Eskualde mailako lankidetza hitzarmena, lehentasunezko gaia EH Bildurentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 13a, 01:00

Beterri-Buruntzako EH Bilduko ordezkarien ustez, lankidetza-hitzarmenak onura handiak ekarriko dizkie eskualdeko ekintzaileei, enpresei eta, oro har, herritarrei. Nolakoa izan behar lukeen argi dute: "jasangarria, parekidea eta parte-hartzailea".

"EH Bildutik joan den legegintzaldian hasi ginen udalen arteko lankidetza hori egituratzeko aukerak aztertzen eta lantzen. Guretzako lehentasunezko gaia da. Indar handia jarri dugu eskualdea osatzen dugun udalen arteko elkarlana bultzatzen eta marko juridiko bat sortzen. Gure eskualdearen garapenak ekonomia eraldatzailearen printzipioetan oinarrituta egon behar duela oso garbi daukagu. Eskualdeko udal gobernuetan egun kolore politiko desberdinak daude, eta EH Bildutik ahalegin handia egin dugu denen irizpideak eta interesak kontuan hartzen", adierazi du Andoni Gartzia Astigarragako ordezkariak.

Ez dute edonolako garapena sustatu nahi, "baizik eta ekonomia sozial solidario eta eraldatzailearen printzipioen araberako garapena sustatu nahi dugu. Tokiko garapen ekonomikoa eta soziala kooperatibismoan, jasangarritasunean eta parte-hartzean oinarrituta egon behar dutela ulertzen dugu. Lankidetza-hitzarmen hau bultzatu dugu gure eskualdea bidezkoagoa, iraunkorragoa eta parekideagoa lortzeko tresna izan dadin".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!