Emakumeen pala taldea, indartsu eta gogoz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 23a, 01:00

Behar Zana pilota elkarteak talde berria du. 25 emakumek baino gehiagok parte hartzen duen pala taldea, hain zuzen. 

Behar Zana pilota elkarteko kideak, iazko Santio festetarako ohiko pilota txapelketak antolatzen ari zirela, hainbat neska billabonatarri, pala txapelketan parte hartzeko gogoa piztu zitzaion. Galdetu bezain laster, taldea osatuz gero, arazorik ez legokeela erantzun zieten antolatzaileek. Pixkanaka, bada, gaztetan palan ibilitako neskei nahiz inguruko emakumeei ahoz aho mezua zabaldu ondoren, 20 lagun animatu zen Santiotako emakumezkoen pala txapelketan parte hartzera; 10 bikote, guztira. Giro polita sortu zen parte hartzaileen artean eta festetan oihartzuna bereganatu zuen pilota txapelketak, ikusle ugari gerturatu zelarik, batez ere finala ikustera. Frontoiko giroan gustura sentitzen hasi ziren eta festetako txapelketa amaituta, aurrera jarraitzea erabaki zuten. “Partaideetako batzuk lehen palan ibilitakoak ziren, baina ez guztiak”, zehaztu dute pala jokalariek. Argi zuten aurrera jarraitzeko hurrengo pausoa, entrenatzailea bilatzea zela eta Santio festetan epaile izan zuten Ane Maiza pala jokalari eta entrenatzaile zizurkildarra hartu zuten euren gidari modura. Iazko irailean ekin zieten entrenamenduei, larunbat goizetan Bearzana pilotalekuan. Baina emakume asko biltzen zela ikusirik, bigarren entrenandu bat jartzea erabaki zuten; larunbatetan ez ezik, asteazken arratsaldetan ere bai.

Ane Maiza, entrenatzaile

Ane Maizak gidatutako entrenamenduetan, beroketen ondoren partidak jokatzen dituzte parte hartzaileek –une honetan, guztira 28 bat lagun–, entrenatzailearen begiradapean. Hark zuzentzen dizkie egiten dituzten akatsak edota hobetzeko gomendioak ematen. Taldean sortutako giro ona nabarmendu nahi dute entrenatzaile nahiz jokalariek, “kirol pixka bat egin eta ondo pasatzera etortzen gara entrenamenduetara”. Aurrera jarraitzeko gogoz dira, baina etorkizunari begiratu baino nahiago dute oraina bizitu eta, “asko ari gara momentua disfrutatzen”, diote. Entrenamenduak guztiz irekiak dira, “nahi duen edonor gertura daiteke gurekin palan jolastera” eta bakoitzaren esku geratzen da bertaratzea, “ahal denean ondo eta etorri ezin bada, beste batean. Ez dira batere saio lotuak”, argitu dute. Pala jokalari taldeak eskerrak eman nahi dizkio Behar Zanari, “pilota elkarteak lagundu baitigu taldea sendotzen eta antolatzen. Haiei esker dugu gurekin Ane Maiza entrenatzailea, taldea gidatzen duena”.

 

Palaz, eskuz baino erosoago

Pala modalitatearen ezaugarriez galdetuta, pilotan, oro har, garrantzia gehien indarrari ematen zaiola adierazi dute, pilota ahalik eta urrunen botatzeari. “Gure artean bada pala jokalari indartsurik, baina, oro har, indarrari baino gehiago, beste taktika batzuei ematen diegu lehentasuna. Beste joko edo gaixtakeria batzuk bilatzen ditugu”, azaldu dute umoretsu. Palaz jokatzea, eskuz jokatzea baino errazagoa da Ane Maiza entrenatzailearen ustez, “eskuarekin indar handiagoa behar da eta pilotak min egiten du askotan. Erosoagoa da palaz baino, eskuz jokatzea”. 

Ume eta gaztetxoen artean, eskualdean eskuz aritzen den neska pilotaririk bada ere, palara jotzen du gehiengoak gerora. “Une honetan, Amasa-Villabonan ez ezik, Andoainen, Adunan edo Zizurkilen badira palaz jokatzen duten emakume taldeak. Etorkizunean, polita litzateke haiekin jolastea”, diote, erronka botaz. 

Behar Zana pilota eskolak Amasa-Villabonan duen pisua ikusita, bestalde, garrantzitsutzat jotzen dute haurrek emakumeak palan jolasten naturaltasunez ikustea, “modu horretan pilotaren alorrean emakumeen erreferentzialtasuna sortzeko” eta umeek, txikitatik normaltzat jotzea emakumea frontoian.

 

Deialdia

Esandakoa, palaz jolastu nahi duen ororentzat aukera irekia da. Asteazkenetan (15:30etan) eta larunbatetan (10:00etatik 12:00etara) izaten da horretarako aukera Bearzana pilotalekuan. “Zenbat eta parte hartzaile gehiago, taldearentzat hobeto!”, dei egin dute Amasa-Villabonako emakumezko pala jokalariek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!