Beterri Buruntzako eskualdearen erradiografia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 7a, 01:00

Miren Estensoro Orkestra lehiakortasun institutuko ikertzaileak eta Nerea Yurrebaso Andoaingo Udal teknikariak Beterri Buruntzako enpresa munduko datuen adierazleak eskaini zituzten Andoainen.

Eskualdeak dituen indarguneak eta ahulguneak, nazioartekotzea edota etorkizunerako erronkak hizpide izan zituzten. Sortzeko bidean dagoen garapen agentziak ekonomia suspertzeko izan dezakeen garrantzia ere aztergai izan zuten.
Miren Estensorok, lehiakortasunaren ikuspegitik, eskualdea Gipuzkoako beste eskualdeekin alderatuta erdibideko mailan ipini zuen. Eta horretarako hainbat datu erabili zuen. Besteak beste, barne produktu gordina (32.000 euro per capita) edota langabezia tasa (10-12%): “Eskualdea, 70.000 biztanlerekin, erdibideko lehiakortasun mailan dago Gipuzkoako beste eskualdeekin alderatuta. Ezaugarri nagusia dibertsifikazioa da; ez dago sektore espezializazio garbirik. Denetik du pixka bat. Horrek irakurketa negatiboa izan dezake. Hau da, lehiakor den bitartean ondo ibiliko da, baina zailtasunak sortuz gero, azkar batean ataka estuan jar daiteke. Alde positiboa, historian zehar moldatzeko erakutsi duen gaitasuna da”. 
Nerea Yurrebasok eskualdeko ikuspegitik, oso gertutik jarraitzen du Estensorok egiten zuen erradiografia hori. Eta datu gehigarriak eskaini zituen: “Gure eskualdean espezializazioa ez dago oso sakonduta, ez. Metala, energia, petrokimika edo plastikoa..., denetik dugu. Ez da tamainan sektore handia, eta gainera krisiarekin tamainan txikituz joan dira eta hori nazioartekotzeari begira, adibidez, eragozpen handia da. Orain arte egin dugun lan gehiena gure enpresak aztertu eta etorkizunera begira jartzen saiatzea izan da. Digitalizazio prozesuan edota 4.0 fabrikazioan, esaterako, etorkizuneko metalgintza eta manufaktura eredu berria garatzen hasteko gabeziak ditugu”. 

Kualifikazio maila handitzea etorkizuneko erronka izango da: “Eskualdeko enpresek manufakturazio aurreratuan urratsak emateko aliatuak edota bidelagunak aurkitu beharko dituzte. Gipuzkoa eta Euskal Herria txikiak dira eta saretzea ezinbestekoa izango da. Horixe bultzatu beharko genuke eta horretarako erabakiak hartu beharko lirateke. Horri lotuta, eskualdean lanbide heziketa puntakoa da, eta horren balioa azpimarragarria da. Kualifikazio maila handiko postuetarako, besteak beste lanbide heziketako formakuntza duten langileak beharko dira. Balioan jarri behar da hori. Alemanian, esaterako, lanbide heziketako ikasleak garrantzia handikoak izan dira digitalizazio prozesuan”. 

Erronkak askotxo dira, Estensororen analisiari erreparatuta: “Oraindik orain, eskura dauden datuek ikerketa eta garapenari bideratutako gastuan eskualdea Gipuzkoako bataz bestekoaren azpitik dagoela adierazten dute. Datu on modura, garapen agentziaren ikuspegiarekin dinamika berria abiatu da. Zein eskualde nahi den partekatzeko nahia agertu da. Gainerako eskualdeetan egin bezala, bertan ere agentzia martxan jartzeko une ona da”.

Bidea elkarrekin egin beharra dagoelako, hori oso garbi adierazi zuen Yurrebasok: “Eragile guztiekin tokiko garapena lantzen hasi gara, eta oso inportantea da guretzat esperientziak partekatzea. Zein behar ditugun ikusi eta etorkizuna nola landu, horixe da erronka nagusia. Zeren eta etorkizuna, bai ala bai, denon artean eraiki beharko dugu. Garapen auto zentratua deritzona landu beharko dugu, ditugun beharren arabera tokikoa indartzen saiatu beharko dugu. Eta horretarako elkarlana gakoa da”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!