Adostasun handia aurrekontuen bozketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 2a, 01:00

Urtarrilaren 26ko Udal batzarraldian aztergai gutxi zeuden, baina horietako bat urteko garrantzitsuenetarikoa izan ohi da, eta berau aurrekontu orokorraren eztabaida eta bozketa izan zen. 

Udal ordezkarien azalpenak:

Ana Carrere alkateak egin zituen aurkezpen lanak, hainbat xehetasun eskainiz. Ordurako ezaguna zen 17 zinegotzietatik 13 alde agertuko zirela. Adostasun handia izan da, beraz, aurtengo aurrekontua onartzeko garaian. Gobernu taldea osatzen duen EH Bilduk aurrekontua onartzeko EAJ-PNVrekin akordioa lortu zuen lehenik. Eta handik egun batzuetara Ganemos, Irabazi eta Zinegotzi ez atxikiaren babesa ere eskuratu zuen. Ikustear zegoen PSE-EEren jokabidea zein izango zen, baina aurreikus zitekeen ez zela aldekoa izango.
Esan bezala, Ana Carrerek defizit gabeko aurrekontua aurkeztu zuen, eta Udalaren berezko baliabideekin egingo dituzten inbertsioak zerrendatu zituen: Doktor Huitzi kaleko parke berria, kale eta espaloien berrikuntza, irisgarritasuna hobetzeko neurriak, hiri barruko zuhaitzen kimaketa berezia, Renfe-Adifeko etxola berritzea, etab. 
Pozik agertu zen alkatea aurkeztu zuen aurrekontu proposamenarekin, “ikuspegi sozialeko aurrekontua da. Aurreko urteetan egin bezala, Gizarte zerbitzuetako partidak handituz joan gara helburua herritarren ongizatea bermatzea baita. Urrats txikiak, baina garrantzitsuak dira”. Eta jarraian alor sozialean hartuko dituzten neurri berriak aipatu zituen: Argindarraz gain, gasa ordaindu ahal izateko laguntzak, mikrokreditoak, eskolaz kanpoko jarduerak egin ahal izateko beka sistema, etab.
Segidan, hitza eman zien gaineko Udal ordezkariei. 

Marijose Izagirre (EAJ-PNV): “EAJ-PNVk parte hartze zuzena izan du aurrekontuen lanketan, herrikideen behar handienak kontuan hartuz. Hori dela eta, alor sozialean lanketa berezia egin da. Bestalde, 2016an hasitako inbertsio planarekin jarraitzea nahi dugu”.

Olga Hernandez (Ganemos): “Gobernu taldeak proposaturikoarekin bat egingo dugu, izaera soziala duela nabarmentzen delako. Irabazi eta zinegotzi ez atxikiarekin batera elkarlanean proposamen ezberdinak egin ditugu, hala nola, Udal eraikinen berrikuntzarako partidak proposatuz edota parte hartzean eta gardentasunean konpromiso garrantzitsuak lortuz”.

Jorge Mourinho (Irabazi): “Bat gatoz proposamenarekin, eta hartutako konpromisoek garrantzia handia dute guretzat”.

Alvaro Gonzalez (Ez atxikia): “Adostasuna lortu duten alderdi guztiei zorionak eman nahi dizkiet, eta alor sozialean egindako proposamenak nabarmendu nahiko nituzke”.

Jon Zulueta (EH Bildu): “Aurrekontuen lanketan parte hartu dut eta Gobernu taldeko bozeramaile bezala guretzat egun garrantzitsua da. 2017ko erronkei aurre egiteko txanpa hartzeko baliagarria izateaz gain, 2016an egindako balorazio positiboa da. Aurrekontuei dagokionez, iaz abian jarritako dinamika eta aurten onarturikoa, balio handikoa da. Kuantitatiboki, aurrekontuak babes zabala lortu duelako. Eta kualitatiboki oso izaera ezberdineko alderdien babesa jaso duelako. 2017an dinamika hori indartuko dugu, aurrekontuaren garapena kontrolatzeko sistema ezarriz”.

Maider Lainez (PSE-EE): “Sentsazioa dugu 2016a urte perfektua izan dela, eta sentitzen dugu ukitu kritikoa ematen badiogu. Sozialistok ez dugu horrela ikusten. Eskatutako mailegua handi samarra izan da, eta iazko jardueran zehar argiak eta itzalak izan dira. Udalak, esaterako, alde bakarreko erabakiak hartu ditu hainbat herritarren ordezkariak kontuan hartu gabe. Lurrazpiko edukiontziak kendu dituzte, batzordeetan horri buruzko bozketa egin gabe. Zumea plazan bus geltokiak aldatu dituzte, eta horren berri email bidez izan genuen. Bi gai hauetan parte hartzerik ez da izan. Kudeaketa ez da ondo egin”.
Lehen txanda eta gero, Jon Zuluetak hitza hartu zuen Maider Lainezi erantzuteko: “2016an PSE-EEk agertu dituen kritikak horiek baldin badira, iazko jarduera orduan bikaina izan da. Bere garaian bi kasu horiei buruz luze eta zabal eztabaidatu genuen, eta beharrezko ziren erantzun guztiak eman ziren. Esan behar dudana da kexak entzun izan ditugula zuen aldetik, baina denbora honetan ez duzuela inolako proposamen zehatzik aurkeztu”.
Lainezek ere hitza hartu zuen bigarren aldiz. Egindako kritiketan sakondu zuen, “herritarren ordezkari garenez, hainbat gairen inguruan dauden desadostasunak adieraztea dagokigu”. 

Aurrekontuaren bozketa
13 alde | 4 aurka

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!