Pako Etxeberria forentsearen hitzaldia Lekaion

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 17a, 01:00

Pako Etxeberria Gabilondo forentseak hitzaldia eskainiko du Urnietan, Udalak antolatutako bizikidetza sustatzeko jardunaldien irekiera ekitaldian. Hizpide nagusia, 1960tik 2013ra bitarte Euskadin izandako tortura kasuei buruz zuzendu duen ikerketa. Datorren otsailaren 23an izango da, ostegunarekin, Lekaio kultur etxean arratsaldeko 19:00etan hasita.

 

Eusko Jaurlaritzaren eskariz, Kriminologiaren Euskal Institutua torturari buruzko ikerketa burutzen ari da azken urteetan; ez da amaitu ikerketa, baina nahiko aurreratuta dauka, eta Urnietan Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzako idazkari nagusiarekin batera 2016ko ekainean aurkeztu zituen lehen ondorioak azalduko ditu.
Ikerketak 4.009 pertsona identifikatu ditu oraingoz, 1960tik 2013rako epealdian Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabari dagokionez. Kasu hori guztietatik 2.000 sakonean aztertu dituzte eta horietako berrehuni Istanbuleko protokoloa aplikatu zaie, Nazio Batuen Erakundeak salaketen benetakotasuna ziurtatzeko erabiltzen duen mekanismoa alegia. Ikerketak Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza aipatzen ditu torturen eragile gisa.

Torturak 50 urte hauetan Euskadin izan duen benetako eraginaren berri ematea da ikerketaren helburua, eta aitormena, konponketa eta prebentzioari lotutako ondorioak zehaztea. Kasu horien egiaztapena burutu zuen bigarrengo fasean, 2016an. 

Hirugarren fasea ari dira lantzen, ondorioak eta gomendioak adierazteari dagokiona.

Etxeberria auzitegi-mendikuak zuzentzen duen lan-taldeak, besteak beste, Euskal Memoriaren fundazioak denbora luzez egindako txostena izan du esku artean. Fundazio horrek 1960-2014 epean 5.657 testingatza jaso eta dakumentatu izan ditu.
 
Errealitatea argitan jartzea
Kostaldeko Hitza aldizkariari otsailaren 7an eginiko adierazpenetan, ikerketak agerian jarritako 4.009 pertsonen errealitatea interpretatu zuen Etxeberriak:  “Horrek balio du ozen eta beldurrik gabe esateko errealitatea dela, eta adierazten du lotsagarria dela nola kudeatu den borroka antiterrorista deitutakoa. Ezkutuan egon da ardurak dituzten batzuek esaten zutelako gezurra zela, baina beste batzuek bagenekien egia zela. Gure inguruan gertutik ezagutu izan ditugu tortura kasuak. Kontuan hartzea falta zen, eta Eusko Jaurlaritzak ikertzea erabakitzea. Proiektua abian jartzean, zenbaitek esan zuen Jaurlaritzak ez zuela zilegitasunik kasu horiek ikertzeko, baina hori ez da horrela. Torturak ikertzea Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza planaren 6. puntuan dago jasota. Eta torturatuak izan diren pertsonengana hurbildu gara galdetzera; hori aurrez ez zen inoiz egin ofizialki”.

Justiziaren inguruan jardun zuen aipatu elkarrizketan: “Justizia ez da iritsi oraindik, bidegabekeria neurriz gaindikoa da. Baina aurrerapausoak eman ahal izateko, lehenik, ofizialki onartu behar da gertatutakoa, eta, horretarako, informazioa jarri behar da mahai gainean. 4.000 kasu agertu dira, eta 1.000 izan balira ere, eskandaluzkoa litzateke zifra”.

Pako Etxeberria Gabilondo (Beasain,1957) antropologo forentse ezaguna da. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza arloko doktorea da, Kriminologiako Euskal Institutuko irakaslea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea. Egun, torturari buruzko ikerketaz gain, buru-belarri dabil 1936ko gerrako gorpuzkinak azaleratzen, Arantzadi elkarteko antropologia saileko buru izanik.
Sari ugari jaso ditu azken urteetan bere ibilbidea aitortuz; azkenekoa, Gipuzkoa Giza Eskubideak Saria izenekoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandakoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!