ENBA nekazarien sindikatuak 25. urteurrena bete du eta Urnietan joan zen igandean egin zuten urteko batzarrean, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren bisitaldia jaso zuten. Baita Urnietako alkate Mikel Pagolarena ere. Bisitaldia egiteaz gain, lehendakariak batzarrari amaiera eman zion hitzaldi txiki batekin, sektoreak duen garrantzia nabarmentzeko: “16.000 pertsonatik gora ari dira lanean bertako 15.500 esplotazioetan eta azken urtean bilakaera positiboa izan du, nekazaritza-errentak %2,5 egin baitu gora”.
Urkulluk ENBA sindikatuaren lana aitortu zuen, premia berrietara egokitzen jakin duelako. Sektoreak etorkizunera begira dituen erronkei dagokienez, belaunaldi berrien txanda bermatu behar dela adieraztearekin batera, Jaurlaritzaren prestutasuna agertu zuen. Eta adierazitakoa frogatzeko, Urkullurekin batera Urnietara bertaratu zen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia ere.
Horiez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza sailburuorde Bittor Oroz, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru ENBAren batzarrean izan ziren.
OMENALDIA ETA batzarra
Hogeitabosgarrena izatean, berezia izan zen ENBAren urteko batzarra. Efemeridea, gainera, ibilbide osoan sindikatuko lehendakari izan direnen lana txalotzeko aukera izan zen. Izan ere, batzarrean ENBAko presidente izandako Jon Arruti, Mikel Arteaga eta Iñaki Goenagari omenaldi txikia egin zieten bakoitzari txapel bana oparituz.
ENBAko presidente Iñaki Goenagak sektoreak bizi duen egonkortasuna azpimarratu zuen bere adierazpenean; “Ekoizpen sektoreak egituratuta daude eta eragile ezberdinen arteko elkarlana giro baketsuan egiten da. Aurrera begiratuz, geroz eta urbanoagoa den gizartearen behar eta nahiak hausnartu eta gure azpiegitura guztia gertuko merkatua asetzera bideratu beharrean gaude, ekoizle eta kontsumitzaileak eskutik helduta, bi aldeetako dinamika berria moldatuz”.
Goenagaren esanetan, baserriak etorkizun oparoa izango du: “Baserritik ogibidea atera nahi duten gazteentzat etorkizuna badago, are gehiago gure gizartean elikadura, natura, paisaia, jasangarritasuna, bertakotasuna eta beste hainbat kontzeptu nagusitzen ari direnean”.
Batzarrean Valentziako Unibertsitate Politeknikoan Ekonomi Aplikatuan katedradun Jose Maria Garcia Alvarez-Coque ere hizlari aritu zen, besteak beste nekazal sektoreak mundu aldakor batean izan dezakeen etorkizunari buruzko gakoak eskainiz.