Dantza, zaletasun eta bizibide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 23a, 01:00

Udaz geroztik, Dantzaz konpainiako dantzari profesionala da Ioritz Galarraga amasarra. Aukeran dantza konpainiako dantzari izaten ere jarraitzen du, airean bezala dantzan.

Ioritz Galarraga Capdequi amasarrak Oinkari dantza taldean eman zituen dantzaren alorrean lehen pausoak, hamar bat urte zituela. Txikitatik gertutik bizi izan du dantza; Hilario aita, Oinkari dantza taldeko lehen belaunaldiko dantzaria izan baitzen edota Naikari arreba ere, umetatik dantzari fina. “Arreba etxeratzean, hark ikasitakoa entseatzen aritzen nintzen berekin batera”, dio Ioritzek irribarretsu. “Gurasoak ere beti ikusi izan ditugu dantzari lotuta eta, amaren aldetik, Lesakako amona ere dantzaria genuen. Ahizpak dantzan aritzen ziren eta kanpora ere eraman nahi izan zituzten beren garaian”. 

Oinkarin ari zirela, Naikari arrebak eta biek, Villabonako Solano musika eskolan dantza ikastaroa egin zuten Aukeran dantza konpainiako Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoarekin. Dantza sueltoaz gain, bestelako dantzak ere landu zituzten ikastaro hartan, “handik Aukeran dantza konpainian hasi zen arreba zuzenean eta, ni ere, hazten nintzenean, gogoan izango ninduela esan zidan Edu Muruamendiarazek”. Dudarik gabe, txikitatik ikusten zitzaion Ioritz Galarragari dantzarako dohain eta sen berezia zekartzala. “Bueno, hori esaten dute. Egia da niri dantza egitea betidanik gustatu izan zaidala eta erraztasuna ere badudala”, dio. Baina nahikoa izerdi bota du erraztasun hori landu eta garatzen. Asko saiatu da urtetan. Gaztetxo zelarik, Muruamendiarazen gomendioari jarraiki, Donostiako Thalia eskolan hasi zen balleta ikasten, baina ez zen denbora luzean aritu, “aspertu egiten bainintzen balletean” eta Edu Muruamendiaraz, Ibarrako Alurr dantza taldean irakasle hasi zenean, bertara gerturatzen zen, harik eta Aukeraneko buruak Oinkari dantza taldean eskolak emateari ekin zion arte. “15 urte nituela hasi nintzen Aukeran konpainian dantzan, oso gazterik”. Ingeneritza ikasketak egin zituen bitartean, zertxobait baztertu zuen dantza, baina beti eutsi dio bere zaletasun nagusi modura. 

 

Oinkariko harrobia

Aukeran dantza konpainian hasi arren, Oinkari dantza taldean ere jarraitu zuen lehen urteetan; Oinkari eta Korrontzi folk musika taldearekin batera, hamaika emanalditan parte hartu zuelarik Europan barrena. “Aurrerago utzi nuen Oinkari, denerako denborarik ez bainuen. Dantzaz gain dultzaina ere jo izan baitut aurten arte”, azaldu du. Ioritz Galarragak hamar urte daramatza Aukeran dantza konpainiako dantzari gisa. Hamaika kidek osatzen dute konpainia eta horietatik bost, Oinkari dantza taldeko kide izandako amasa eta billabonatarrak dira: Ione Iriarte, Itziar Uzkudun, Uxue Urruzola, Oier Laborde eta Ioritz Galarraga. –Axier Iriarte ere bertako kide izan zen bide profesionalari ekin zion arte–. Eta, besteak beste, Haatik konpainian ari dira Nerea Ezenarro edota Jon Arsuaga billabonatarrak, Kukain hasi berria da Lierni Kamio…, guztiak ere Oinkari dantza taldeko dantzariak izanak. Ioritzen ustez, “potentzial handia du Oinkarik eta exijentzia maila mantentzeaz haratago, igo egin dela ere esango nuke. Herri gutxitan daude halako dantza taldeak”. 

 

‘Maurizia’ martxoaren 17an, Basteron
{{IMG-37347}}

Aukeran dantza konpainiarekin, ikuskizun ugaritan hartu du parte amasarrak. ‘Aukeran hamar urte’ ikuskizunean lehenengoz, urteurrenaren harira osatu zuten emanaldian. Gerora, ‘Bideak’, ‘Gernika’, ‘Burnia’, edota ‘Geltokia’ ikuskizunetan. Fusioak ere egin dituzte, emanaldi ezberdinetako koreografia zatiekin osatuta, kalean eskaintzeko. Azkena, berriz, ‘Maurizia’. Emakume panderojoleari omenaldia egiten diote azken ikuskizun horretan, dantzari guztiek Mauriziaren papera hartzen dutelarik. Emanaldia osatzeko, koreografietako pausoak ez ezik, panderoa jotzen ere ikasi zuten dantzariek. “Emanaldian zehar, gehiago edo gutxiago, dantzari guztiok jotzen dugu panderoa”. Martxoaren 17an, ostirala, Andoaingo Bastero Kulturgunean eskainiko dute ‘Maurizia’ ikuskizuna 21:30etan. Herritarrak eta inguru guztia animatu ditu elkarrizketatuak dantza emanaldira. “Ilusio handia egiten du etxetik gertu aritzeak; amaren herrian, gainera! Beti dantzatzen da gusturago ikusleen artean ezagunak daudela jakinda. Berotasuna sentitzen da”. Ikuskizun gomendagarria da Ioritzen ustez, “istorioak baditu bere alde ilunak, baina bukaera oso alaia du eta ikusleak gustura geratzen dira. Guretzat ere oso bukaera indartsua da, satisfaktorioa”.

Euskal Herrian zehar ez ezik, Ameriketan edota Europan barrena ere emanaldi ugari eskaini du Ioritzek Aukeran dantza konpainiarekin batera. Argentina, Uruguai, Washington, Eskozia, Alemania…, leku mordoa ezagutu du. “Besteak beste, Fitur moduko turismo azoka internazionalak antolatzen direnean, Euskal Herriko gunean dantzari bezala aritzeko deitzen gaituzte maiz”. Espainia aldean ere sarritan ibili dira; Andaluzian esaterako. “Doinu andaluziarrak gure koreografiekin dantzatzea egokitu zaigu behin baino gehiagotan. Egia esan, oso ondo hartu izan gaituzte; txaloka eta ole-oleka ere bai. Nahasketak gustatu egiten zaizkie ikusleei”, adierazi du.

 

Dantzaz konpainiako kide

Iazko udan, abentura eta esperientzia berri bati ekin zion Ioritzek. Dantzaz konpainiako kide da abuztuaz geroztik eta lan-egun osoa dantzari eskaintzen dio geroztik. “Axier Iriarte bezala, ni ere Ane Anzak animatu ninduen Dantzaz egitasmoan hastera. Froga egitera joateko esaten zidan, baina nik ingenieritza ikasi nuen eta irakasle masterra egin ondoren, Donostian irakasle lanetan ari nintzen dagoeneko. Axier eta beste dantzari bat Turinera dantzari bezala joan zirenean, mutilak behar zirela eta gerturatzeko esan zidan. Gabonetako oporraldian joan nintzen eta froga batzuk egin ondoren, ekainean konpainian hasteko aukera eskaini zidaten”. Ez zitzaion erraza egin Ioritzi erabakia hartzea. “Dantzariarena eta irakaslearena, bi aukerak baloratu nituen, bakoitzaren alde onak eta txarrak ikusiz. Azkenean, dantzaren aldeko apustua egin nuen, irakasle izateko aukera luzeagoa izaten delako normalean”. Aukeran konpainiaren baitan, astean bitan entseatzen zuen eta dantza, lanarekin partekatzen zuen zaletasuna zen beretzat. Dantzaz konpainian hasteak, ordea, hobbya lanbide bihurtzea ekarri dio, urtebetez behintzat. “Orain edo inoiz ez’ pentsatu nuen. Urtebeteko kontratu bezala proposatu zidaten konpainiako kideek; profesionalki, nire buruari urtebetez dantzari izateko aukera ematekoa. Aukera eta ilusio handia da, geroago egingo ez nukeena. Dantzaz konpainiak 25 urteko adin muga du, eta adin hori dudanez, ezingo bainuke aurrerago parte hartu”. Aukera aprobetxatzea erabaki zuen eta momentua bizitzen ari da orain. Aurrez ez zuen sekula dantzatik bizitzea pentsatu, egunean zortzi ordu dantzari eskaintzea. Baina horretantxe ari da Dantzaz konpainiaren baitan. Goizeko 09:00etarako hasten dituzte dantza eskolak Errenteriako dantza gunean. Beroketen ondoren, ordu eta erdi pasatxoko balleteko eskola jasotzen dute eta prestatzen ari diren errepertorioa lantzen dute gero. 13:00ak arte aritzen dira goizean. Bazkalondoren, 14:00etatik 17:00etara jarraitzen dute. 
 

{{IMG-37348}}

Estilo ezberdinak

Koreografo ezberdinak etortzen zaizkie maiz Errenteriako dantza gunera eta, haiekin batera lanean aritzen dira halakoetan. Beste batzuetan esperimentaziorako tartea ere hartzen dute. Egoeraren arabera, ezberdin antolatzen dute eguna. “Atalak izena duen emanaldiak prestatzen ditugu tarteka. Astebetez koreografo bat etorri eta harekin 20 minutuko pieza sortzen dugu. Hurrengo astean gauza bera beste koreografo batekin eta, hirugarren astean, osatutakoa erakutsiz entsegu irekia egiten dugu dantza gunean. Biarrizko aretoetan ere dantzatzen dugu entsegu ireki bezala eta ostegunetan, Donostiako Victoria Eugenia azpiko aretoan aurkeztu izan ditugu pieza horiek. Aurrerantzean Tabakaleran. Eta kito. Hortxe bukatzen dira emanaldi horiek, ez dira gehiago errepikatzen”. Asko ikasi du Ioritzek Dantzaz konpainian hasi zenetik gaur egunera, izugarrizko aldea sumatzen du, “ez nengoen halako dantzak egitera ohituta; esaterako, aurrez ez nintzen sekula lurrean txiribueltaka dantzan aritu. Orain artean beti zutik egin izan dut dantza, baina bide berrietara ohitzen ari naiz”. 

Une honetan, hamabi kidek osatzen dute Dantzaz konpainiako taldea. Euska Herriko bost dantzari dira: Bilbotar bat, bi donostiar, Iruñeako bat eta Ioritz amasarra. Kanpotik etorritakoak dira gainerakoak: bi italiar, galestar bat, eskoziar bat, San Frantziskoko bat eta kanariar bat… “Ingelesez jasotzen ditugu eskolak eta gure artean ingelesa, gaztelania eta euskara hitz egiten ditugu. Kanpotik etorritakoei euskaraz erakusten saiatzen naiz”, azaldu du berezkoa duen irribarrerik galdu gabe. Esperientzia oso positiboa izaten ari da Ioritzentzat, “ikastaro intentsibo modukoa da eta asko ari naiz ikasten. Dantzan murgilduta nabil orain ia egun osoa eta hobetzen laguntzen du horrek. Mugitzen eta disfrutatzen ikasi dut asko. Lehen oso azkarrak iruditzen zitzaizkidan mugimenduak errazago egiten ditut orain. Koreografo askorekin aritzen garenez, estilo ezberdinak ikasten ari naiz”, dio. 

 

Sentitu, transmititu

Edu Muruamendiarazekin eta Aukeran dantza konpainiaren baitan, batik bat, landu zuen Ioritz Galarragak zer edo zer dantza garaikidea, baina Dantzaz konpainiarekin, buru-belarri ari da orain bide berri horretan trebatzen. “Orain arte egin behar zena egitera ausartu izan naiz, baina dantza garaikideko eskolak orain ari naiz serio jasotzen”. Dantzari berri asko hasi ziren batera Dantzaz konpainian iaz eta guztiei oinarritik abiatzea egokitu zitzaien. “Aureo’ ikuskizuna ikasi genuen aurrena eta orain ari gara bira hori egiten. Hurrengo emanaldia prestatzen ere ari gara jada. Bi koreograforekin aritu gara lanean eta ari gara pixkanaka emanaldi hori osatzen”. Esperientzia betegarri eta positiboa, baina gogorra ere badela jakinarazi du amasarrak, “hasi arte ez nintzen konturatzen zer nolako exigentzia maila eskatzen duen honek”. 

Dantzaren bidez sentitu eta transmititu egin behar dela uste du Ioritzek, “eszenatoki gainean oso ondo dantzatu arren, transmititzen ez baduzu, ez baitzara ikusleengana iristen. Baina transmititzea ez da erraza. Barrutik sinestu egin behar da eta istorian sartu. Emanaldia amaitu arte eutsi behar zaio irudikatzen ari zaren paper horri”. 

Dantzari amasarrak ez daki etorkizunean zein bide hartuko duen. “Froga modura hartu nuen urte hau, baina aurrera begira, ikusi egin behar zein norabide hartzen duen bizitzak”. Dantzari gisa gustura sentitzen den arren, “geroak esango du”.

 

Martxoaren 12an, Bilbon

Besteak beste, Martin Inthamoussu koreografoaren ‘Eresoinkaren itzalak’ emanaldia eskaini zuten joan zen urrian Angelun (Lapurdi). “Berez, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzari lotuta osatu zen, baina Iparraldean eskaini genuen. Ikuskizuna hasi aurretik, 24 lur zakukada bota zizkiguten gainetik eta lur azpitik ateratzen ginen dantzariok. Andoaingo Bastero Kulturgunean aritu ginen entseatzen astebetez. Inmigrazioaren gaia lantzen zuen ikuskizunak. Kanpora joan arren, bakoitzak nola eramaten duen bere lur zatia berekin”. Hilabetez aritu ziren euskal sustraiak zituen Inthamoussu koreografo uruguaiarrarekin lanean eta emanaldi ikusgarria osatu zuten. Momentuz behin bakarrik eskaini da jendaurrean eta Donostian behintzat aurkezteko esperantza txikiari eusten diote oraindik.

Dantzaz konpainiako kideek, Mikel Laboaren ‘Txoriak’ ikuskizuna eskainiko dute datorren martxoaren 12an Bilbon. Ondoren, esan bezala, Andoainen arituko da Ioritz Galarraga Aukeran dantza konpainiarekin ‘Maurizia’ ikuskizuna eskaintzen, martxoaren 17an.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!