Enplegu kualifikatua sustatzeko egitasmoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 13a, 01:00

Beterri-Buruntzako Udalek laneratze egitasmo berrian parte hartuko dute, Jaurlaritzarekin eta Europako Gizarte Funtsarekin batera.

Diagnostikoa gordina da: Langabezia tasa %14 ingurukoa bada, horietatik laurden bat 20-35 urteko gazteak dira. Eta gazte horietatik erdia baino gehiago gazte kualifikatua da. Bestela esanda, unibertsitateko edo LHko goi-mailako zikloko tituludunak dira. Egoera aldarazteko, 2016-2021 urteetarako, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko garapen agentziek Hazilan laneratze-proiektua jarri dute abian. Beterriko garapen agentziatik egitasmo berritzailea horrela azaldu dute: “Gazte kualifikatuaren kolektiboa prestakuntza-maila handikoa bada ere, zailtasun handiak ditu lan-merkatuan sartzeko bere lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez duelako batetik, eta enpresek eskatutako zeharkako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez delako bestetik. Hazilanen helburu nagusia laneratzea da, laguntza pertsonalizatuaren bitartez. Hazilan proiektuari esker, garapen-agentziek etorkizuneko proiektuak dituzten enpresak zein diren jakingo dute, eta enplegu bat lortzeko behar dituzten baliabideak jarriko dituzte gazteen eskura, haien gaitasunak indartuz eta kudeatzen lagunduz”.

Hazilanek metodologia berritzailea proposatzen du, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua, eta parte-hartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara egokitua.
Proiektuak honako arlo hauekin lotuta egongo dira: nazioarteko merkataritza, berrikuntza eta dibertsifikazioa, teknologia berriak, eta abar. Hautatutako pertsonek 200 orduko errefortzu-prestakuntza jasoko dute proiektuan sartu aurretik.

IZEN-EMATEA ANDOAINEN
Programan parte hartu nahi duten enpresa edo gazte guztiek izena emateko aukera dute martxoaren 15era arte: 
• 943 304 221 (Urigain etxea).
• hazilan@andoain.eus

Postontzia: Beterri-Buruntzako Udalak
6.000.000 euroko apustua egin du Garapenek gazte enplegua sustatzeko. 2014-2020 aldirako Euskadiko Programa Operatiboan kokatzen da proiektua, eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du erdibana, eskualde garapeneko hogei agentziaren parte-hartzearekin. 

Aktibatu
Lehen fasean pertsonengan motibazioa, erantzukizuna, helburuak kudeatzeko gaitasuna, komunikazioa eta abar sustatzea du xedetzat. Helburua pertsonak prestakuntza pertsonalizatu baten bitartez eta coach baten laguntzaren bitartez aktibatzea da; horretarako, alderdi psikologikoak eta emozionalak ez ezik, lanbide-garapena lortzeko behar diren konpetentziak ere landuko dira.

Lanekin
Enpresan prestakuntza eskaintzen da lanpostu jakin bat betetzeko, eta enpresako irakasle batek bere gain hartzen du irakasteko eta ikasitakoa ikuskatzeko ardura. Prestakuntzak 300 ordu inguru iraungo du.

Kokatu
Praktikak egiteko hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko egonaldiak gauzatu behar dira enpresetan, lanpostua eta lanbide-profila kontuan hartuta. Enpresak gidatzen du prozesu osoa, eta Hazilan proiektuko teknikari batek egiten du jarraipena.

Enpresa-proiektuak
Lanbide-gaitasuna indartzen du enpresa-proiektuetan parte hartzeko aukera emanez. Proiektuak honako arlo hauekin lotuta egongo dira: nazioarteko merkataritza, berrikuntza eta dibertsifikazioa, teknologia berriak, eta abar. Hautatutako pertsonek errefortzu-prestakuntza (200 ordu) jasoko dute proiektuan sartu aurretik. 
Informazio gehiago Andoaingo Urigain etxean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!