Udazkenean Egape ikastolaren historia biltzen duen liburuxka argitaratu zen, zerorrek idatzirikoa. Eta egun hauetan dozenaka argazki ikus daitezke Lekaion. Zer sentitu duzu hainbeste argazki batera ikusita?
Aitziber Salinas. Egia esan, liburuxkarekin denbora daramagu honetan lanean eta Facebook sare ezagunean argazki ugari ikusten ari gara, asko ikasleek eurek bidalitakoak. Besteak beste, bolatokiko argazkiak atera dira. Gogoan izan behar da gure garaian jolastokiari bolatokia deitzen geniola. Ikastolan zeudenak eta saretik iritsi zaizkigunak erakusketan ipini dira. Horietako asko, beraz, ikusita neuzkan. Horiek denak batera ikustean oroitzapen ugari etortzen zaizkit burura. Azken batean haurtzaroa etortzen zaigu burura. Beste garai bat izan zen hura, baina orduko giroa eta garaia gogoan hartzeko aukera aparta izaten ari da.
Erronka berezia izan al da liburuxka egitea?
A.S. Bai, eta erronka handi samarra. Ikastolaren historia biltzea familiaren historia biltzearen parekoa izan da niretzat. Inplikazioa askoz handiagoa izaten da horrelakoetan. Presioa sentitu dut, ardura handiz jokatu nahi izan dudalako. Zalantza handiekin ekin diot lanari historiaren pasarte guztiak sartu nahirik eta inor kanpoan ez uzteko ahalegin berezia eginez... Ardura handia izan da niretzat.
Informazioa biltzen aritzeak aditu bilakatu zaituela esan daiteke. 50 urteko historia luzeaz bereziki nabarmenduko zenukeen zerbait ba al duzu?
A.S. Ikasi, asko ikasi dut. Eta gauzak zer diren, niretzat harrigarriena ikastolak izan duen garapena ikustea da. Gaurko egunean, 2017an, ikastola noraino iritsi den ikusteak onerako harritu nau. 25 urte dira ikastola utzi nuenetik, eta orduko hartan genuen heziketa programa gaurko egunekoarekin alderatzen jarrita, mundu bat dago. Gaurko egunean puntako teknologia erabiltzen da, ikastola publikoa da eta hori niretzat harrotasun handiko kontua da euskaraz ikasteko aukera edonori zabaltzen zaiolako.
Ikastola modernoa da, erreferentziazkoa alor askotan. Niretzat harrotasun handiko kontua da hori.
Ikastola hitza entzun eta zer etortzen zaizu burura?
A.S. Usaina, lehenik eta behin. Plastilinaren usaina, egur usaina. Espazioa, ondoren. Elizondo zinemaren azpialde hura. Eta baita beste zenbait sentimendu gehiago ere. Ikastola niretzat sentimendu bat da. Gu gara ikastola. Gure haurtzaroa bertan dago.
Liburuxkaren tarte handi bat argazkiei eskainita dago. 50 urtetan zehar herrikide ugari igaro da bertatik. Aldizkariak hein handi batean Urnietako historia garaikidea ere biltzen du.
A.S. Halaxe da. Erredakzio lana egiterakoan horren kontziente ginen, eta helburua orekari eustea izan da. Belaunaldi ezberdinetan lan handia, etengabea egin da eta askotan nahigabe garai bat beste baino gehiago nabarmentzen da. Liburuxkan protagonistak ikasturte guztietako ikasleak dira, eta horietako askok Urnietako historia garaikidean garrantzia handikoak izan dira edota izaten ari dira. Eta, bestalde, beste zenbait etorkizuneko Urnietan protagonista bereziak izango dira. Egape ikastolaren etorkizuna lantzearekin batera, herriaren etorkizuna ere landuko dutelako.
Eta hori guztia 60ko hamarkadan ikastola aurrera ateratzeko ausardia izan zuten herrikide horiei esker. Ikastola martxan jarri eta euren burugogorkeriari eta ausardiari esker gaur egungo ikastola dugu.
Urnietar askok toki berezia egingo diote liburuxkari. Egilea zaren aldetik harrotasun hori izango duzu, ezta?
A.S. Gaur egun oraindik egindako lana arduraz ikusten dut. Lan handia dago, eta ezinezkoa izan da den-dena sartzea. Adibidez, 1979ko gela baten argazkia falta da. Argazki gehiago jasotzen ari gara orain. Denbora igarota pentsatzen dut liburua beste ikuspegi batekin ikusiko dudala.