Axerien Puska Biltzea Leizotz auzoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 13a, 01:00

Egundoko giroa sortu zuten axeriek Leizotz auzoko etxe eta baserrietan joan den larunbatean.

[Argazkiak]

 

Axeri dantzariei harrera ezin hobe egin zitzaien Anaztegi, Agerreborda, Antzizu, Idiazabal, Mizpiradi Amezti, Asu, Antzizar eta beste hainbat baserrietan, guztietan ere hamaiketako ederrez gozatzeko aukera izan zutelarik. Axeriek dantza-joko irrigarriak behin eta berriro egin zituzten baserri atarietan, eta giro alaia nagusitu zen goizean goizetik hasi eta eguardi bitarte.   

Nekazari kutsua duen inauteri giroko ohitura da axerien puska biltzea, orain dela bost urte berreskuratu zuena Axeri Dantzaren aldeko elkarteak, Olagain txistulari elkartearen laguntzarekin. Axerien puska biltzeak inauterien etorrera iragartzen du Andoainen. Hain zuzen ere, kaldereroen bi konpartsen txanda helduko da asteburu honetan, Andoaingo Konpartsaren eta Ondarreta ikastetxearen eskutik. Kaleko inauteriek, berriz, bi aste barru hartuko dituzte Andoaingo kale eta bazterrak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!