Azkue Fundazioak euskal blogen inguruko inkesta bat abiarazi du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 10a, 01:00

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin du eta, azken urtetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta, euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu du. Edonork har dezake parte.

Inkestaren helburu nagusia hau da: euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak batzea. Alegia, blog kopurua zenbatekoa den, nola kudeatzen diren edota zein baliabide erabiltzen dituzten ezagutzea. Inkesta irekia da, edonork har dezake parte. Lanketa honen amaieran, Azkue Fundazioak partekatu egingo ditu inkestaren emaitzak.

 

Ikuspegi erreal eta zabala

Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen al dute?
Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa al da blog horiekin? Irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea? Datu zehatzik ez da.

Azkue Fundazioaren asmoa da inkesta ahalik eta euskaldun hiritar kopuru handienari helaraztea eta horrela, erantzun kopuru handia jasotzea.  Blogariak, irakurleak, interneteko garatzaileak, erakundeak… Arlo honetan dabiltzan guztientzat baliogarriak izango dira inkestaren ondorengo emaitzak.

Esan bezala, ahalik eta erantzun gehien izatea lortu nahi da, ikuspegi erreal eta zabala eskuratu ahal izateko. Modu horretan, informazioa benetan baliagarria bilakatuko da. Zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza aberatsagoa eta osatuagoa izango da.

 

Etorkizunari begira, tresna baliagarria

Egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria bilakatuko da inkesta hau.

 

Inkestaren ezaugarriak

Inkesta gizarte osora zabalik dago, hau da, edozeinek bete dezake; edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek, nahiz eta blogik ez izan; edota sarean ibiltzen den edozein euskaldunek. “Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere”, Azkue Fundaziokoek jakinarazi dutenez.

 

Inkesta non bete dezaket? 

Zuk ere parte hartu nahi baduzu, klik egin .

 

Blogetan! ekimenaren bigarren edizioa

Bestalde, Azkue Fundazioak Blogetan! Euskal blogariak lehian egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan. Lehiaketa honetan Argia aldizkaria du laguntzaile. Euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzea da helburua.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!