Parte hartze handia Urnietako bake eta bizikidetza jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 2a, 01:00

Interes handia piztu zuten Pako Etxeberriaren hitzaldiak eta “La mirada del otro” antzezlanak. Inauteri giroko egunak izan arren, Urnietako bake eta bizikidetza jardunaldietara Urnietako eta inguruko herrietako ikusle ugari bertaratu zen. 

Interes eta partaidetza handiarekin burutu ziren hitzaldia eta antzezlana, bietan ere ikusleek galde-erreguen atalean parte hartze bizia izan zutelako. Euskal gatazkak azken hamarkadatan ertz ugari izan ditu eta aurtengoan Urnietako jardunaldietan bi gairi erreparatu diote: Tortura Euskadin eta Nanclares bidea aukeratu zuten presoen eta ETAko biktima zuzenen arteko bilkura sekretuak. 

Bestearen begirada, antzezlanaren kronika

Errealitate gordina fikziora eramateko saiakera da “Bestearen begirada” antzezlana. Eusko Jaurlaritzak duela urte batzuk bilkura sekretuak antolatu zituen, Langraitzeko espetxean ziren zenbait presoen eta euren ekintzek sortutako biktima zuzenen arteko elkartzeak sustatuz. Antzezlanean ETAkidea, biktima eta bitartekaria ageri dira taula gainean gizatasunaz, galeraz edota berrezartzeaz hausnarketa egiteko.

Urnieta inauteri giroan murgilduta egon arren, dozenaka lagun hurbildu zen Sarobera bake eta bizikidetza jardunaldietan Proyecto 43-2 taldearen “La mirada del otro” antzezlana ikustera. Alde batean ETAk hildako zinegotzi baten alaba agertzen da. Beste aldean, zinegotzi hura hil zuen ETAkidea. Hamalau urtez espetxean,  bere ekintzek eragindako biktima zuzenak ezagutu eta barkamena eskatzeko prest agertu da. Eta erdian bitartekaria. Antzezlanaren zati handiena bitartekariak batarekin eta bestearekin egiten dituen prestaketa saioetan oinarritzen da. Une gorena hasieratik iragartzen den bilkura hori gauzatzen denean gertatzen da. Galeraz, egindako minaren aitortzaz, horrelako ekintzak egitera eraman zituzten arrazoiez eta testuinguruaz...  Gizatasunaren txanponak dituen bi aldeei heltzen dio antzezlanak. Pertsona bat erailtzeko gaitasuna duenak ere noizbait izan dezakeelako gizatasun keinu bat, eragindako mina aitortuz. Eta nola ekintzarik bortitzena egin duenak ere bigarren aukera bat merezi duen.
Antzezlanak txalo zaparrada jaso zuen. Aktoreek arropa aldatzeko bost minutuko tartea igarota, solasaldiari hasiera eman zitzaion. Eta aktoreekin batera euren lekukotza emateko prest agertu ziren Eduardo Santos bitartekaria eta Iosu Elespe ETAk hil zuen Froilan Elespe Lasarte-Oriako zinegotziaren semea. Azken biak fikziora eramandako bilkura zuzen horien protagonista dira, Jaurlaritzak sustaturako bilkura haietan parte hartu zutelako. Biak ala biak ados agertu ziren esperientzia hark euren bizitzan izan zuen eraginaz. Elesperentzat “etikaz beteriko bilkurak” izan ziren. Ideologiaz edota politikaz baino gehiago, bilkura haien atzean zegoen gizatasuna nabarmendu zuen Santos bitartekariak.
Galde-erreguetan, errespetuzko giroan, antzezlanak edota euskal gatazkak dituen aldaera ezberdinei buruz hausnarketa egin zuten hitza hartu zuten hainbatek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!