Batis Kortajarena Lasaga saritu du AFEDEGIk

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 13a, 01:00

Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkarteak - AFEDEGI- Batis Kortajarena Lasagari saria eman zion kirol federatuen galan; Federazioan, kirolari, entrenatzaile, zuzendari tekniko eta beste hainbat arlotan egindako lan itzelagatik. Saria jasotzerakoan Ekaitzek, bere semeak, hitz batzuk eskeini zizkion:

"40 urtetik gora da halterofilian hasi zinela eta zure ibilbidea oso zabala izan da. Lehen urrtatsak kirolari moduan eman bazenituen ere, entrenatzaile izateari ekin zenion ondoren; Donostian hasi, Beraundik pasa eta 1991tik aurrera Villabona-Zizurkilgo Danok Danena halterofilia taldean zaitugu.

     Entrenatzaile aparta izan zara eta zure bakarkako entrenamenduei esker, urtetan zehar emaitza bikainak lortu dituzu.

     Epaile gisa, asanbladako partaide, zuzendaritza batzordeko kide eta zuzendari tekniko gisa ere jardun duzu urte askoz Gipuzkoako halterofiliarentzat.

     Gutako bakoitzarentzat izan duzu tartea, baita kriston borondatea, bihotza eta esku-ezkerra. Bene-benetan egin duzu lan mundiala eta ederra. Zurekin lan egitea eta zugandik ikastea izan da kriston plazerra.

     Kontutan hartu baita mesedez, zure laguntza jasotzen jarraitzea behar dugula oraindik. Zugandik oraindik asko dugu ikasteko. Gure lana eta esfortzuarekin saiatuko gara zure ilusioa ez itzaltzen.

     Denok nahi dugu eta denon partez mila esker esatea eta ohore bat izan dela zurekin aritzea."

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!