Hungariatik Andoainera heldu da kaldereroen konpartsa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 18a, 01:00

Kaletxiki auzoan Ontza elkartearen parean egin du lehenbiziko saioa eta Goikoplazako bidea hartu du, zaharren egoitzan ohiko bixita egin ostean.

[Argazkiak]

Konpartsako kideek zartagiak ederki astindu dituzte, Gora Kaletxiki txarangak jarri dituen doinu bizien erritmopean. Guztiek ere kanpaldia Goikoplazan kanpaldia ipini dute, eta orduan bi erreginak udaletxeko balkoira igo dira. Urtea Hungarian igaro ostean berriro Andoainera etorri eta arreta eragin dieten zenbait kontu aipatu dituzte euren mintzaldian, umorez zipriztinduta beti ere. Leizotz auzoko papertegi zaharrean papera ez baizik hautsa sortzen omen da egun, eta han gaztetxe berria jartzea proposatu dute. La Salleko sutea bertako ikasleek eragin izanaren susmoa ere zabaldu dute. Zumea plazan taberna gehiegi ikusi dituzte, eta iruditu zaie Gora Kaletxiki txarangakoak afariak egiteagatik ateratzen direla kalera musika jotzera. Noizko Hungariako ijito bat Andoainen alkate? Horixe galdetu dute. Erreginek hitza eman dute Andoaingo alkate izanez gero, besteak beste, San Martin elizako kanpai zaratatsuak kendu egingo dituztela, plazako frontoia estali eta larunbatero-larunbatero herri afaria antolatu.

Azkenik, bertsoak gaztelaniaz kantatu dituzte. Hara bota dituzten bi bertsoak:

Venimos de Hungaria/con martillo y sartén/y cantaremos bertsos/hasta que nos dejen./Como estos vascuences/nada nos entienden,/sacaremos mas ruido/de lo que permiten.

De aquí a gobernar/solo hay un paso./Pronto como alcaldesa/estaré acaso./Y estaros seguros,/no será un fracaso./Y a lo que digamos/sí tendréis que hacer caso.

 

Goikoplazako kanpaldia desegin eta Kale Nagusian behera abiatu dira Zumea Plazan berriro ere kanpaldia jartzeko asmoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!