Herriartekoa

Giro bikaina Herriarteko bertso txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 27a, 02:00

Amasa-Villabonako Am..ona eta Asteasu-Zizurkilgo Karidadeko Benta taldeek hasiera bikaina eman zioten txapelketari. Giro ederrean kantatzeko aukera izan zuten, eta baita garaipena eskuratzekoa ere. Ostiral honetan lehiatuko dira andoaindarrak, Itziarren. Jarraian, Asteasun eta Villabonan jokatutako bi saioen kronikak:

Villabonako Gaztetxean Am…ona!eta Arnope

 

Am…ona! (Amasa-Villabona) eta Arnope (Mutriku, Deba, Mendaro) taldeek Villabonako Gaztetxean izan zuten saioa.

 

Gaztetxera iristean oso giro goxoa aurkitu zuten, gazte asanbladako kideek arretaz prestatutako oholtza eta 100 entzuleren berotasuna medio. Bertsolariek eskertuta ekin zieten lanei, saio on bat egiteko baldintzak aurkitu baitzituzten. Agur umoretsu batekin abiatu zuten saioa etxekoek, urpekariz mozorrotuta. Orduantxe igarri zen jendea ondo pasatzeko gogoz gerturatu zela eta saioari berotzea kosta zitzaion arren, erdialdetik aurrera gora egin zuen.

Aipatzeko moduko saioa osatu zuten bi taldeek puntu erantzunetan, errimak elkarri emanez, bakarka eta kopletan egindako lanekin (azken honetan, umore printzek giroa piztu zuten). Bertaratutako askorentzat, harrigarria izan zen Arnopeko kideek eta Ander Goikoetxeak egin zuten lana, jendaurrean abesten ohituta egon ez arren sekulako tenplea eta maila erakutsi zutelako. Azkenik, 16/8 ebatzi zuten epaileek, Am…ona-ren alde.

 

Asteasun Karidadeko benta eta Ran rober ran

Asteasu-Zizurkilgo Karidadeko Benta (Joseba Otaegi,Unai Mendizabal eta Haritz Mujika) eta Zarauzko Ran Rober Ran (Nahikari Gabilondo, Felix Zubia eta Iñigo Manzisidor “Mantxi”) aritu ziren Asteasuko Iturri ondo jatetxean 23:15ak aldera hasi zen bertso saioan. Ehun pertsona inguru bildu ziren bertan.

Afariak giroa jarrita edo, hasieratik saio beroa izan zen eta bertsolariak eta entzuleek, biek erantzun zuten ederki.

Agurrean, Karidadeko Benta taldekoek eman zuten zeresana traktore horiarekin, Zarauzko Ran Rober Ran azpiratzeko prest. 8ko handiko ariketan arrazoi onak utzi zituzten Joseba Otaegi eta Nahikari Gabilondok. Txikikoan, jendearen barrea eragiten jakin zuten artzain paperean aritu zen Iñigo Manzisidor “Mantxi”-k eta jubilatu gazta jalea izan zen Haritz Mujikak. 10eko txikian ostera, bertso sakonagoetan egiten badakitela erakutsi zuten Unai Mendizabalek eta Felix Sukiak, gaitz larri baten aurrean izan litezkeen bi jarrera irudikatuz.

Puntu erantzunetan bixi aritu zen “Mantxi”, galderei zuzen erantzunez.  Oinak emandako ariketan berriz, tarteka kolpeak jotzen asmatu zuten Otaegik eta Gabilondok. Bakarkako lanean, bakoitzak bere gaitik, bina bertso sinesgarri eskaini zituzten Mendizabal eta Zubiak, entzuleak aseta utziz. Agian, gaueko bertsoaldirik txalotuena kopletan Karidadeko Benta taldekoek egindakoa izan zen, alkoholik edaten ez duten bertsolariei begira dauden txikiteroen paperean. Erreferentzia gertukoekin entzuleengana iristen asmatu zuen Asteasu-Zizurkilgo hirukoak.

Amaieran, bai entzuleak eta bai bertsolariak gustura egin eta ikusitakoarekin eta emaitzak ere parekotasuna islatu zuen: 13 puntu Karidadeko Bentarentzat, 11 Ran Rober Ran taldearentzat.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!