Udaletxeak eskatuta hasi zen Patxi Arzamendi Asteasuko herribideen inguruko ikerketa lana egiten. Pili Legarra alkateak azaldu duenez, “garai bateko herribideen inguruko informazioa gorde nahi genuen, galdu aurretik. Adineko jendeak mantentzen du bide horien inguruko ezagutza, baina gazteagoek ez dute ia arrastorik ere. Memoria hori nonbait gordea izatea garrantzitsua zela iruditzen zitzaigun”.
Urtebete pasatxo
Ikerlana garatzeko bidean, 2015eko udan eman zituen lehen pausoak Patxik, eta kilometro pila bat egin ditu ordutik, bide horietan barrena. Artxibategiko lana ere egin du beharrezko informazioaren bila, eta herritarren testigantzak ere bildu ditu. Lan horren guztiaren fruitua Udalaren esku dago dagoeneko.
Gaur egun bezalaxe, erabilera eta tamaina ezberdinetako bideak zeuden garai batean ere: Herri batetik bestera joateko balio zuten bideak, baserriak lotzen zituen herribide sarea, soro eta mendi-sailetara joateko erabiltzen zirenak, gorputzbideak..., erabilera askotako bideen zerrenda osatu du Patxik. Haien inguruko datuak ere biltzen ditu udaletxean aurkeztutako txostenak; herribidea nondik nora doan, zenbateko luzera duen, nolako zorua duen, hesi edo itxiturarik ba ote duen, etab.
Memoria gordetzea
Asteasun, aurrez dokumentatu gabeko gaia zen herribideena eta premia hori bazegoela pentsatu zuten Udaleko kideek. Pilik azaldu duenez, egun, ohikoa da lursail ezberdinak itxituraz mugatzea, abereek ihes egin ez dezaten. “Itxitura horiek liskarrerako bide izaten dira batzuetan, herribideak ixten dituztelako. Herribideak, ordea, ezin dira itxi; bertatik pasatzeko aukera utzi behar zaio hala egin nahi duenari. Horrelako liskar txikiak gertatzen zirenean, ez genuen herribideak zehazten zituen dokumenturik; oinarri hori falta genuen”. Patxi Arzamendiren lanak hutsune hori beteko du. “Horrez gain, gure herriaren historiaren zati garrantzitsua ere badira bide horiek, gorde beharrekoa”, gaineratu du Pilik.
Artxibategiak eta testigantzak
Historialaria da Patxi Arzamendi, eta esperientzia handia du antzeko lanetan. Artxibategiko lan handia egiteaz gain, 112 testigantza ere bildu ditu Patxik, herri eta auzobideen katalogoa ahalik eta aberatsena izan zedin.
Artxibategi ezberdinetan barrena ibili da Patxi informazioa bilatzeko lanean: “Tolosako Jabegoaren Erregistroko artxibo historikoan aritu naiz, esaterako. Eskritura zaharrak daude gordeta han, eta herri bideen inguruko informazioa aurki daiteke bertan. Ez da erraza Tolosako Erregistroan arakatzeko baimena lortzea, Estatuaren ardura delako. Burokrazia lana eginda, ordea, lortu nuen bertara sartzea eta aberasgarria izan zen. Horrez gain, Asteasuko artxibo historikoan ere datu asko bildu nuen eta baita zenbait mapa edota liburu aztertuta ere. Esaterako, Luis Mari Mujikak landutako liburuan, izen toponimiko asko aurkitu nuen”.
Urte osoko lana eskatu dio Patxiri ikerlanak: “Lanegun erdia nire lanpostuan aritzen nintzen, eta beste lanegun erdia ikerlanari eskaintzen nion. Ahalik eta katalogo osatuena sortzea zen helburua, eta lortu dudalakoan nago. Oraindik ere gehiago sakon daiteke, baina oinarria jarrita dago”.
Harrera ona
Artxiboetan bilatutako datuez gain, hainbat herritarren hitzak ere bildu ditu Patxik. “Oso ondo hartu naute. Jende helduenak ondo gogoratzen ditu garai bateko bideak; gazteagoek berriz, etxe ingurukoak bakarrik”.
Arakatutako dokumentuetan bilatutako izen toponimikoen inguruan ere galde egiten zien herritarrei Patxik, eta gehienak baieztatu ahal izan ditu. “Ezagutzen ez genituen izen asko bildu dugu. Herriko mapa eramaten nuen nirekin irteera horietara, eta maparen gainean idatzi ditut bildutako izen horiek guztiak. Mapa digitalizatzea izango da hurrengo pausoa, betirako gordeta gera dadin”, azaldu du Patxik.
Oinez ezagututako bideak
Kilometro asko egin du Patxik, herri bideetan barrena. Argazkiz dokumentatu du lana, “herribide bakoitzaren irudi ezberdinak jasoz. Herribideen egoera oso ezberdina da puntuaren arabera; toki batzuetan garbi eta txukun mantenduta badaude ere, beste zenbait gunetan erabat sasiak hartuta daude”.
Guztira 145 bideren inguruko informazioa biltzen da lan honetan, eta bide bakoitzaren inguruko fitxa bat osatu du Patxik. Bide horietako 53, Asteasu eta inguruko herriak elkartzen zituztenak dira. Aia, Zizurkil, Anoeta, Alkiza, Larraul edota Errezilera joateko, garai batean erabiltzen zituztenak. Donostia eta Azpeitia batzen zituen garai bateko bidea ere Asteasutik igarotzen da, eta hori ere bildu du Patxik. Gainerakoak, herri barruko bideak dira; auzo eta baserriak lotzen zituztenak.
Altxorrak
Herribideak aztertu eta haien inguruko informazioa biltzeko lanak, beste hainbat altxor aurkitzeko bidea eman dio Patxiri; galduta zeuden izen toponimikoak, iturri eta askak, naturgune aberatsak, garai bateko industria txikien aztarnak, gerra garaiko lubaki baten arrastoa, etab. “Altxor asko topatu dut bide horietan barrena. Belazea eta bidea banatzeko harri-losa handiak, gurdien joan-etorriek lurreko harrietan utzitako arrastoak, zuhaitz ikusgarriak…”. Horiek guztiak ere jaso ditu Patxik bere txostenean.
Otsailean egin zuten txostenaren jende aurreko aurkezpena Asteasuko udaletxean, eta herritar asko gerturatu zen bertara. “Adineko jende dexente gerturatu zen aurkezpenera eta haiek ondo ezagutzen zituzten garai bateko bide horiek”, azaldu du lanaren egileak.