Iker Uson, Baketik erakundeko koordinatzailea
Baketik erakundeko koordinatzailea da eta tokian tokiko baketze prozesuak oso gertutik jarraitzen ditu. Urnietan lehenbizi eta Andoainen ondoren, bi herrietako Udal ordezkariekin batera, “Bizikidetza lantzen” egitasmoan parte hartze zuzena izaten ari da. Herri bakoitzean egin diren lorpenei eutsi nahi dio, eskualdean bizi diren antzeko prozesuak bereziki txalotuz.
Urnieta herrian bizikidetza lantzen ari direla urte batzuk badira. Zure esperientziatik, eta beste herrietako prozesuak ezagutzen dituzun aldetik, nola baloratzen duzu Urnietan egiten ari direna?
Iker Uson. Urnietako herriaren tamaina eta baliabideak ikusita, xume hasi ziren baina dagoeneko ibilbide luzea osatzen ari dira. Positiboa da hori. Egia da aurtengo jardunaldien aurkezpen ekitaldian alderdi sozialista falta zela, baina Baketik erakundetik erronka nagusia horixe dugu orain, berriro ere ordezkaritza duten hiru alderdiak prozesuan txertatzea.
Horrelako egoerak ohikoak al dira beste herrietan?
I.U. Bai, halaxe izaten da. Eta ez dira beti publiko egiten. Batzuetan alderdiek, tokian tokiko prozesuek daramaten abiaduraren arabera, prozesua azkartu edo mantsotu egin nahi dute eta tarteka talka izaten da.
Aurtengo ekitaldiak azalduko al zenituzke?
I.U. Torturak espreski ez dira orain arte Urnietako jardunaldietan aztertu, eta bistakoa da giza eskubideen urraketei dagokionez hor urraketa nabaria dagoela. Beste biolentzia batzurekin alderatuta itzalean geratu da beharbada, eta ikerketa ofizialei dagokionez hutsunea dago. Pako Etxeberria eta bere lantaldea ikerketa handi samarra egiten ari dira eta horren berri ematera dator Urnietako Lekaiora. Eusko Jaurlaritzarentzat egindako txostena publikoa da, udako ikastaroetan aurkeztu zen eta egindako hori sozializatzea egokia zela iruditu zitzaigun. Urnietarrek ikerketaren inguruan galderak egiteko aukera izango dute.
Bigarren saioa antzezlana izango da. Filmak eskaini edota hitzaldiak antolatu izan diren bezala, formatu ezberdinekin proba egitea erabaki dugu. Metodologia aldatu eta larunbat arratsaldean antzezlana eskainiko dugu, kontuan hartuta Urnietan hori egiteko aukera paregabea dagoela. Gatazkaren biktima eta biktimarioaren arteko erlazioa lantzen da antzezlanean, Langraitzeko esperientzian oinarrituta. Topaketa horiek antzerkira eraman dituzte eta horixe da larunbatean ikusi ahal izango dena. Antzezlanak ikusleen gogoeta sustatuko du, hori ziur.
Antzezlana eta gero, Iosu Elespe lasartearrak biktima modura eta Eduardo Santos bitartekari lanetan aritutakoak bere lekukotza eskainiko dute. Bi hauek euren esperientzia erreala azalduko dute. Eta kasu honetan ere ikusleek solaskideekin hitz egiteko aukera izango dute.
Urnietan bezala, Andoainen ere bizikidetza lantzen ari dira. Andoaingo herriari dagokionez, nola ikusten ari zara orain arte egindakoa?
I.U. Aurten bi urrats nagusi eman direla nabarmendu behar da. Batetik memoriaren egunerako idatzia adostu da, eta aurten gainera edukiz aberastu dute. Kanpotik ikusita erraza dirudi, baina kosta egiten da bakoitzak hitz edo adiera batean indar berezia egin nahi izaten duelako.
Bigarrenik, urte hasieran zine zikloa martxan jarri dute. Beharbada dokumental horiek eskaintzeak ez dute bizikidetza erabat aldatuko, baina sinbolikoki ordezkaritza duten alderdi guztiek egitasmoan bat egiteak indar handia du. Adostasunetik egindako egitaraua da. Dagoeneko, gainera, publikoa da Andoaingo udaletxean bizikidetza lantzen ari direla zeren eta denbora tarte batean prozesu hori modu diskretoan eman da. Sufrimendu handia izan da Andoainen, eta ikuspegiak oso ezberdinak izango dira, baina gutxienez guztiak mahai berean eserita daude eta horri garrantzia handia eman beharko genioke.
Ezin dira emaitzak berehalakoan lortu, baina aipagarri iruditzen zait Beterri-Buruntza eskualdea. Urnietan eta Andoainen bezala, Hernanin edota Lasarte-Orian antzeko prozesuak egiten ari dira eta hori oso baikorra da. Abiadura mantsoan doazela dirudi, baina esan dezaket denak ere onena ematen ari direla. Azken hamarkadatako inertziaren kontra ari dira, eta ez da gutxi.