Adunako Zubitxiki industrigunean du egoitza Asvinenea elkarteak. Arte eszenikoak sustatzea da Asvinenearen helburu nagusia, eta lan horretan ari dira kudeaketa taldeko kideak. Dagoeneko sei urte dira ardura hori hartu zutela, eta errelebo premia sentitu dutela jakinarazi dute. Kudeaketarako proposamen berriak jasotzeko asmoz, deialdia zabaldu berri dute.
Iñigo Dorronsoro eta Ainhoa Andres kudeaketa taldeko kide dira. “Asvineneak 15 urte beteko ditu uda honetan eta urteotan, jende asko pasa da hemendik, diziplina ezberdin askotakoak. Azken sei urteotan, gehienbat aire akrobaziekin lotutako sei kideko talde batek eraman dugu kudeaketaren ardura. Energia asko eskatzen du horrelako gune bat kudeatzeak eta aldaketa baten beharra iritsi dela iruditzen zaigu. Aukera handiak ematen dituen gunea da, eta ideia berriak, indar berria behar da horri eusteko”, azaldu dute. Laguntza behar dutela azpimarratu du Ainhoa Andresek: “Ondo egin dugu lan, eta ekitaldi mordoa atera dugu aurrera. Lantalde polita osatuta aritu gara eta pozik gaude egindakoarekin, baina aldaketa garaia dela iruditzen zaigu. Aire berriak behar ditugu, eta baita laguntza pixka bat ere; Asvinenearen eskaintza gizarteratzeko, iristen zaizkigun eskaerei erantzuteko, etab”.
Indar berrien bila
Erreleboa eskatu dute kudeaketa taldeko kideek, eta pauso hori ematea ez da erabaki erraza izan. “Garbi dakigu zer nahi dugun, baina garbi ikusten dugu, baita ere, gu ez garela denera iristen. Inertziaz jarrai genezakeen, baina ez genuen horretan erori nahi”, azaldu du Ainhoak. “Asvinenea ikaragarri gustatzen zaigu, eta badakigu aukera mordoa eskaintzen duen tokia dela. Energia eta ideia berriak ekarriko dituen jendea behar dugu eta hauxe zen momentua. Indar berririk iritsi ezean, Asvinenea ixteko arriskuan ikusten genuen, eta hori ez genuen inondik inora nahi”, gaineratu du Iñigok.
Erantzun oparoa
Pozik daude jasotzen ari diren erantzunarekin. Jende askok azaldu du interesa, eta ideia ezberdinak ari zaizkie iristen. Horrez gain, bazkide berriak ere lortu dituzte azken asteotan. Oraindik ere badago proposamen eta ideiak luzatzeko aukera. Martxoaren 1a arte finkatu dute horretarako epea. asvinenea@gmail.com helbidera idatzita jar daiteke harremanetan elkarteko egungo kudeatzaileekin. “Dantza, antzerki, zirko…, arlo ezberdinetako jendeak erantzun digu momentuz. Martxoaren 1etik aurrera, proposamenak bidali dizkigutenekin elkartuko gara. Aukera eta formula ezberdinak egon daitezke hurrengo kudeaketa taldea osatzeko garaian; talde eta arlo ezberdinetako jendea bateratuta, bakarka..., guztia adostu eta finkatzeko hilabete bat beharko dugula aurreikusten dugu”, azaldu du Iñigok. Kudeaketa proposamen berriei muga bakarra jartzen diete, “Asvineneak bere funtsa gorde dezala. Laborategia da; kultura egin eta zabaltzeko tokia. Horren barruan, oso gauza ezberdinak egin daitezke, baina funtsa galdu gabe”.
Gerturatzeko deia
Asvineneara gerturatzeko deia zabaldu dute Ainhoak eta Iñigok. Otsailaren 11n, besteak beste, Urtain boxeolariaren bizitza kontatzen duen antzezlana eskainiko dute Zurriola antzerki eskolako kideek. “Asvineneako egoitza gozatzeko egina dago, eta eskualdeko jendeari ezagutzeko gonbita luzatu nahi diogu. Antzezlana ikusteaz gain, gunea ezagutzeko aukera polita izango dute gerturatzen direnek. Altxorra da horrelako toki bat eskualdean izatea”.