Amasa-Villabonako Udala, erabakitzeko eskubidearen alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 22a, 01:00

Joan zen astelehen iluntzean, martxoaren 19ko galdeketaren alde, Tolosaldeko Giltzarriak aurkeztutako mozioa onartu zuen Amasa-Villabonako udalbatzak:

Giltzarria ekimenaren baitan lanean ari den herritar batek irakurri zuen mozioa udalbatzako kideen aurrean:

"Tolosaldeko Giltzarria herritar dinamika da, Tolosaldeko Gure Esku Dagoren enbor beretik sortua, eta gure herrian ere badu ordezkaritza zabal bat. Martxoaren 19ko galdeketa antolatzea du xede, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik egikaritzera pasaz.
Eskualdeko herritar ororen bilgune izan nahi du Giltzarriak, erabakitzeko eskubidea, emaitzaren gainetik, gizarte kohesiorako dagoen tresna egokiena baita. Nolako Euskal Herria nahi dugun erabaki nahi dugu, gure herritik hasita, eskualdeko indarraz, eskualdeko biztanleon iritziaren babesaz.
Udal honek, herritarren ordezkaritza duen heinean, begi onez ikusten du Martxoaren 19ko galdeketa, eta are gehiago, dei egiten die herritar guztiei bertan parte hartzera, iritzia agertzera. Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako.
Guztion partehartzea ezinbesteko baldintza da erabakitze ariketa bat aurrera eramateko. Guztiok gara giltzarri. Martxoaren 19an, erabaki nahiaren espresio izango gara, ezberdinen arteko topagune, elkarbizitzaren giltzarri.
Europan martxan dabilen trena Euskal Herriko geltokira iritsi da, baita guk gobernatzen dugun herrira ere. Bertara igotzeko gonbitea luzatzen dizuegu herritar guztioi, honako galderaren inguruan zure iritzia ematera: Nahi al duzu estatu burujabe bateko herritarra izan?
Irudika dezagun jende zoriontsua herri libre batean.
Bozkatu, zure iritzia jakin nahi dugu!".

EH Bildu eta EAJ-PNVko ordezkari guztiek Tolosaldeko Giltzarriak aurkeztutako mozioaren aldeko bozka eman zuten eta PSE-EEko zinegotziak aurkakoa. Ondorioz, mozioa onartuta geratu zen aldeko 12 bozka eta kontrako bakarrarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!