Deiadar pozarren, aurtengo jaialdiaren emaitzarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 9a, 01:00

Euskal Herri osoko jaialdi bilakatuta, beste behin ere antolatzaileek aurrean jarritako erronka handiari bikain erantzun zioten. Ezin bakarrik egin eta langintza horretan laguntzaileen ekarpena ezinbestekoa izan da. Pozarren zeuden, normala denez, Deiadar elkarteko kideak. 

Andoaingo Piano Jaialdiaren hamabigarren edizioa bukatu berritan, Deiadar elkarte antolatzaileetako Txitxu Castrok eta Ainhoa Aiertzak, Aiurri aldizkariarentzat balorazio azkarra egin zuten: “Oso gustura gaude, astea nola joan den ikusita. Larunbat eta iganderako eguraldiak ez digu lagundu, baina izena eman zuten 758 partaideetatik gehienak azaldu dira, gaixotasunagatik-edo huts egin duen baten bat kenduta. A, B eta C mailatan bakarlari gisa eta lau eta sei eskutara emanaldi politekin gozatu ahal izan dugu guztiok, eta amaierako kontzertua amaitu bezain pronto, entzule, guraso eta irakasle ugari etorri zaigu zorionak ematera. Horrek, besteak beste, esan nahi du Euskal Herriko bazter guztietatik hurbildu den jendeak une gozagarriak igaro dituela Basteron”.
Ehunka partaide dituen asteburuko jaialdiaz gain, astean zehar egunero izan da kontzerturen bat entzuteko aukera: “Pianoa ardatz hartu arren, beste musika tresnak ere entzun ahal izan dira, zein baino zein erakargarriago. Hasi musika eskolako umeek egin zuten kontzertu didaktikotik, jada profesionala den Mikel Urdangarin biolin-jotzailearekin bukatuz, emanaldi bakoitza bere berezitasunekin agertu zaigu eszenategian”.
Xehetasun guztiak ondo lotzea eskatzen duen jaialdia da Andoaingoa, egundoko eginahala eskatzen diena antolatzaileei: “Pozik gaude dena pentsatu bezala atera zaigulako. Eskerrak eman behar zaizkie babesa eman diguten erakunde pribatu eta publikoei eta egunotan lanean ondoan izan ditugun boluntarioei. Musika eskolako ikasle gazte ugari aritu da zeregin ezberdinetan, goizean goizetik Basterora etorrita. Urtez urte errepikatzen dutenak dira, eta horiek ere gertutik sentitzen dute jaialdia”.

HITZORDU GARRANTZITSUA
ANDOAINGO PIANO JAIALDIA

Euskal Herrian ezinbesteko topagune bilakatu da Andoaingo Piano Jaialdia. “Halaxe da egia esan behar bada. Otsaileko hilabeteari eusten diogu, eta hainbat musika eskoletako irakasle eta ikasleek garai aproposa ikusten dute ikasturtean zehar egiten dutena erakusteko. Are gehiago, interesa edukitzen dute jaialdian zehar ikusi eta entzun dituzten obra berriak beren herrietara eraman eta han prestatzeko”.
12. edizioak utzitako zapore gozoaz gozatzeko ia denborarik hartu gabe, 2018ra begira jarri dute burua jada: “Hurrengo egunetan balorazioa egiteko tartea edukiko dugu, hobetu beharreko alderdiak aztertuz. Eta ondoren, berehala hasiko gara 13. edizioarekin, tamaina honetako jaialdi batek hilabeteetako lana eskatzen baitu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!