Emakumezkoen I. Pala txapelketa azkarra, festa egun borobila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 20a, 01:00

Joan zen larunbatean, I. Emakumezkoen Pala txapelketa azkarra jokatu zuten Behar Zana elkarteko emakume palistek, Bearzana pilotalekuan. Egun osoko festa izan zen eta giro polita sortu zen goizetik hasita:

Argazkiak

10 bikote, 20 jokalari guztira. Galtza zuriak eta Behar Zana taldeko kamiseta berria soinean jantzita, Bearzana pilotalekuan elkartu ziren goizeko 11:00tan txapelketari hasiera emateko. 19 emakume eta adimen urritasuna duen gizonezko bat aritu ziren jokoan. Pozarren guztiak. Bearzana eta Olaederra kiroldegiko frontoian jokatu zituzten kanporaketak, txandaka, 12 puntura arteko partidatan. Guztiek elkarrekin Behar Zana elkartean bazkaldu eta 15:30etan ekin zieten finalaurrekoei. Lehiaren gainetik, festa eguna izanagatik, irabazleak ere izan ziren txapelketan, noski: Ainara Manzisidor eta Laura Carreterok eskuratu zuten lehen postua, Amaia Agirrek eta Amagoia Eskuderok, bigarrena.

Aurrerantzean ere, asteazken arratsaldetan eta larunbat goizetan jokoan jarraituko dute Bearzana pilotalekuan, Ane Maiza entrenatzailearen esanetara. Pala eskuan, bertara gerturatu nahi duten emakume guztiek ateak zabalik aurkituko dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!