El Salvadorreko errealitatea Nerea Izagirreren eskutik

Hamabi urteko gerra zibilaren osteko bake akordioaren 25. urteurrena ospatu berri dute urtarrilean El Salvador herrialdean. Adierazpen ofizial bikainak entzun dira, baina bestelako errealitatea deskribatzen digu Nerea Izagirre andoaindarrak. Bost urte darama bizitzen bertan familiarekin, eta El Salvador “itxaropen murritzeko” gizartea dela dio.

Elkarrizketa:

Hamabi urteko gerra latzaren ostean, gerrillak (FMLN) eta Arena alderdi ultraeskuindarrak akordioak sinatu zituzten...
Nerea Izagirre.
Milaka hildako eragin zituen, erbesteratuak ere milaka eta milaka izan ziren. Akordioekin jendeari nolabait iraunbizitzeko zakua eman zitzaion: lur zatitxoa eta ezer gutxi gehiago. Horretxekin egin behar izan zioten aurre bizimodu berriari. Egia da nazioarteko kooperazioa bideratu zela hona, baina sektorerik txiroenak eta batez ere emakumeak baztertuta geratu ziren prozesu horretan, beste behin ere. Zauri ugari geratu ziren sendatu gabe, injustizia sozialei ez zitzaien behar bezala heldu, eta hor diraute egiturazko diren makina bat arazok: txirotasuna, kaleko biolentzia, segurtasun falta, matxismoa, emigrazioaren fenomenoa…
Urte hauetan gizonezko eta emakumezko askoren erresilientzia maila jarri izan da frogan, bizipen tragikoa gainditzeko pertsonak daukan gaitasuna alegia. Eta gizonezko ugari alkoholean ito den bezala, emakume gehienak bizimodu umil batera itzuli dira, bost edo zazpi seme-alabako familia aurrera eramateko ardura beren bizkar hartuta.

Oroimen historikoa jorratzen ari dira salvadortarrak?

N.I.: Nire inpresioa da ez dagoela interes askorik horretarako, militarrengandik batik bat, eta baita ere gerrilaren aldetik. Amnistiaren legea ezarri zen eta ez da atzera begiratu nahi, giza eskubideen bortxaketen alorrean. Belaunaldi berriek gero eta urrunago sentitzen dira. Nik dakidala unibertsitatean sortu da oroimenaren berreskurapenaren aldeko saiakera txikiren bat; gertuago ezagutzen dudana feminismotik datorren ekimenena da. Izan ere, erabat ahaztu egin da emakumearen funtzioa gerra garaian; ez zaio aitortza txikirik egin. Batzuk gerrillariak izan ziren edo eta erabat laguntza arloan jardun zuten osasungintzan eta logistikako kontuetan; bestalde, familia gehienak gizonik gabe geratu ziren eta emakumeen ardurapean geratu ziren. 

Gerraz geroztik ez zaigu iristen berri askorik handik…
U.I.
Bai, baina egun biolentzia egunerokotasunean sartuta dago El Salvadorren. Azken aldian bizi izan ditugun zenbait une gerra garaiko unerik kritikoenekin konparatzen dituzte. Batez ere, Mara izeneko taldeak polizia eta militarrak akabatzen hasi zirenean; susmoa zen estatua desegonkortu nahi zutela eta Arena alderdiaren mertzenarioak zirela. 

Zer dira Marak?
N.I.
Antolatutako gazteen koadrilak dira. Oso modu territorialean mugitzen dira. Beren biolentziak egunerokotasunean eragiten du El Salvadorren. Emakumeak objektu sexual bezala erabiltzen dituzte, eta nahiko normalak dira horientzat tratu txarrak, bortxaketak, erailketak… .  “Zerga” jartzen diete negozio txikiren bat ireki dutenei, eta irabazitako bost dolarretatik hiru kentzen diete. Jende askori mugitzeko oinarrizko eskubidea ere ukatzen die. Gure auzoan badira gazte asko beste auzo batzuetara joan ezin dutenak, mara horien beldur. 
Mara horien aurkako borrokaren aitzakiapean, poliziak ere giza eskubideen urraketa galantak egin ohi ditu, erailketak, desagerketak…, eta dena inpunitate osoarekin; nahikoa dute edonori “susmagarria” edo “susmagarrien ingurukoa” dela leporatzea. 

Abortuaren gaia pil-pilean dabil El Salvadorren azken aldian...
N.I.
Onera aldatzen ari da gaia, mahai gainean jarri denez geroztik. Fundamentalismoa eta matxismoa erraietaraino dago sartuta estatu egituratan eta ezkerreko zein eskuineko jendearengan, eta azpimarratzekoa da erlijio ezberdinen eta horietako artzain ebanjelisten papera kultura matxista hori zabaltzeko garaian. Abortua kriminalizatuta egotea ideologia horren adierazleetako bat besterik ez da. 40 eta 50 urteko kartzela zigorrak ezarri izan zaizkie emakumeei abortatzeagatik, orain gutxi arte. Ezkutuan zegoen emakume presoen egoera, eta BBCk erreportaje bat egin zuenean azaleratu egin zen. Harrezkero, emakume kontzientziatuak biltzen dituen Colectiva Feminista izeneko plataforma euren alde lan handia egiten ari da. Babeserako sare bat antolatuta dago, emakumeak erregistratzeko, laguntza juridikoa eskaintzeko… Gaia politikoen agendan sartzea lortu dute. 

Zuk Mugen Gainetik GKErekin lan egiten duzu. Zein da zure eginkizuna?
N.I.
Nekazaritzarik bizi den Suchitoto komunitatean bizi naiz azken bost urteetan, eta beti kolaboratu izan dut GKE horrekin. Bertako “Tokiko Garapenerako Colectiva Feminista” izeneko elkartearekin elkarlanean jarduten du Mugen Gainetik-ek, eta niri batik bat bulegoko lana egokitzen zait, proiektuak eta txostenak idaztea. Nolanahi ere, Colectiva Feministak fronte ugari irekita dauzka eta horietan parte hartzen dut El Salvadorreko herritarra naizen aldetik. 

Zeintzuk dira lan ildo horiek?
N.I.
Instituzioekin eta emakumeekin egiten da lan batik bat. Politika publikoan, esate baterako, gobernuari eskatzen zaio irakaskuntzan ezar dezala aspaldian diseinatuta daukan hezkuntza sexuala eta integrala, indarrean jar ditzala emakumeen eskubide sexualen aldeko legeak, har ditzala indarkeria matxistaren aurkako benetako neurriak.
Emakumeei begira, ahalduntzeko eskolak sortu dira azken urteetan. Beraien helburua emakumeei formakuntza eskaintzea da, dagozkien eskubideen gainean sentsibilizatu eta kontzientzia hartzeko.     

Nahiko beltz marraztu duzu gazteen etorkizuna...
N.I.
Egoera ekonomikoarekin eta bizi den biolentziarekin estuki lotuta dagoen emigrazioaren aukerari heltzen diote gazte askok. “Amets amerikarra”ren ideia nahiko errotuta dago El Salvadorren. AEBetatik bidaltzen duten diruari esker bizi dira familia asko. Herrialdearen Barne Produktu Gordinaren zati handi bat suposatzen dute erremesa edota diru partida horiek.  
Iheslariek Guatemala eta Mexiko gainditu behar dituzte AEBetara iristeko. Bidean, Koyoteen esku geratzen dira; horiei hamabi mila dolar ordaindu behar dizkiete, eta hilabeteak pasa ditzakete desertuan, muga gainditzeko aukera horri heldu bitartean. Zorionekoak izaten dira bidean ez badituzte atxilotzen. Lagun bati orain gutxi gertatu zaio AEBetan atxilotu eta beste hamabi mila dolarretako fidantzari aurre egin behar izan diola. Kartzelatik atera ahal izan zen, baina ordainean bere familia zorretan geratu da.

Donald Trumpekin ez du ematen egoera hobetzera doanik….
N.I.
Ez dugu ahaztu behar Obamaren garaian milaka eta milaka salvadortar deportatu zirela. Nolanahi ere, Trump gizon megalomanoa da, munduaren jabea balitz bezala ari da jokatzen, eta bere hitza betetzen hasten bada, argi dago migrazioaren errealitateak okerrera egingo duela.

El Salvador esperantza gutxiko herrialdea dela adierazi izan duzu. Oraingo honetan ere, zabaldu diguzun mezua ez da oso baikorra.
N.I.
Bi haur eta mutil lagunarekin bizi naiz Sutxitotoko komunitatean, eta ezingo nuke han bizi ez banu sinetsiko egiazko aldaketan. Gainera, iruditzen zait neuk ere parte hartu behar dudala aldaketa prozesu horretan. Onar dezaket utopia batean bizi garela, baina egunez egun ematen ari dira pauso txikiak zuzeneko norabidean, eta horri eusten diot.
Adibidetzat jar dezaket nire bikotearen kasua: nekazal familia txiro bateko kidea da. Bere garaian, formakuntza jaso zuen bera bezalako gazte askorekin batera. Ondoren, antzerki taldea osatu zuten eta orain egundoko lana egiten ari dira gazteriarekin, “gizarte eraldaketaren” lemapean. Gazte askoren bizimodua eta etorkizuna aldatzeko ahalmena eduki dute.  
Zaila da eraldaketa orokor bat lortzea patriarkatua, kapitalismoa, ustelkeria, klima aldaketa eta beste hainbat faktore eraldatzeko. Baina gazteen eta emakumeen arloa jorratuz emaitza txikiak ikusten dira, pixkanaka. 
 

Mendebaldeko herritarron ikuspegitik ez dirudi erraza izango denik indarkeria nagusi den El Salvador bezalako gizarte batean bizitzea…

N.I.: Topikoa da esango dudana, baina egia da: haiek ez dira gu bezain materialistak. Guk dauzkagun ondasun eta erosotasunak ez eduki arren, askoz ere gutxiago behar dute poza sentitzeko. Errealitate hori irakasgai polita izaten da guretzat, eta umilago jokatzeko arrazoia ona ematen digute.

Jakina, maila pertsonalean, edonori bezala niri ere tarteka tokatzen zait animoz lur jota egotea. Baina normalki indartsu sentitzen naiz, ikusita inguruan daukadan jendea. Badira emakumeak zeharo miresgarriak direnak niretzako, eredugarriak. Hamabi urtez gerra sufritu zuten irudikatu ezin ditugun baldintzarik penagarrienetan, baina nonbaitetik indarrak atera eta adorez ekin diote bizitzari adorez, familia aurrera eramanez; are gehiago, igual ez dute ikasketa askorik edukiko baina egundoko lanketa egiten ari dira arlo publikoan, badakitenak mugitzen jende xehearekin bezala goi mailako politikariarekin. Konparazio batera, ezagutu dut emakume bat berrogei urteko zigorra ezarri ziotena abortatzeagatik. Kartzelan zazpi urte zeramala bera askatzea lortu zuten mugimendu feministek. Analfabetoa eta ume txiki baten ama da, baina zuzenbidea ikasteko erabaki irmoa hartua dauka; abokatua izan nahi du, bera bezalakoak defendatzeko.

 

Sentibera izateko gaitasuna galtzera iritsi liteke bat zuk deskribatu duzun gizarte horretan?

N.I.: Heriotzaren aurrean baliteke baietz, goiz ala berandu. Kalean hilda ikusi nuen lehenbiziko pertsonak izugarrizko inpaktua eragin zidan; aldiz, inguruan zegoen jendea ezer gertatu ez balitz bezala mugitzen zen. Hilotz gehiago ikusten hasten zarenean kalean, behar duzu distantzia pittin bat hartu.

Hori bai, distantzia hori hartzea zailagoa da, ezinezkoa esango nuke, begi aurrean agertzen zaizunean miseriazko bizimodua daraman jendea, are gehiago umeak tartean direnean. Esate batera, Siriako errefuxiatuen irudiak ikusita zaila egiten zait ulertzea gizakiak nola joka dezakeen ezer gertatu ez balitz bezala.

 

Zuzenbidean lizentziatuz geroztik tesia idazten ari zara. Laburtuko zeniguke bere mamia?

N.I: Aurten aurkeztu beharra daukat. Elikadura burujabetzaren testuinguruan, bi kontzeptu uztartuko ditu tesiak: elikadura eskubidea eta emakumeen eskubideen defentsa. Hiru kontzeptuak teorikoak izan daitezke, baina nik El Salvadorren bizi dudan eguneroko esperientzian txertatuko ditut. Hori bai, tesia ikuspegi feminista batetik jorratuko dut, zalantzarik gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!