Jokin Alberdi, bizikleta pasio

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 11a, 01:00

Ziklokroseko Munduko txapelketa lehiatuta amaitu berri du denboraldia Jokin Alberdi txirrindulariak. Atseden pixka bat hartu ondoren, errepideko denboraldiari ekingo dio.

Ziklokros denboraldia amaitu berritan, zer nolako balorazioa egingo zenuke?

Kosta egin zitzaidan martxa egokia aurkitzea. Bizkarreko min handiarekin hasi nintzen. Abendua inguruan hasi nintzen sentsazio hobeak sentitzen. Kategoriaz aldatzea egokitu zait aurtengoan, jubenil mailatik 23 urtez azpikoetara, eta alde handia nabaritu dut; ikasteko denboraldia izan da hau niretzat. Ziklokrosean, ordubeteko lasterketak izan ditut aurten, oso erritmo bizikoak eta gogorrak. Kategoria berri batean hasten zarenean, beti nabaritzen da koska bat eta aurten, are handiagoa izan da koska hori, lau urte zaharragoekin lehiatzea egokitu zaidalako. 

 

Arantzarik geratu al zaizu denboraldi honetan?

Denboraldi hasiera ez nuen batere gustura egin. Minduta bukatzen nituen lasterketa guztiak eta ez nuen sentsazio onik aurkitzen. Abendua aldera hobeto ibiltzen hasi nintzen; bizkarreko mina arindu egin zitzaidan eta lasterketatan emaitza hobeak lortzeko aukera izan nuen. Esaterako, Euskadiko txapelketa irabaztea lortu nuen. Konturatzerako, ordea, amaitu egin zait denboraldia. Luxenburgon jokatutako Munduko txapelketa izan da azken lasterketa. Munduko txapelketa horretara joateko hautatua izate hutsa oso pozgarria izan da niretzat, ez baita ohikoa kategoria berriko lehen urtean joan ahal izatea. 

 

Forma hartzea kosta egin zaizula aipatu duzu. Iaz izandako erorikoaren ondorioa izan al da?

Bai, iazko errepideko denboraldian, eroriko larria izan nuen Gipuzkoako itzulian. Itzuliko hirugarren etapa zen eta Aginagan izan nuen istripua. Txirrindulari bat gurutzatu zitzaidan, hari tokia uzteko albo batera egin nuen, eta oinezkoen babesgunea jo nuen bete-betean. Erietxean zenbait egun pasa ondoren, etxera etorri nintzen, kolpeak besterik ez nituelakoan. Egun batzuk igarota, Federazioako sendagilearengana joan, eta hark garbi ikusi zuen hausturak nituela; lau saihets-hezur, bularrezurra edo esternoia, omoplatoa eta bizkarrezurreko seigarren ornoa. Lesio horiek guztiak osatzeko, geldirik egotea zen irtenbide bakarra, eta azkenean, hiru hilabete egin nituen bizikletarik ia hartu ere egin gabe. Horrek ikaragarrizko eragina izan zuen nire prestakuntzan. Denboraldi hasieran, gainera, bizkarreko minari gaina ezin harturik ibili nintzen. Lasterketa hasi ordurako, bizkarra txikituta nuela sentitzen nuen.

 

Ez zitzaizun erraza egingo geldirik egon beharra…

Ez, baina gorputzak eskatzen zidan; berak jartzen zidan muga. Bizikletan ibiltzeko gogo ikaragarria nuen, baina gainean jarri orduko konturatzen nintzen alferrikakoa zela presaka ibiltzea. Ezin nuen. Zizurkildik atera eta Villabonara iristerako ezinean geratzen nintzen. Gorputza gehiegi behartzea txarra zela onartu, eta beharrezko denbora ematea erabaki nuen. 

Bizkarreko lesioa izan zen lanik handiena eman zidana. Berez, operatu beharreko haustura zela esan zidan sendagileak, baina hezur-muina oso gertu zegoela, eta arriskutsua izan zitekeela. Beraz, haustura bere horretan utzi, eta muskulatura indartzeko ariketak egiteko gomendioa eman zidan. Gimnasioko lanean aritu nintzen, eta baita igeriketan ere. Ariketa horiek asko lagundu didate gerora. Ziklokros denboraldiko lehen lasterketan, esaterako, izarrak ikusi nituen. Bizkarra erabat minduta nuen bigarren itzulirako. Denboraldiaren bukaeran, berriz, ez dut minik sentitu. Gimnasioan egindako lanak bere fruitua eman du, eta gusturago aritu naiz. 

 

Nazioarteko lasterketatan ere ibili zara. Nolako esperientzia da hori?

Europa aldean beste modu batera bizitzen dute ziklokrosa. Belgikan, esaterako, hemen futbolak duen oihartzunaren parekoa du ziklokrosak. Giro ikaragarria sortzen da lasterketen inguruan; sekulako festa da. Inbidia ematen du hori ikusteak. Hemen ere giro polita sortzen da, baina ez dauka zerikusirik hangoarekin. Munduko txapelketan zegoen giro hori, zaleen arteko festa eta animatzeko modua, ikaragarria da. Hemengo lasterketen artean, Asteasukoa da niretzat bereziena, lagunak joaten zaizkidalako. 

 

Ziklokros denboraldia amaituta, errepidekoa lehiatzeko asmoa duzu…

Bai, Ampo taldearekin arituko naiz. Normalean errepideko taldeek ez die txirrindulariei uzten ziklokroseko denboraldian parte hartzen. Niri, ordea, ez didate mugarik jarri, eta oso gustura nago. Orain denboralditxo bat hartuko dut atseden pixka bat hartzeko, eta errepidekoa prestatzeari ekingo diot gero. Kategoria berrira moldatzea egokituko zait errepidean ere. Lasterketak luzeagoak izango dira, eta ordu asko beharko ditut behar bezala prestatzeko. 

Txirrindularitza ikasketekin bateratzea ere egokituko zaizu. Nola moldatzen zara?

Batxillergoa amaitzen ari naiz. Momentuz ondo moldatzen naiz dena bateratzeko, baina urtean zehar izaten dira bolada zail samarrak. Oraintxe, esaterako, astebete osoa pasa dut etxetik kanpora, lasterketa ezberdinetan lehiatzen. Itzuleran, eskolako lan mordoa egin behar izan dut eta azterketak ere gain-gainean ditut. Lasterketarik ez dudan garaietan aprobetxatu behar izaten dut ikasteko. Ikusi beharko ikasturte amaieran nola moldatzen naizen. 

 

Ziklokrosa eta errepideko txirrindularitzaren artean aukeratu beharra iritsiko zaizu egunen batean…

Niri gehiago gustatzen zait ziklokrosa, zalantzarik gabe. Askoz ere dibertigarriagoa da. Errepidekoan kilometro asko egin behar izaten dira, segi eta segi. Ziklokrosean berriz oraintxe esprina, oraintxe bizikletatik jaitsi beharra…, askoz ere arinagoa da, biziagoa, politagoa. Ziurrenik errepidekoa baino gogorragoa ere bada, baina nik askoz ere gustukoago dut. Ziklokrosetik bizi nahi izanez gero, ordea, Belgika inguruko talderen batek fitxatzea izango litzateke irtenbide bakarrenetakoa. Gustura asko joango nintzateke hara. 

 

Danenako txirrindulari taldea aurkeztu berri dute. Zu izango zara entrenatzaileetako bat. Kontaiguzu…

Bai, Ander Altuna izan da taldearen sustatzaileetakoa, eta hark egin zidan proposamena. Gaztetxoekin hasiko gara, txirrindularitzan trebatzeko saioak egiten. Oso ideia ona iruditu zitzaidan, izan ere, eskualdean txirrindularitzan hasi nahi zuten umeek Andoainera edo Tolosara mugitu beharra izan baitute orain arte. Zizurkilen bertan aukera hori izatea oso ona izango da. Astean behin edo bi aldiz elkartuko naiz umeekin. Bizikleta gaineko teknikan trebatzea izango da nire helburua. Oso garrantzitsua da teknika ona izatea eta bizikleta gainean konfiantzaz sentitzea. Ariketa ezberdinak egingo ditugu teknika hori garatzeko. Txirrindularitzarekiko zaletasuna eta grina sortzea ere izango da nire helburua, etorkizunari begira oso garrantzitsua delako hori. 

Ziklokroseko denboraldian ere aritu naiz antzeko lanetan. Gipuzkoako selekzioko selekzionatzaileak deitu zidan proposamen hori egiteko. Lasarteko zirkuituan geratu, eta umeekin aritzen ginen, joko ezberdinen bidez teknika lantzen. Oso gustura ibiltzen dira, eta ia konturatu ere egin gabe garatzen dute teknika. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!