Emakume korrikalariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 1a, 01:00

“Emakume korrikalaria!” ekimena bigarren denboraldia betetzen ari da. Kirol ekintza hori iaz jarri zuten martxan Andoaingo Udaleko berdintasun sailetik eta kiroldegiko kirol zerbitzuetatik, emakumeei kirola kalean eta modu osasungarri eta dibertigarrian egiteko aukera eman asmoz.

 Kirola tarteka edo eta inoiz egiten ez duten 35 urtetik gorako emakumeentzat bideratuta dago. Bi talde osatu dira aurtengoan; astean egun batean biltzen da bat, bi egunetan bigarrena.
Arrakastatsua izaten ari da ekimena, eta pozez zoratzen dabiltza aurtengo denboraldian parte hartzen ari diren emakumeak. Junkal Korrotxano, Azu Bonafau eta Laura Agudo, esatera baterako, errepikatzen ari dira ikastaroarekin, onurak besterik ez baitizkiote topatzen. Arrazoiak bata bestearen atzetik azaldu ditu Junkalek: “Guk nahiago dugu gimnasio batean baino kalean kirola egin eta horretarako aukera onena lasterka ibiltzea da. Bestetik, arduraz betetako bizimodua bizi dugu, izan lana, izan familia…, eta nahiko kirol trinkoa da, ez dizu denbora askorik kentzen. Eta gainera, kirol merkea da, nahikoa da oinetako eta arropa egokia janztea; ez dizu ez kirol tresneriarik ez eta leku egokiturik eskatzen”. Kirola egiteko lekua aipatzen hasita, Andoainen pribilegiatuak garela adierazi du Junkalek: ”Noranahi joan zaitezke aldaparik ikusi gabe, Urnieta aldera, Trentxikira… Eta oraindik orain Sorabillatik Adunara ireki den bide gorriarekin, aukerak zabaldu egin zaizkigu”.   
 
Talde giroaren onurak
“Emakume korrikalaria!” ekimenak korrika egitearen mesedeak deskubritzen laguntzeaz gain, kirol hori talde giroan egitea ahalbidetu die, eta horixe azpimarratu nahi izan du Azuk: “elkarrekin abiatzen gara noranahi, eta bidean bi gauza egiten ditugu batera: gorputza astindu eta berriketa. Lehenbizikoa bezain garrantzitsua da bigarrena; honetaz eta hartaz aritzen gara hizketan. Arnas-estuka hasten bagara, orduan erritmoa jaisten dugu. Ez baitugu isilik ibili nahi. Argi daukagu lasterka taldean egitea gorputzarentzat bezainbat buruarentzat dela komenigarria; esan daiteke terapia bikoitza ere badela guretzat, azken batean”.
Kirolen bat edo lasterka inoiz egin ez duenarentzat bat-batean oinak bizi-bizi mugitzen hasteak min hartzeak eta lesioak eragin ditzake. Junkalek, Azuk eta Laurak fase hori gainditu dutela uste dute, “gorputza ohitu dugu kirola egitera; are gehiago, pozik gara aurreko batean ordubetetik gora gelditu gabe jardutea lortu genuelako”.
Laurak zehaztu duenez, garrantzitsua ikusten dute gutxieneko diziplinari eta jarraikotasunari eustea, bizitzako gainerako jardunetan bezala. “Ekimenarekin astean behin geratzen gara, baina ohartu gara ez dela nahikoa gorputza forman mantentzeko, eta horrexegatik, batzuetan, beste tarterik ez daukagunean, goizeko seiretan geratzen gara saioa egiteko, lantokira joan aurretik”.  
Izaskun Jauregi irakaslea egiten ari den lana ere goraipatu dute: “Oso pertsona egokia da emakumeak martxan jartzeko, badaki laguntzaile izaten mundu berri batean murgildu denarentzat. Kirol honen gutxieneko ezagupenak behar bezala azaltzen dizkigu, badaki gutako bakoitzak zer eman dezakeen, noiz eta nola egin luzaketak, ze bestelako ariketa egin eta zenbateko intentsitatearekin…”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!