Haur txikien guraso euskaldunei zuzendutako hitzaldia Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 13a, 01:00

“Nola lagundu seme-alabei lagunartean euskara erabil dezaten?” izenburupean hitzaldia, otsailaren 16an arratsaldeko 18:00etik aurrera Basteron.

Seme-alaben hizkuntza ohituretan eragin nahian, proposamen eta aholku ezberdinak eskainiko dizkie EBETE elkarteko Iñaki Eizmendi gizarte hezitzaileak Basterora hurbiltzen diren gurasoei. Hitzordua otsailaren 16an izango da, ostegunarekin, Basteron.

Hizlariak hiru bide garatzea proposatuko du hitzaldian:

  • Jokabideak: hizkuntza-ohitura asko imitazioz ikasten dira. Seme-alaben hizkuntza-ohiturak axola zaizkien gurasoei beraienak zaintzea komeni zaie.
  • Hizkuntzarekin harremana: hizkuntza-ohituretan eragin zuzena dute hizkuntzekin ditugun bizipenek, hizkuntzarekiko pertzepzioek, eta abar. Horri begira hainbat gomendio egingo dira hitzaldian.
  • Aberastasuna: etxetik euskara aberatsa eskaintzea abiapuntu garrantzitsua da seme-alaben hizkuntza ohituretan eragitera begira. Saioan zehar aholkuak emango ditu.

Iñaki Eizmendi Lasarte-Orian Ttakun euskara elkartea sortu zenean dinamizatzaile lanetan eta aisialdiko arloan aritu zen: “Beti helburu moduan jartzen genuen euskararen erabilera sustatu nahi genuela, baina gero ez genekien nola egin. Zentzu horretan, baliabideak, tresnak eta ideiak emateko sortu nuen Ebete”.

Otsailak 16, osteguna. Bastero. 18:00.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!