Gure Esku dago

Beñat Sarasola: “Har ezazue parte herri galdeketan”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 15a, 01:00

Martxoaren 19an galdetuko zaie Tolosaldeko hogeita zortzi udalerritako herritarrei euskal estatu burujabe bat nahi ote duten, Gure Esku Dago dinamikaren baitan.  

Buru-belarri zabiltza Tolosaldeko Giltzarria ekimenean lanean. Zerk bultzatu zintuen ekimenaren baitan lanean hastera?

Tolosan bizi den beste andoaindar batek animatu ninduen 2013an. Anjel Oiarbidek eta berak Tolosaldean zerbait mugitzeko premia ikusi zuten. Horrela, kalean hitz egiten ari ginela gonbidapena luzatu eta lehenengo bilerara joatera animatu nintzen. Egia esan, ezjakintasuna zen nagusi, artean ekimen hasiberria zelako, baina, orain buru-belarri gabiltza lanean. 

 

Zein giro sumatzen duzu martxoaren 19an Tolosaldean egingo den galdeketaren inguruan?

Lan-taldeetan jendea galdeketa prestatzeko lanean ari da, albait txukunen atera dadin. Bestalde, inguruan jendea gero eta aktiboago sumatzen dut eta herritarrak zertan ari garen galdetzera gerturatzen zaizkit. Interes handia ikusten dut, baina oraindik lan handia dugu egiteko. Bi hilabete eskas geratzen dira eta aste horietan herritarrak aktibatzen saiatuko gara. Orain arte nahikoa arrazoi eman ditugu, herri mailan ezagunak egin gara eta orain, martxoaren 19ko galdeketari begira, herria aktibatzea geratzen zaigu. 

 

Sinadurak biltzea izan da lehen pausoa. 6219 jaso dituzue Tolosaldean. Nahikoak al dira? Zein irakurketa egiten duzu datu horren inguruan?

Gure Esku Dagoren protokoloak adierazten duen bezala, sinadura bilketak gutxieneko batzuk bete behar ditu. Herrien eta bozka eman dezaketen herritarren araberako ehunekoak zehazten ditu, eta minimo hori lortu da. Horregatik, galdeketa egiteko herritarren babesa badagoela ikusi dugu. Ez da erraza sinadurak biltzea, lan nekeza da, baina jendearen erantzun ona ikusi dugu. Ondorioz, irakurketa oso positiboa egiten dugu. 

 

Ander Leon Aiurriko iritzi emaile larrauldarrak irakurketa ezkorra egiten zuen sinadura bilketan ibili ondoren, herritarren artean sumatu duen erantzunarekin. “Bolondresen lan ikaragarriak herritarren gehiengoaren indiferentziaren harresiarekin egin du topo”. Zer diozu?

Horrek hemendik aurrera nahikoa lan dugula adierazten du, baina ez dut uste hori irakurketa ezkorra denik. Hau aurreneko pauso bat da, ariketa xume bat besterik ez. Kritika hori negatibotasunetik urruti ikusten dut. Noski, nahiago genuke sinadura bilketa zabalagoa izatea, herria aktiboago egotea, eta herritarrak beraiek aktiboago egotea. Beraz, hori izango da gure saiakera martxoaren 19ra bitarte. 

 

Urtarrilaren 21ean Tolosaldeko herrien etorkizunari buruzko galdera adosteko bildu zineten 150 herritar inguru Tolosako Beotibarren. “Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?” dio galderak…

Tolosaldeko Giltzarriaren ardura da galdeketa diseinatzea, eta sinadura bilketa bera nola gauzatu erabaki zen bezala, galdera nola adostu erabaki behar izan zuen. Formula ezberdinak zeuden eta guk herritarren parte hartzea sustatzea erabaki genuen. Horretarako, 150 herritar eztabaidan aritu ginen. Jendearen balorazioa entzun besterik ez dago oso goiz polita pasa genuela jakiteko. Jendeak ekarpen onak egin zituen eta ekimenaren parte sentitzeaz gain, eskualdeko beste herritarrekin elkartzeko aukera izan zuten. 

10 pertsonako txokoak egin genituen eta pentsaera, adin eta genero ezberdineko herritarrak bildu ginen. Galderaren inguruan eztabaidan aritzea oso positiboa izan zen eta askok ahaldunduta atera zirela adierazi zuten. Hasiera batean zalantzaz bertaratu baziren ere, amaieran ziurtasun handiarekin irten zirela ikusi genuen. Beraien aurpegietan nabari zitekeen goiz hark ziurtasuna eta nortasuna eman zietela, egitasmoaren parte sentitu zirelako. Helburua erabat bete zen eta oso pozik geratu ginen.  

 

Erabaki Fest izango da hurrengo hitzordua, otsailaren 11n. Azalduko al duzu festa horren berri?

Hemendik aurrera egingo ditugun ekintza guztiak martxoaren 19ra begira egongo dira. Otsailaren 11n, Korrikaren estiloa jarraituz, Tolosaldean dauden bost adarretatik bizikleta martxak egingo ditugu. Eskualdeko bost puntetatik bizikleta martxak egingo dira, guztiak batera Tolosaraino iritsiz. Punta horietako herri txikietan festatxoren bat egitea da asmoa, jaiari hasiera emateko. Txupinazoa, salda edatea, txistorra jatea…, herri bakoitzak bere jaia antolatuko du. Ondoren, guztiak bizikletan Tolosara etorritakoan, ekitaldi nagusia izango da: manifestazio txiki bat, martxoaren 19ko galdeketa aldarrikatzeko ekintzaren bat eta, amaitzeko, Alondegian bazkari erraldoia. Tolosaldeko jende guztia gonbidatuta dago eta espero dut Aiztondoko herritarrak ere bertan egotea. 

 

Martxoan, berriz, Aiztondon festa eguna antolatzen ari zarete. Ezer aurreratzerik bai?

Aurrerantzean oraindik zabaldu ezin diren zenbait ekintza egingo dira. Inauteriak ez dira data aproposak horrelako aldarrikapenak egiteko, baina ondorengo asteak zenbait ekintza egiteko eta ahalik eta herritar gehien aktibatzeko baliatuko ditugula esan dezaket. 

 

Zenbat kide ari zarete lanean eskualde mailan? 

Zorionez lanean jende ugari ari gara. Lan talde ezberdinak ditugu: ekintza lan-taldea, ekonomiakoa, komunikazio batzordea… Ekimenaren bueltan 100 lagun baino gehiago gabiltza buru-belarri, baina zifra hori ekintza puntualetan biderkatu egiten da. Datozen garaiak oso potoloak izango dira eta hemen gaudenok soilik ezingo diogu aurre egin; halabeharrez bolondresak eskatzeko garaia iritsiko da, baina ez dugu zalantzarik jendea animatuko dela. 

 

Zeintzuk dira herritarrek galdeketaren inguruan jakin beharreko xehetasun garrantzitsuenak?

Galdeketa bera hasiera-hasieratik modu txukun eta gardenean egin nahi izan dugu. Horregatik, legeak eskatzen duen bezala, Tolosaldean bizi diren 16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete galdeketan. Bakoitzak bere herrian bozkatu beharko du, derrigorrez nortasun agiriren bat aurkeztuz. Hautesleku bat baino gehiago dauden herrietan, edonora joan ahal izango dute bozka ematera. 

 

Zein dei luzatuko zenieke herritarrei?

Dudarik gabe, martxoaren 19an parte hartzeko eta zoriontsu izateko. Egun hauek festa egunak dira eta gure leloak dioen bezala, izan gaitezen jende zoriontsua herri libre batean. Gauzatu dezagun hori. Jendeak ez dezala inongo beldurrik izan, etor dadila eta parte har dezala. Bestalde, dei bat egin nahiko nieke bereziki ezezkoan dauden herritar horiei: beraiek ere herriaren parte diren heinean, gonbidatuta daude eta etor daitezela beraien iritzia ematera. 

Handia egiten ari gara, horretara goaz eta, azken batean, handia egingo dugu. Herritarrak orokorrean oraindik ez dira kontziente egiten ari garen honek dakarren olatuaz. Galdeketa batzuk egin dira dagoeneko, baina aurtengo olatua izugarria da. Martxoan Tolosaldeko 28 herriak, Oarsoaldeko 4 herri, Astigarraga eta Hernani… Maiatzean eta ekainean ere olatu handiak datoz. Herritarrak animatu nahi ditut olatu horren parte izatera, handia egitera goazelako. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!