Edurne Ayuso: "Korrikari laguntzeko modu asko dago"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 9a, 01:00

Eskualdeko Korrikaren arduraduna da Edurne Ayuso, eta apirilaren 4ko hitzorduari begira elkarrizketa eskaini dio Aiurri aldizkariari.

Martxoaren 30etik apirilaren 9ra luzatuko da XX. Korrika, Otxandion hasi eta Iruñean amaituko dena. Apirilaren 4an igaroko da Beterri-Aiztondo eskualdetik.

 

XX. Korrika izango da aurtengoa. Zenbaki borobila izango du edizio berri honek…

Hogeigarrena, bai! Bi urtero egiten den Korrika festa honetan pertsona edo erakunderen bati omenaldia egiten zaio eta, aurten, hogeigarrena izanik, lehendabiziko ideia zoro hura izan zuten pertsonak omentzea polita litzatekeela erabaki zen. Besteak beste, omenaldi horretan ikusiko da aurtengo Korrika berezia dela eta, horrez gain, baita otsailaren 11n Irungo Ficoban egingo den festan ere. AEKko kideak omenduko dira bertan eta aurreko edizioetatik aukeratutako hogei momentu esanguratsurekin osatutako erakusketa ere jarriko da, irudiak eta testua tartekatuz. Irunen abiatuko den erakusketa hori ibiltaria izango da gerora. XX. urteurrenaren berezitasuna ikusi ahal izango da erakusketa horretan. Martxoaren 11n, Korrika festa egingo dugu Tolosan eta han ere, aurreko edizioetako flashak ekartzen ahaleginduko gara.

BATZUK leloa izango du aurtengo edizioak.  Nondik nora?

Oraingo honetan, euskaraz hitz egiten ez duten euskalzale horiengan jarri nahi izan da fokoa. BAT norberaren hizkuntza izan daiteke, hizkuntza bat edota euskara bera… ZU parean dagoen hori izan daiteke. Beharbada ez du euskaraz egiten, baina euskalzalea da. Azken batean, biek osatzen dute BATZUK talde hori. Eta hori da Korrika hain zuzen, BATZUK, guztiok osatzen dugun taldea. Tantaz tanta egiten den itsaso zabal hori osatzeko, guztiok gara beharrezkoak. Ez dugu ahaztu behar Korrika euskararen aldeko festa handi bat dela, baina baita hizkuntzen berdintasunaren aldeko festa bat ere. Hortik dator leloa eta oso borobila iruditzen zait.

 

Andoain eta Tolosaldeko Korrikako arduradun bezala, zein eginbehar izango duzu?

Andoain nahiz Tolosako batzordeek modu autonomoan funtzionatzen dute, baina  besteak beste, Aiztondoko ia herri guztietan ditugu Korrika batzorde edo ordezkariak. Batez ere, herri txikiak koordinatzeaz arduratuko naiz ni eta egin beharreko lanak guztion artean banatzeaz. 

 

Abian dira jada herrietako Korrika batzordeak. Herriz herri lanean hasiak zarete…

Lehendabiziko batzordea urte hasieran egin genuen. Herrietako batzorde gehienak osatuta eta martxan daude dagoeneko. Horrez gain, bi astez behin Tolosaldeko herri txiki guztietako ordezkariak Iruran elkartzen gara. Adunan, Zizurkilen, Amasa-Villabonan, edota Andoainen batzordeak eratu dira, Larraulen eta Asteasun ere baditugu ordezkariak. Beterri-Aiztondo eskualde osoan zehar, beraz, Korrikaren inguruan lanean ari da herritar ugari.

 

Ekimen ezberdinak martxan dira dagoeneko. Zehaztuko al dituzu zeintzuk diren?

Momentuz, Korrika laguntzaile kanpaina martxan jarri dugu. Norbanakoari Korrikako partaide izateko aukera ematen zaio kanpaina horren bidez. Korrikari 12 euroko laguntza eman eta trukean, pina eta deskontu txartela jasotzen ditu laguntzaile bakoitzak. Aurten, gainera, berrikuntza gisa, zozketak ere egingo dira Korrika laguntzaileen artean. Kilometroen salmentarekin ere martxan hasiak gara. Momentuz herrietako ordezkariek udaletxera, erakunde edo eragileengana eta ikastetxeetara ere jo dute. –Ikastetxeek euren aldetik, Korrika Txiki edo dena delako ekitaldiak antolatuko dituzte–. Horrez gain, Korrika kulturala ere abian da. Herriz herri, oraindik zehazteke dauden ekintzak antolatuko dira, baina dagoeneko Andoain eta Tolosan egingo diren bi ekitaldi potolo lotuta dauzkagu. Andoaini dagokionez, martxoaren 11n, ‘Erradikalak gara’ bertso eta bakarrizketa emanaldia eskainiko dute Ane Labaka eta Beatriz Egizabalek Bastero Kulturgunean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Egun horretan bertan, Korrika festa egingo da Tolosako Berdura plazan 19:00etatik aurrera baita ere. Aurtengo Zirkorrika bideoklipari keinu eginez, festa horrek ere zirko kutsua izango du. Berdura plazari zirko itxura ematen saiatuko gara eta festako elementuak ere zirkoari lotutakoak izango dira: magoak, Asvineneako malabaristak, clownak, bertsolariak edo hizkuntzaren malabaristak… Herritarrei zer datorren jakinarazi nahi diegu eta giroa piztu nahi dugu festa horien bidez. Korrika kulturaleko beste ekitaldi potoloa, Leidorren izango da, apirilaren 7an: ‘Ez dok hiru, euskal musikaren benetako istorioa’ emanaldia, Patxo Telleria eta Mikel Martinezen eskutik. Horrez gain, herri bakoitzak bere ekitaldiak antolatuko ditu. Oraindik zehazteke daude asko, baina Zizurkilen esaterako, pintxopotea eta jolasa uztartuko dituzte apirilaren 1ean. Era berean, urte hauetan guztietan Zizurkilen ateratako Korrikako argazkiekin erakusketa ere jarri nahi dute. Andoainen, martxoaren 30ean, Korrika hasten den egunean, Mintzalaguna ekimeneko kideekin Kantujira egingo da Malkogarriyak taldearekin elkarlanean. Festaren bukaeran kilometroa erosi duten eragileei petoen banaketa egingo zaie. Modu horretan, Kilometroa erosi dutenei aitortza edota omenaldi txikia eskainiz.

 

Zein dei luzatuko zenieke herritarrei?

Parte har dezatela. Ahal duten neurrian batzordeetara joan daitezela eta garbi edukitzeko bakoitzak eman nahi eta eman dezakeena emango duela. Laguntza guztiak dira ongi-etorriak eta ahoz ahoko lana ere garrantzitsua da. Jendearekin Korrikari buruz hitz egin eta kolabora dezatela ahal duten neurrian. Korrika lagun kanpaina ere har dezatela kontuan. Azken finean, 12 euro ez doaz inora, baina 12 euro hemendik eta handik, laguntza handia dira Korrikarentzat. Elkarteei begira, Kilometroa erosteko aukera hor dagoela eta sinbolikoki oso ekintza polita dela. Korrikarentzat oso laguntza handia da, gainera. Horrez gainera, enpresei begira, Korrikako lekukoaren irudia eskura daitekeela eta publizitatea kontratatzeko aukera ere badagoela. Korrikari laguntzeko modu asko dago; dena ez da dirua eta, eskulana ere eskertu egiten da. Korrikako ekimenetan parte har dezatela eta apunta ditzatela agendan hitzorduak. Korrika euskarari laguntzeko festa bat da eta noski, euskaraz jardun dezatela.

 

Nola bizituko duzu aurtengo edizioa?

Oso diferente. Korrika beti izan da niretzat festa hunkigarri eta polita, baina aurten barrutik bizitzen eta lehen ikusten ez nituen gauza asko ikusten ari naiz. Zenbat lan dagoen atzean… Gu bi urtez behin jabetzen gara Korrika badatorrela, baina AEKn talde bat beti ari da Korrikaren inguruan lanean, urte horretan egokitzen ez bada ere. AEKko langileek zein esfortzu egiten duten ikusten ari naiz, euren lan orduetatik kanpo, musutruk, Korrikarentzat lan egiten baitute. Korrika zein sentimendurekin eta nola maite nahiz bizi duten ere ikusten ari naiz. Ni, pozik, hunkituta eta urduri ari naiz bizitzen aukera hau, azken batean ardurako lana baita. Nire aldetik ahal dudan guztia jarriko dut eta hanka-sartze handirik ez egitea espero dut. Pozik nago, oso gustura.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!