Gilbe elkartea, nekazariak nekazaritzatik bizi daitezen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 27a, 01:00

1989 urtean sortu zen Gilbe, Gipuzkoako Lore eta Barazkigileen Elkartea. Zizurkilen du kokalekua, Bulandegi bidean.

Antonio Artola adunarra elkartearen sortzaileetako bat da eta sorrera hartan, helburu eta abiapuntu garbiak izan zituztela gogoratu du, “baratzezaintzan edo lorazaintzan aritzen ziren baserritarrak, Foru Aldundira azpiegitura edota laguntza tekniko eske bakarka joan beharrean, elkarren artean bildu eta talde bezala joan zitezen. Modu horretan, entitate batek egingo zukeen eskaera eta ez norbanakoak”, adierazi du. Baratzezain eta lorazainen seguruaz gain, erosketak zentralizatzea ere abiapuntu zuten, behar zituzten produktuen eskaera bateratua eginda, merkeago jasoko baitzuten bazkideek eskatutako generoa. Sorrera hartan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oiartzungo OCAn kokatutako bulegoa eta Zizurkilgo Fraisoroko eraikin bat utzi zien euren egoitza martxan jartzeko. Hantxe abiatu zuen Gilbe elkarteak bere bidea. “Behar zituzten erosketa bateratuak egiten hasi ziren Fraisoroko lokalean bazkideak. Jaime Zubia Foru Aldundian diputatu zenak asko lagundu zigun elkartea sortzen eta baita ondorengo urteetan ere”, zehaztu du Antoniok. Irabazi asmorik gabeko elkarte gisa sortu zen Gilbe, “nekazariek nekazaritzatik bizitzeko aukera izan zezaten”. 

 

Fraisorotik Bulandegi bidera

Pixkanaka handitzen eta zabaltzen joan zen elkartearen hedadura eta Fraisoroko lehen egoitza hura txiki geratzeaz gain, eskaera berriak jasotzen ere hasi ziren bazkideen aldetik; aholkularitza teknikoaren beharra, esaterako. Fraisoroko egoitzatik Bulandegi bideko pabilioira igaro ziren 2002 urtean eta lokala handiagoa izanik, eskaintzak ere zabaldu egin zituzten orduan. Ordutegia batetik: “larunbat arratsaldetan bakarrik irekitzen genuen Fraisoroko lokala hasieran eta pabilioi berria hartu genuenean, larunbatetan ez ezik, asteazken arratsaldetan ere irekitzen hasi ginen. 2013 urtetik aurrera, berriz, egunero zabaltzen dugu; 08:00etatik 15:00etara”, gaineratu du Antoniok. Bestalde, aurrez aipatu bezala, bazkideen eskaerari erantzunez, aholkularitza teknikoa eskaintzeko teknikariak tartekatu zituzten elkartean. Gaur egun, aholkularitza zerbitzuaz gain, laguntza ezberdinak eskaintzen dituzte teknikoek bakoitzaren behar eta nahietara egokituta.

 

aholkularitza zerbitzua

Bide horretan, bisitak egiten dira ustiategietara eta behar duten laguntza eskaintzen zaie ekoizleei, negutegian bezala aire librean. Bestalde, gaitzen kontroleko aholkularitza bideratzen da, tratamendu kimiko edo biologikoekin… Kalitate sisteman ere eragiten da. Label izendapenaren baitan lan egiten duten nekazariek, ekoizpen integratuaren baitan egon behar dute eta Hazi auditoritza pasa behar dutenez, laguntza ematen zaie alor horretan ere. Instalakuntzetako proiektuak, bideragarritasun planak, proiektu teknikoak edota jarduera proiektuak ere bideratzen dituzte, besteak beste. Zerbitzu horiek guztiak aurrera eramateko, Gilbek hitzarmena sinatuta dauka Abelurrekin. Bazkideek aholkularitza teknikoaren bila elkartera jotzen dutenean, gehien errepikatzen den eskaera, kanpainan zehar, fitosanitarioen erabilera edota gaitz eta izurriteen kontrola izaten da, eguneroko lanean izurriteak ondo kontrolatzea ezinbestekoa baita.

Entseguak eta esperimentazioak

Gilbeko kideen ustez, nabarmentzekoa da euren zereginen artean, Foru Aldundiaren babesarekin, elkarteko baserritarren ustiategietan entseguak egiten dituztela, produktuaren kalitatea hobetze aldera. “Tomatea dela, letxuga dela, piperra dela…, edozein barietateren entseguak egiten ditugu Gilben, hasierako urteetatik”, azaldu dute. Bezeroei eskaintzeko produktuak hobetzea ahalbideratu dute entsegu edota esperimentazio horiek eta hobekuntzak bideratzeko, baserritarrei zein pauso eman behar dituzten jakinarazten diete. “Entsegu horiekin lagundu egiten zaio ekoizleari emaitza hobea jasotzen eta gainera, pausoak ondo eman daitezen, entsegua egiten duen ekoizleak dirulaguntza jasotzen du Foru Aldundiaren eskutik”, diote. Laboratorioan ez ezik, kanpoko entseguak egitea ere garrantzitsua dela uste dute, “laboratorioko entseguak zailagoak baitira kanpoan aplikatzeko”. 

 

Bazkideen abantailak

50 bazkide bildu zituen Gilbe elkarteak bere sorreran; kopuruak gora egin du urtez urte, 158 kide baitira egun. Gipuzkoa osoko bazkideak dira guztiak. Badira Beterri-Aiztondo eskualdekoak, baina Donostialdea, Oarsoaldea edota Urola Kostako baserritarrak dira gehienak. Gilbeko bazkide izateko, baldintza bakarra eskatzen da; nekazari edo ustiakuntza profesionala izatea. Bazkideak bezala, partikularrak ere gertura daitezke elkartera, baina elkarteko kide denak, noski, abantaila ugari du: besteak beste, aholkularitza teknikoa Foru Aldundiak %80an diruz lagundua, negutegietako segurua, produktu ezberdinak merkeago erosteko aukera… Azken batean, euren lana gauzatzeko erraztasunak eskaintzen dizkio elkarteak nekazariari. “Gilberen helburua bazkideari behar duen guztia eskaintzea da. Bai produzitzeko orduan eta baita saltzeko orduan ere, behar duen horretan laguntzen saiatzen gara bazkideari eta hori da haien abantaila. Gilbe, bazkideari bere lanean sor dakizkiokeen zalantzak argitzeko komodina da”, azaldu du Iñaki Alzuri, Gilbeko biltegi arduradunak.

Lehen, euren produktuak saltzeko aukera Donostiako Bretxako azokan ematen zitzaien elkarteko bazkideei, baina azoka berritu zenean, fruta saltzaile gehienak Lasarteko Merkabugatira etorri ziren. Foru Aldundiaren laguntzarekin, bi nabe erosi zituen Gilbe elkarteak Merkabugatin eta elkarteko kideek beren generoa saltzeko aukera izaten dute geroztik bertan.

 

Produktu ekologikoak nagusitzen

Iñakiren esanetan, talde txiki bat elkartu eta ezerezetik lan izugarria egin zuten elkartearen sortzaileek. “Lokal txiki bat edukitzetik pabilioi handi bat izatera igaro ziren eta arratsalde pare batean zabaltzetik egunero zabaltzera”. Sortzaileen ahalegina, zoriontzeko modukoa dela uste du. “Profesionalei zuzendutako zerbitzua da gurea”, gogoratu du, baina baserritar oro gertura daiteke bertara. Ekoizpenerako, denetariko materiala eskaintzen dute: ureztatze sistemak, sustratoak, negutegietako plastikoak, ongarri kimikoak, ongarri ekologikoak… “Garrantzitsua da, geroz eta produktu ekologiko gehiago eskaintzen dugula azpimarratzea. Azken hiru urteotan, jende gaztearen artean bereziki, ekologikorantz joera handiagoa sumatu dugu”, argitu du. Azaldu duenez, enpresa pribatuetatik ezberdintzen dituena, produktuak ekarri aurretik, probatu egiten dituztela euren bazkideen lursail edo negutegietan, “ondoren erabakitzen da bazkideei eskaintzeko interesgarria den edo ez. Berme hori daukagu, beraz; produktoreek nahiz teknikariek onarpena ematen diotela aurrez produktuari”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!