Astiasaran anaiak, plaza eta erromerietako errege

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 9a, 01:00

Gaztetxotan hasi ziren Astiasaran anaiak –Joxe Mari eta Luis– panderoa eta trikitixa astintzen. Urte asko egin dute geroztik elkarrekin plazaz plaza, dantza giroa zabaltzen.

Soinu handiarekin hasi zen Luis hamabi bat urte zituela. Gurasoek ekarri zioten eta Villabonako Emilio Salaberria ‘Kattuli’ etxera etortzen zitzaion jotzen erakustera. Akordeoia jotzen ikasteko, ordea, solfeoa ere behar zenez, Alfontso Mendiluzerengana joaten zen solfeo eskolak jasotzera. Baina Joxe Mari anaia panderoa ikasten ari zen dagoeneko Eleuterio Tapiarekin eta Luis anaiarekin trikitilari bikotea osatu nahian, diru pixka bat aurreztu zuenean, soinu txikia ekarri zion Luisi. “Gurasoei ezer esan gabe Andoaingo taberna batetik ekarri zidan soinu txikia. Soinu handia utzi eta Eleuterio Tapiarekin hasi nintzen txikia ikasten orduan”, azaldu du Luisek. “Bai, bai, gordezka ibili ginen hasieran. Soinu txikia gurasoek ezertxo ere jakin gabe ekarri bainuen. Aitak soinu handia nahi zuen eta guk txikia genuen nahiago”, gaineratu du Joxe Marik. Urtebebetez aritu zen Luis Astiasaran Eleuterio Tapiarekin trikitixa ikasten ‘gehiago ezin diat erakutsi, ez zekiat gehiago’ esan zion arte. “Negarrez hastekotan geratu nintzen, ez bainekien nola jarraituko nuen aurrera eta zintak entzuten hasi nintzen orduan. Belarria lantzen lagundu zidan horrek. Orduan ez zen kantuak grabatzeko mobilik eta gustuko piezaren bat entzun orduko, etxera joan eta trikitixarekin ateratzen saiatzen nintzen. Sekula jo gabeko piezak inprobisatzen nituen momentuan”, azaldu du Luisek.

 

Uda nahiz negu

Luis trikitixarekin baino lehenago hasi zen Joxe Mari panderoa jotzen; bere kabuz aurrena, Eleuterio Tapiarekin gero. Bi txandatan, Euskal Herriko Trikitilari txapelketan hartu zuen parte Eleuteriorekin batera, panderoa joz eta kantatuz. 1971 urtean, berriz, –Joxe Marik 16 eta Luisek 14 urte zituztela–, elkarrekin hartu zuten parte bi anaiek lehenengoz Donostiako Trinitate plazan. Lehen eta azken txapelketa izan zuten hura, “nahikoa” elkarrizketatuen ustez. Hurrengo igandean, ordea, Hernialdeko festetan eskaini zuten bikote bezala lehen emanaldia jendaurrean. Geroztik, batean eta bestean ibili dira urtetan, harik eta 2016. urtean euren ibilbideari bukaera ematea erabaki zuten arte. “Geratu gabeko urteak izan ditugu, etxera etorri gabe egunak igaro genituenak”. 45 urte pasatxo ibili dira Euskal Herrian barrena batean eta bestean emanaldiak eskaintzen. Neguan ere beti sortzen zitzaien musikaz goxatu beharreko ospakizunen bat, baina uda garaian segida-segidan aritzen ziren festaz festa. Ezkontza ugaritan dantza doinuak jarritakoak ere badira, DJek leku hori hartu zuten artean behintzat. Gustura ibili dira batetik bestera, festa giroan beti, “baina azkenerako nekatu egin gara. Esku-muturrek ere gero eta gehiago sufritzen zuten eta uztea erabaki genuen”, azaldu du Luisek.

 

Ramon taxista

Hainbeste urtean, trikitixa nahiz panderoa eskuan eta irribarrea ahoan ibili dira herriz herri eta festaz festa. Euskal Herri guztian barrena, “makina bat lekutara joan ginen, makina bat lekutara. Nafarroan asko eta Bizkaia aldean ere asko ibili ginen”, Joxe Mariren hitzetan. Oroitzapen goxo eta ehundaka pasadizoz betetako iragana dute bizkar gainean. Villabonako Ramon Iturriza ‘Ixkiña’ taxista zenari egin diote lehen aipamena. “Eskerrak Ramon ‘Ixkiña’ taxistari. Eskerrak hari! Batetik bestera eramaten gintuen bere autoan. Azken autoa gugatik erosi zuela esaten zuen. Bizkaia edo Nafarroa aldera joaten ginenean, han pasatzen zuen hark ere egun guztia, gurekin batera. Hurrengo egunean berriz ere emanaldia bagenuen, gauean etxera itzulitakoan ez zuen kotxerik deskargatzen. Biharamunean kotxea hartu eta martxa egiten genuen joan behar genuen lekura. Lagun ona genuen hura, emanaldiaren ondoren kotxean lo itzultzen ginenetan, kotxea deskargatu beharra bazen, gu esnatzerako egiten zituen lanak askotan”. 

 

Orexan eta Azkaraten

Besteak beste, Orexa herrian festa zen bakoitzean hantxe izaten ziren Astiasaran anaiak. Bost eguneko festa bazen, bost egunez etxeratu gabe, bertan geratu izan ziren behin baino gehiagotan. “Soinua jotzeko garaia iritsi artean, belar-biltzen ere aritu izan ginen Orexan. Herritarrak bezala hartzen gintuzten eta denetik egiten genuen: etxefuegoak bota, bazkaritarako arkumeak hil …”, adierazi dute umoretsu. Orexan halako egonaldia egin eta gero, herritarrak agurtu gabe etxeratzea ondo iruditzen ez zitzaienez, festetako azken egunean baserriz baserri kalejira egiteari ekin zioten. Urtez urte, ohitura bihurtu da lau lagunek hasitako kalejira hura eta pozarren diote orain festetako ekintzarik jendetsuenetakoa dela, txaranga eta guzti gerturatzen dena. Beste hamaika pasadizoren artean, bitxia da Azkaraten gertatutako hauxe. Karakola-zaleak dira astiasarandarrak eta Azkarateko trinketeko amonak oso goxoak prestatzen zituela gogoratu dute, “Ramon taxistarekin Azkaratera iritsi eta trikitilariekin egiten zen prozesioan ermitara abiatu aurretik, karakolak jan behar genituela bururatu zitzaion trinketeko amona sukaldariari. Alkatea, apaiza eta prozesioko gainerako kide guztiak zain egon ziren guk karakolak bukatu bitartean. Argi zegoen nork agintzen zuen han”, azaldu du Joxe Marik barre artean.

 

Aristerrazu, habia

Astiasaran anaiak non, hara gerturatu izan da haien jarraitzaile ugari urtetan. Inguruan, Aia eta Asteasu izan dira erromeriarekiko afizio handiena erakutsi duten herriak eta egun ere, garrantzitsuena Aristerrazu dela uste dute, “jendea dantzara gerturatzen da oraindik ere Aristerrazura. Egur batean aritzen ginen eta emanaldia amaitutakoan arropa aldatu behar izaten genuen, guztiz izerdituta bukatzen baikenuen. Baita dantzariek ere!”.

Agur gisa, Hondarribian nahiz Aristerrazun bi omenaldi jaso zituzten iaz. Joan zen urrian azkena Aristerrazukoa, espero gabean. “Ingurukoek eta ikasle ohiek hartu zuten parte eta oso hunkigarria izan zen guretzat. Ezustean hartu gintuen”. Azken emanaldi haren oroigarri gisa, maitasun handiz gordetzen dute bakoitzaren izenarekin brodatuta oparitu zizkieten txapelak, –12. orriko argazkian jantzita dituztenak–.

 

Musikaz haratago

Trikitixa eta panderoa jotzeaz gain, bestelako lanik ere izan dute Astiasaran anaiek. 18 urtez aritu zen Luis Urnietako udaletxeko langile gisa, gazteei trikitixa jotzen erakusten. Andoaingo udaletxean ere lau urtez egin zuen lan, herri langile bezala. Azken urteotan, Zizurkil goiko bere etxean soinu txikiak nahiz handiak egokitzeaz arduratzen da. Kanpotik nahiz barrutik soinua konpontzeko egin beharreko guztia egiten du. 4000 fitxa ditu guztira, lau mila soinu konpondu dituen seinale. Gogoko lana du eta gertutik gertura gainera, etxean bertan.

Joxe Mari Astiasaran ere pandero irakasle izan zen urtetan, gazte batek baino gehiagok ikasi zuen bere abilidade eta alaitasunetik. Gainerakoan, harakina da lanbidez. Behin baino gehiagotan abiatu izan zen panderoa jotzera matantza egin eta gero, zenbaitetan baita zihoazen herrira haragia eraman ere, emanaldiaren ondoren bazkaria edo afaria egiteko. Panderoaz gain, duela zortzi urte, bateria jotzen ikasi zuen kapritxoz. “Behin ikasita panderoa ez da sekula ahazten, baina bestelakoa da bateria. Ikasi eta asko entseatu behar da hura”, dio. Astiasaran anaiak, Luisen alaba eta Joxe Mariren iloba Leirerekin eskaini dituzte emanaldiak azken urteetan. Trikitixa jotzen zuen Luisek, panderoa (eta ahotsa) Leirek eta bateria Joxe Marik.

 


Laburrean

Fandangoa, arin-arina edo kalejira?

Luis eta Joxe Mari: Fandangoa. Biziena eta politena delako

 

Emanaldiari hasiera emateko pieza?

L.: Hasteko, fandangoa beti. Kalejirak emanaldian zehar eta bukaeran jotzen genituen, baina ez hasieran.

J.M.: Giroaren eta gerturatutako jendearen arabera aukeratu behar izaten dira piezak. Jendeari eusteko, agarratu pare bat jotzea onena.

 

Musikariak ez ezik, dantzariak ere ba ala zarete?

L.: Ni ez.

J.M.: Niri gustatzen zait sueltoan aritzea, baina aukera bada, agarratuan gehiago.

 

Gustuko plaza?

L. eta J.M.: Aizterrazu oso berezia izan da guretzat. Baina baita herri txikietako beste hamaika plaza ere: Orexa, Txarama, Azkarate, Elduaien…

 

Zer izan dira trikitixa eta panderoa zuentzat?

L. eta J.M.: Lagunak egiteko eta txokoak ezagutzeko modua, lanbidea…

 


Soinu txikia eta handia

LUIS ASTIASARAN

Soinu txikia edo trikitixa, handia edo akordeoia baino alaiagoa iruitzen zaio Luisi. Doinuek zerikusirik ez dutela dio. Trikitixa, gainera, nonahi erraz eraman daitekeela eta edozein txoko girotzeko musika-tresna egokia dela uste du. Baina jaitsialdia nabari du azken boladan, “musika tresnen artean ikaragarrizko aukera dago eta trikitixa jaitsi egin da zertxobait”.

 

Panderoa eta irrintzia

JM. ASTIASARAN

Panderoarekin batera, kantuan gutxiago aritu izan da Joxe Mari. Irrintziak edota emanaldia alaitzeko oihuak egiten, ordea, primeran moldatu izan da beti. Zer esanik ez panderoarekin mugimendu bizkorrak egiten. “Ikusleak zain-zain egoten ziren eta horixe ikustea gustatzen zitzaien gehien”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!