“Andoain paseando” Facebook orrialdea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 24a, 01:00

Internet sarean Facebook atari ezagunean eguneroko erabiltzaile direnentzat aski ezaguna egin da “Andoain paseando” izeneko orrialdea. Atzoko Andoain eta andoaindarren argazkiak agertzen dituen guneak jarraitzaile ugari ditu. Egunotan, esaterako, Franco hil osteko lehen inauterietako argazkiak ikus daitezke. Aiurri astekariak gunearen kudeatzaile den Ibon Lekuonarekin hitz egin du.

Noiz ireki zenuen orria eta zenbat argazki sartu dituzu dagoeneko?
Ibon Lekuona.
2015eko urritik dago martxan eta harrezkero saiatu naiz egunero-egunero argazki berri bat ikusgai jartzen. 650 argazkitik gora zintzilikatu ditut dagoeneko. Egunero 30-40 pertsona sartu ohi dira orrialdera eta 1700etik gora dira “Atsegin dut” klikatu dutenak. Horiez gain, jakin badakit erabiltzaile gehiago badirela. 

Zein da zure asmoa?
I.L.
Argazkizalea naiz, baita Andoaingo herriaren historia zalea ere, eta hasieratik gure herriaren eta bere herritarren historia kontatzen duten irudiak jakitera emateko gogoa izan dut. Ez nuen formularekin asmatzen, eta halako batean “San Sebastian desaparecida” orrialdea ikusteak ideia eman zidan. Nire kezkak eduki nituen hastapenean, zein hizkuntzatan idatzi, zein gai aukeratu eta zein ez… Azkenean, nire gogoari egin nion kasu. Ez dakit asmatu dudan, baina beste era batera egin behar dela uste badu baten batek, ireki dezala bere orrialdea. Denok irtengo gara irabazten. 

Andoaingo oroimen historikoa berreskuratzeko modu bat izan daiteke zurea... 
I.L.
Iruditzen zait argazkiak ondo daudela zainduta etxeetan edota artxiboetan, baina pena ematen dit ikustea nola dauden gordeta, jendearen begietatik urrun. Argazki batek bere-berezko funtzioa galtzen baitu horrela. Argazkia, are gehiago zaharra bada, publikoarentzat ikusgai egotea da idealena. Gozamen pertsonala eragiten dute, eta gainera iruditzen zait neurri batean edo bestean geure historia berreskuratzen laguntzen duela.

Zein da zure orriaren sekretua horrenbeste jarraitzaile edukitzeko?
I.L.
Ez dakit hainbeste jarraitzaile ote dituen, baina tira. Iruditzen zait denok edo argazki zaharrak ikustea ia denok gogoko dugula; orduak igaro genitzake argazki bati begira, eta batez ere gure iragana gogorarazten digutenean, edota jende ezaguna agertzen denean. Erretratu zahar horiei buruzko ahalik eta informazio gehiena jartzen saiatzen naiz, egilea, noiz, non, nortzuk ageri diren… Nolanahai ere nire mugak dauzkat, eta maiz jarraitzaileak dira komentarioak eranstera datozenak datu berriak sartuz, agertzen den jendea identifikatuz… Jendearen parte hartzea guztiz aberasgarria izaten da.

Zein dira zure iturriak?
I.L.
Nik ateratakoak dira argazki batzuk, 1990etik aurrerakoak batez ere; milaka batzuk izango ditut bilduta. Guregipuzkoa eta Kutxateka webgunetik eta lortu izan dut bat edo beste, tarteka. Nolanahi ere, herriko jendea da niretzat iturririk oparoena. Ezagutzen dudan jendeari eskean ibiltzen natzaio. Argi uzten diet utzitako agiria eskaneatu eta hurrengo egunean itzuliko diedala eta niretzat obligazioa dela beti-beti argitaratzen diren argazkien ondoan bere egilea edo lagatzailea aipatzea. Gehienetan eskuzabaltasunez uzten dizkidate, nahiz eta batzuetan kosta egiten zaien, adin nagusikoei batez ere.  
Argazkiez gain, makina bat bideo grabaketa dauzkat nik egindakoak; familia, eta batez ere Andoaingo kale, eraikuntza eta lekuen erreferentzia egiten dute eta egunen batean horiekin zer egin erabakiko dut.  

Lan handia dago argitaratzen duzun argazki bakoitzaren atzean.
I.L.
Orduak eta orduak eskaintzen dizkiot orrialdeari. Argazkia lortzea, bere inguruko xehetasunak biltzea… Guzti horrez gain, buruhauste handiak, gehiegizkoak, eragiten dizkit argazki bakoitzak argitaratu edo ez erabakitzeak, ez bainuke inor mindu nahi.

Izango duzu orain arte bitxia egin zaizun irudiren bat-edo aipatzeko modukoa, harridura sortu dizulako...
I.L.
Badira batzuk, bai. Adibidez, 1921eko irudi bat zeinean Sanjuanetan toreroak agertzen diren. Ezin nuen sinetsi Goikoplazan ibili izan zirenik inoiz toreatzen! Bada beste bat, XIX. mende bukaerakoa: estazio zaharrean antigualeko jantziak daramatzan jendea eta zaldia karro bati lotuta ageri dira bertan. Harribitxia da benetan argazki hori, informazio ugari emateaz gain, kristalezko plaka batean errebelatutakoa delako, eta bisore estereoskopiko batekin hiru dimentsiotan bezala ikus daitekeelako.

Bastero zaharra izan zen zintzilikatu zenuen lehenbiziko argazkia, eta bera da orriaren irudi ofiziala. Ba al dauka esanahi berezirik zuretzat?
I.L.
Hortxe jaio nintzen ni, eta hortxe bizi izan zen Lekuona Barreras familia. Bere garaian, gure amaren ama Asteasutik etorri zen Andoainera, eta bere aita Karrantzatik. 50eko hamarkadan etxe hori erosi egin zuten, eta Euskalduna taberna ireki bertan. Etxe horren azpialdean, denda ugari egon zen irekita. Egia esan, inguru horretan jaio eta hezi nintzen; garai batean Andoainen ez ginen mugitzen orain bezala alde batetik bestera, nork bere espazio txikia zeukan bizimodua egiteko; gurea Eskola Kalea eta inguru hori izan zen. Horrexegatik, eremu horretako argazkiak topatzeko desiratzen egoten naiz. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!