Emakume langileak, martxoaren 8aren bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 1a, 01:00

Tradizioz gizonezkoenak izan diren lanbideetan normaltasunez ari dira egun emakumeak. Martxoaren 8aren harira, eskualdeko bi adibide bildu ditu Aiurrik.

Lur Zaldua, bolantean trebe

Duela urte gutxi arte, oso arraroa zen emakume bat autobus-gidari lanetan ikustea. Geroz eta ohikoago bihurtzen ari den arren, oraindik ere gutxiengoa dira emakumeak langintza horretan.
Lur Zaldua duela hamar urte hasi zen lanean Andoaingo Izaskun autobus enpresan. “Idazkari bezala sartu nintzen enpresan. Horixe da, orain ere, nire  egitekorik nagusiena. Duela sei urte, ordea, autobuseko gidabaimena atera nuen. Ordutik aurrera, lan handia dagoen garaietan, edo premiaren bat sortzen denean, autobusa gidatzen dut”, azaldu du Lurrek.

Jendea, ohituta
Enpresako gainerako gidariek ondo hartu dutela dio Lurrek, “beti laguntzeko prest”, eta errepidean ere, jendea ohitzen ari dela iruditzen zaio: “Ez dut begiratu arrarorik sentitu izan inoiz”, azaldu du. Ez da Izaskunen autobusa gidatzen duen emakume bakarra: “Guztira bederatzi langile gara, eta horietatik hiru, emakumeak. Ez da, gainera, kontu berria; urte asko da lehen emakumea hemen lanean hasi zela”, azaldu du.
Eskoletako zerbitzua egitea egokitu zaio behin baino gehiagotan Lurri. “Haurrek normaltasun osoz bizi dute emakume bat gidari izatea. Noizbait, gainera, neskatoren bati entzun izan diot berak ere autobus-gidari izan nahiko lukeela, eta hori pozgarria iruditu zitzaidan”.

Europan barrena
Guztira, tamaina ezberdinetako hamabi autobus dituzte Izaskunen. Eraman beharreko jende kopuruaren arabera, autobus bat edo beste erabiltzen dute. Horietako bat luzera berezikoa da. “16 metro pasatxo ditu, eta bidaia luzeetarako erabiltzen dugu. Emakume batek gidatzen du autobus hori. Europarako bidaia luzeak egiten ditu. Amerikatik Europa ezagutzera etortzen diren turista taldeak eramaten ditu batetik bestera, eta bi hilabete inguru pasatzen ditu Europan barrena”. Lurrek miretsi egiten du bere lankidearen lana: “Oso gidari ona da; harrigarria. Autobus berezia da; oso luzea eta altuera handikoa. Trebetasun handia behar da horrelako bat gidatzeko eta berak primeran egiten du”.
Horrez gain, ausardia ere aitortzen dio Lurrek lankideari: “Europan barrena, batetik bestera ibiltzea, errepideak ezagutu gabe, autobusa jendez beteta…, egiten duen lana miresgarria da. Oso gustuko du bere lana eta igarri egiten zaio; gozatu egiten du autobusa gidatzen”.
Pixkanaka, ohitu egin gara emakumeak autobusa gidatzen ikustera. Hemendik kanpora, ordea, ez da hain ohikoa oraindik ere: “Errepide bazterreko tabernaren batean geratzen direnean, askotan galdetzen diote taldearen gida turistikoa ote den. Harrituta gelditzen dira gidaria dela erantzuten duenean”.

Idazkari eta gidari
Lur gustura ari da enpresako idazkaritzan, baina gidari lanak egitea ere gustuko du. “Nire etxean beti ezagutu izan dut mundu hau. Aita, anaia…, kamioi gidariak dira, eta nik ere oso gustuko dut gidatzea. Nire lanbide nagusia idazkariarena bada ere, autobusa gidatzean oso eroso sentitzen naiz. Noizbait egokituz gero, ez dut baztertzen nire lan ibilbidea autobus-gidaritzara bideratzea”.

Lanbide berezia
Lurrek argi du autobus-gidari izatea oso lanbide polita dela, baina zalantzarik gabe dio honetarako ere balio egin behar dela: “Eguneroko ordutegia nahiko finkoa bada ere, maiz tokatzen da asteburuetan lan egitea. Nahiko lanbide lotua dela esan daiteke. Ezkontzak, irteerak, asteburu-pasak, afariak…, zerbitzu osoa eskaini nahi bada, asteburuetan lan egiteko prest egon behar da. Horrez gain, autobus barruan jendea daramazu, eta gauza asko hartu behar da kontuan. Taldearen araberako musika jarri, berogailua tenperatura erosoan moldatu, tratu egokia eskaini, etab”.
Ikasturte hasieran, egunero-egunero hartu zuen autobusa Lurrek, orain, astean behin egiten ditu gidari lanak, gutxi gora-behera. Gustura ari da bere lanbidean, eta horrelaxe jarraitzeko asmoa agertu du.
 



Neskak ere tailerrean

Autobus edo kamioi-gidari bezala, geroz eta gehiago dira, esaterako, tailerreko lanetan aritzen diren emakumeak.

Andoaingo La Salle ikastetxean egin zituzten batxillergoko ikasketak Ixiar Etxeberria asteasuarrak eta Ixiar Elola andoaindarrak. Batxillergoa amaituta, orain gutxi arte gizonezkoena zen mundu batean sartzeko hautua egin zuten; piezak mekanizatzen ikasteko modulua aukeratu zuten, La Sallen bertan.
{{IMG-37432}}
Ixiar Elola eta Ixiar Etxeberria, Zizurkilgo Jaure lantegian.

Ikasketak
Nahiko erraz hartu zuten biek ere mekanizatuen modulua aukeratzeko erabakia. Ixiar Elolak garbi zuen ez zuela unibertsitatera joan nahi, “betidanik gustatu izan zait planoak interpretatzea, eta modulu hau egokia izan zitekeela pentsatu nuen”. Ixiar Etxeberriak, berriz, lan aukera handiak bultzatuta hartu zuen erabakia: “2006 urtea zen, eta momentu hartan lan asko zegoen tailerretan. Hori ikusita, mekanizatzen ikastera animatu nintzen”. Bi neska bakarrik ziren ikasgelan, baina ederki moldatu ziren eta garai hartako oroitzapen politak gordetzen dituzte.
Etxean lasaitasunez hartu  zuten bi neska hauen aukeraketa, nahiz eta Ixiar Elolari behin baino gehiagotan galdetu zioten tailerrean aritzeko asmoa ote zuen. “Hasierako harridura hura ahaztuta, gustura ikusten naute orain, eta haiek ere gustura daude”, dio irribarretsu.

Praktikaldia eta lana
Elkarrekin ikasi ondoren, praktikaldia ere elkarrekin egin zuten, Zizurkilgo Jaure enpresan. “2008an sartu ginen praktikak egitera, lan karga handia zegoen eta hantxe gelditu ginen lanean. Gu hasi ginenean neska bat ari zen bertan lanean, eta geroztik gehiago ere joan dira sartzen. Orain bost neska gaude guztira”. Denetarik egitea egokitu zaie bi langile gazteei. Ixiar Elola neurriak hartzen aritu izan da gehiago, Ixiar Etxeberria aldiz muntaian, makinarekin txabeteroak egiten, neurriak hartzen…, orain ordenagailuko lanak ere egiten ditu.
Ikaskideekin ondo moldatu ziren bezala, halaxe dabiltza lankideekin ere. “Hasieran harritu egin ziren gu tailerrean ikustean, baina orain, normaltasunean aritzen gara, eta languntza behar badugu, beti dago norbait emateko prest”.

Garabiarekin
Bi neskek azaldu dutenez, tailerreko lana ez da fisikoki gogorra. Garabien laguntza izaten dute pieza handiak mugitzea egokitzen zaienean. “Hori egiten zait niri zailena”, azaldu du Ixiar Elolak. “Gutxitan egokitzen zait pieza handiak mugitu beharra, baina horrelakoetan, ez naiz batere seguru sentitzen, eta laguntza eskatzen dut”, gaineratu du. Ixiar Etxeberria, berriz, ohituago dago horrelakoetara: “Pieza sokaz ondo eutsi eta garabiarekin mugitu aurretik, segurtasunezko distantzia hartzea komeni izaten da, badaezpada”.

Lehen eguna
Irribarretsu azaldu dute euren lehen lan eguna nolakoa izan zen. Pieza bateko roska handi bat eskuzko tresna batekin konpontzeko eskatu zieten. “Hantxe aritu ginen biak, denak emanda, piezaren gainean igota roska hura konpontzeko ahaleginean. Uste dut orain arte egitea egokitu zaigun lanik gogorrenetakoa izan zela hura”.
Tailerrean lana egiteko gogoa duten emakumeak horretara animatzen dituzte, zalantzarik gabe: “Beste edozein lan bezalakoa da. Ondoan dituzun lankideak pertsona onak badira eta lan giroa ona bada, edonork egin dezakeen lana da tailerrekoa”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!