargun bizi da azken urtetan; senarra 2015ean hil zitzaion, 98 urte zituela. Hiru seme eduki zituzten, Miguel Angel, Jesus eta Joxe, baina lehena bakarrik bizi da. Semeaz gain, hiru biloba dauzka, Bakartxo, Iban eta Nagore, eta birbiloba bat, Saioa. Maitagarria da emakumea, eta bisita ugari izaten ditu familiako kideen aldetik. Bestalde, astebururo Candi izeneko lagun baten bixita berezia edukitzen du, biek kantari pasatzen baitute arratsaldea. Bihar, larunbatarekin, familia osoarekin batera ospatuko du bere ehungarren urteurrena.

Adoracionek aitortu du Andoain gogoko duela, baina gehiago Soria. Hango lagunen eta zelaiak nagusi dituen paisaiaren minez bizi da Andoainen… San Felices herrira ahal zuen guztietan joateko ohitura zeukan, harik eta 96 urte zituela istripua eduki zuen arte; harrezkero ezin izan du itzuli hara.

Bere seme Miguel Angelek adierazi duenez, kasualitate hutsagatik etorri zen Guerrero Alvarez familia Andoainera bere garaian. Jesus anaia eta biok heldu ginen lehenbizi hona. Urnietako zenbait herritar gure herrira etortzen ziren urtero ehizara, eta haietatik batek, Egurrola baserriko jabeak, gure anaia tentatu egin zuen lanpostua eskainiz Bidaniarako bidean zeukan pentsu eta ongarrien saltokian. Gure familia nekazaria zen, bazeuzkan lur eremuak lantzeko (garia, garagarra, patata, zekalea…), eta noski, aitak ez zuen nahi semerik aldegitea etxetik, baina azkenean, bi anaiok hartu genuen Gipuzkoako bidea oso gazteak ginela. Nik Ezeiza gozotegian lortu nuen lanpostua eta hantxe hartu berri dut erretiroa”.

 

Emakume gogorra

Adoracion kasta bereziko emakumea izan da betidanik, bere semeak aitortu duenez; bizitzako gora beheren eraginez zailtzea beste erremediorik geratzen ez zaien horietakoa. Zazpi senideko familian hezi zen, bera bigarrena izanik. Ama oso gazte hil zitzaien, azken alaba mundura ekarri eta handik zazpi hilabetera, eta gauzak horrela, 14 urte besterik ez zituen Adoracioni egokitu zitzaion amaren eginkizunak betetzea etxe hartan. Familia aurrera ateratzeaz gain, beste ofiziorik ere eduki zuen: hain zuzen, alpargatak josi zituen urtetan, gero salgai jartzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!