Udal hitzarmena Gobernuz Kanpoko Erakundeekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 16a, 01:00

Gobernuz kanpoko hogei erakunde diruz lagunduko ditu Andoaingo Udalak, aurtengoan. Udal agintariek eta GKEen ordezkariek lankidetza hitzarmenak sinatu zituzten, udaletxean joan zen ostegunean egin zuten ekitaldian. Nazioarteko hainbat egitasmo lagunduko dituzte, bereziki emakumeenganako indarkeria egoerak gainditzera doazen egitasmoak.

Ana Carrere alkatea, Marijose Izagirre EAJko eta Maider Lainez PSE-EEko bozeramaramaileak eta GKEetako ordezkariak bildu ziren hitzarmenaren sinadura ekitaldira. Ana Carrerek GKEetako ordezkariei berdintasunari begira mundu zabalean egiten duten lan itzelagatik eskerrak eman zizkien. Alkatearen adierazpenetan ikusi zenez, Udalak munduko hainbat lurraldetan emakumeek bizi dituzten indarkeria egoerak gainditzeko lantzen dituzten egitasmoei babes berezia eman die.
Andoainera hurbildu ziren GKEetako ordezkariek ere esker ona adierazi zuten, Andoaingo Udalak murrizketak ezartzeko joera nagusitik aldenduz urtez urte diru laguntzak mantendu dituelako.

Oihana Merino
(Bakerako Lankidetza Batzarrea):

  • “Gure proiektua 200.000 mila biztanletik gora dituen Ziguinchor (Senegal) departamendura bideratzen da. Bertan bizi diren emakumeen eskubideak bultzatu nahi dira, eta horretarako emakumeak ahaldundu nahi dira formakuntzen bidez, gizarteko hainbat arlotan (hezkuntzan, osasungintzan, aisialdian...) euren eskubideak defendatzeko ahalbideak eduki ditzaten. Gizartean bertan txertatuta dauden emakumeeen elkarteekin lankidetzan jarduten dugu”.

Kote Urbieta
(Mugen gainetik):

  • “Urte mordoska daramagu El Salvadorreko herrialdean, bertako emakumeen aurkako biolentzia eragiten duten faktoreei aurre egitea izanik gure printzipioa. Emakumeen elkarteekin elkarlanean jarduten dugu, eta baratze txikiak dituzten emakumeen artean genero berdintasuna lantzen dugu. Andoaingo Udalaren diru laguntza jaso duen proiektu honek, zehazki, bizitzarekin, ugalkortasunarekin eta sexuarekin lotutako eskubideak garatu nahi ditu; hots, proiektu honen helburu nagusia nerabeen haurdunaldiak ekiditea da. Horretarako emakume talde bat gaituko da, gero horiek eragin dezaten gizarteko hainbat eremutan, izan ikastetxeetan, izan guraso elkarteetan, izan udalerrietan…”.

Ion Elizalde 
(Chiapas Enea):

  • “Txiapasko nekazari eremuetara bideratzen ditu ahaleginak gure elkarteak. Bi komunitateetako emakumeengan dauzkagu begiak jarrita gehienbat. Bertako elkarteekin batera emakumeentzat formakuntza ikastaroak antolatzen ditugu modu pertsonalean gaitu daitezen. Era berean, etxola turistikoak eta osasun guneak eraiki nahi dira, formakuntza jaso duten emakumeak izan daitezen euren kudeatzaileak. Oso garrantzitsutzat jotzen dugu jaso dugun laguntza, izan ere nahiko berria baita gure elkartea eta premiazkoa du hasierako bultzada”.

Fernando Vaquerizo 
(Mundubat Fundazioa):

  • “Gure proiektua Marokok okupatuta daukan lur eremuan garatzen ari da. Hain zuzen, Marokoko gobernuak legeztatu duen lehen elkarte saharauiarrarekin lankidetzan ari gara; “Giza eskubide larrien urraketen biktima direnen Saharako elkartea” du izena. Nahiko hasi berria da proiektu hauxe eta oinarriak jarri nahi ditu etorkizunean sendo segi dezan bere funtzioa betetzen. Izaera politikoa dauka proiektuak eta horixe aldarrikatu nahi dugu, uste baitugu premiazkoa dela kooperazio eredu hau ere”.

LAGUNTZA JASOKO DUTEN EGITASMOAK

  • Mundu Solidarioa Helburu (AMS-MSH): Ahalmen urritasuna duten Diriambako (Nikaragua) gazte eta helduen gizarte eta lan formakuntza. 12.000 euro.
  • Bikarte Elkartea: Itxaropen habia (Bielorrusia). 1.340 euro.
  • Bakerako Lankidetza Batzarrea: Ziguinchor (Senegal) departamenduko emakumeen eskubideak bultzatzea. 4.000 euro.
  • Behar Bidasoa: Kabugako (Rwanda) nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako jardueren indartze eta zabaltzea. 7.000 euro.
  • Chiapas Enea: Txiapasko (Mexiko) jatorrizko emakume gaitzeari begirako garapen turistikoa. 3.000 euro.
  • DOA: Beni departamenduko (Bolivia) osasun sistema indartzea. 7.000 euro.
  • Derandein Fundazioa: Kibera Keniako lurralderik txiroenean hezkuntza egitasmoa laguntzea. 4.000 euro.
  • FISC: Pastoko (Kolonbia) haur eta gazteen artean gizarte baketsu, ziur, inklusibo eta iraunkor baterako giroa sortzea. 7.000 euro.
  • Ojos del Mundo Fundazioa: Inhamba (Mozanbike) probintziako biztanleen begi-osasuna hobetzea. 5.000 euro.
  • Gipuzkoako Oscar Romero Solidaritza Batzordea: Tacubako (El Salvador) emakume nekazarien ekonomia eredua zabaltzea. 7.000 euro. 
  • Herriak Elkarlanean: Mantako (Benin) osasun zentroaren eraikuntza. 4.000 euro
  • IC-LI Ingenieria para la Cooperacion: Bokoko N´Daliko komunitatean (Benin) lehen hezkuntzako ikastetxe baten eraikitzea. 7.000 euro.
  • Medicus Mundi Gipuzkoa: Tigrayko (Etiopia) lau distritoetako emakumeen eskubideak egunerokoan ezartzen laguntzea. 4.200 euro.
  • Mugen Gainetik: Suchitotoko (El Salvador) emakumeak indarkeriarik gabeko bizitza eta sexu ugalketa eskubideen jarduerari laguntzea. 5.560 euro.
  • Mundubat Fundazioa: Sahara Mendebaldean giza eskubideen defentsaren aldeko mugimenduen indartzea. 4.000 euro.
  • ONG HONEK: Totogalpako (Nikaragua) hirigunean euri-erreketatik gertu bizi diren familiei eraikuntzak eraikitzea. 4.000 euro.
  • Taupadak: Chiman kulturako herri indigenetan (Bolivia) ur saneamendu-obrak egitea. 8.000 euro.
  • Proyde-Proega Fundazioa: Akassaton (Benin) gazteriaren sustapen integralari laguntza ematea. 12.000 euro.
  • Euskal Herriko Serso San Viator: Peruko hainbat eremutan eskolatu gabeko gazteei oinarrizko hezkuntza eskaintzea. 3.000 euro.
  • Txingudi Vida: Andre Dupont konplexuan (Burkina Faso) DBH3ko hiru gela altzairuz eta informatikako aparailuz hornitzea. 4.000 euro.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!