Sorabilla eta Aduna arteko errepidearen inaugurazio ekitaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 10a, 01:00

Irizar enpresa Adunan eraikitzen ari den lantegi berrian egin dute errepide berriatuaren aurkezpen ekitaldia. 650.000 euro bideratu ditu Foru Aldundiak errepidea zabaldu eta bidegorria egiteko:

Argazkiak

 

Urte hasierarako amaituta zeuden errepideko lanak. Adunako udaletxearen aspaldiko eskakizuna zen errepidea zabaltzearena, gune arriskutsuak zituelako. Azkenik, gaur egin dute errepide berrituaren inaugurazio ofiziala. Markel Olano ahaldun nagusia, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua, Josu Amilibia Adunako alkatea eta Jose Manuel Orcasitas Irizarreko zuzendaria izan dira ekitaldian.

Markel Olanok hartu du hitza, ekitaldian: “Foru Aldundiak Irizarren lantegi berri honi egin dion ekarpenik handiena da errepide berritua. Bere momentuan Irizarrek berak eskatu zigun errepidea egokitzea, lantegi honek azpiegitura hori beharko zuelako; hemen autobus asko egongo da eta behar bezala prestatu beharra zegoen”.

“Estrategi bezala herri honek badu estrategi industrial bat, eta horretan, espezifikazio teknologia behar dugu. Irizar hemen gauzatzen ari den proiektua horren lekuko da; hainbat enpresa garraio elektrikoaren aldeko saiakerak gauzatu nahian dabiltzanean ,garraio jasangarriaren alorrean mundu mailan kokatuko gaitu epe laburrean faktoria honek. Erakundeoi dagokigu horrelako egitasmoak lagundu eta bultzatzea”, azpimarratu du Olanok.

Aintzane Oiarbide diputatuak ere hartu du hitza ekitaldian zehar: “Konpromiso bat hartu genuen, bereziki planta berri honek sortuko duen mugimendua dela eta, eta baita ere poligono guztiari zerbitzua emateko bide hau konpontzea. Baina ez hori bakarrik, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua ere egin dugu, bidegorria eraikiz. Proiektua lau hilabetetan exekutatu dugu, esan bezala. 600.000 eurotik gorako inbertsioa izan da, eta Foru Aldundiak bete du zegokiona”.

Josu Amilibia Adunako alkatea ere izan zen inaugurazio ekitaldian, eta Irizar enpresak herrian bertan lantegia eraikitzeak ekarriko dituen onurak azpimarratu dit: “Adunako aspaldiko eskaera bat zen errepidea zabaltzearena. Irizarrek zerikusi handia izan du honetan. Adunako herriari eta Tolosaldeari onura asko ekarriko dizkio Irizar enpresak. Hiru faktoretan nabarituko dugu hobekuntza: ibilgailuentzat segurtasuna, mugikortasun jasangarria eta garapen ekonomikoa. Erriberako industrigunearen hazkuntza ekarriko du Irizarrek”. Irizar lantegiaren inguruan ere aritu da Josu Amilibia: “Adunako herriarentzat ondorio positibo asko ekarriko ditu. Tolosaldean enpresa txikiak ditugu gehienbat, eta ondo etorriko zaigu enpresa motore bat edukitzea. Irizarrek erakusten du mundu globalizatu honetan egin daitekeela hemen bertan lantegiak egiteko apustua. Azkenik, eskerrak eman behar dizkiegu Foru Aldundiari eta Irizar enpresari”.

Irizar taldearen izenean, Jose Manuel Orcasitas zuzendariak hartu du hitza: “Toki ezin hobean eraiki dugu lantegi berria: N-1etik gertu eta lotura egokiekin. Errepidea konpontzea besterik ez zen falta, eta hori dagoeneko egina dago. Lantegiko lanak oso aurreratuta daude. Maiatzerako amaituta egongo dira eta lanean hasteko moduan. Oso garbi dugu etorkizuneko aktibitatean ari garela. Merkatua guk aurreikusten genuen puntuan dago, eta lanean hastea besterik ez zaigu falta. Mugikortasun elektrikoaren inguruan arituko gara, eta mugimendu ikaragarria sortzen ari da. Gure produktuari begira daude bezero europarrak, eta baita konpetentziko enpresak ere. Hemendik aurrera, gure ideia guztiak garatu, hazi, lanpostuak sortu…, horixe izango da gure egiteko nagusia. Maila handiko negozioa izango dela uste dugu; hiri handietan mugikortasuna elektrikoaren aldeko apustua egiten ari dira, eta gu erantzuteko prest gaude. Lanpostu asko sortu, eta harro egoteko moduko lantegia izango dela espero dugu”, azaldu du.

Irizarko zuzendariak ere izan du eskertzetarako tarterik: “Foru Aldundiari eskerrak eman behar dizkiogu eta argi esan behar dugu, balio erantsia dela gure enpresek behar dutena. Balio erantsirik ez badugu, marka propioak eta teknologia aurreraturik ez badugu, ezingo dugu lehiatu. Hemen autobusa oso osorik hemen egingo dugu; teknologia gure lurraldean egotea bermatuko dugu horrela, eta baita hazkundea ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!